Azken boladan indar handia hartu du Internet bidez oinen argazkiak saltzeak. Badira gorputzeko atal horrekiko erakarpen sexuala duten pertsonak, hots, oinen fetitxismoa edo ‘podofilia’ dutenak. Urte honetan bertan, biderkatu dira horrelako argazkiak saltzen eta erosten dituzten pertsonak harremanetan jartzen dituzten plataformak. Horien artean, ezagunena ‘Feetfinder’ izenekoa da eta, antza denez, 700.000 erabiltzaile egiaztatu baino gehiago ditu. Imajina dezakezuen bezala, kasu honetan, erosle gehienak gizonezkoak dira eta saltzaile gehienak, berriz, emakumeak.
Aipatu plataforma horretan argazkiak oso prezio ezberdinetan saltzen eta erosten dira. Adibidez, merkeenak bost dolarren truke sal daitezke, baina badira 1000 dolarren truke ere saltzen direnak. Kasu horietan, saltzailea erosleak egindako eskaerara moldatu beharko da, hau da, argazkia eroslearen nahietara egokitu beharko da.
Adingabeak
Joera horren bat-bateko arrakasta sare sozialetan bilatu behar da. Sare sozial nagusietan fetitxismo mota hori nonahi aurki daiteke, bereziki, TikToken. Horrek arazo bat sor dezake, sare horietako erabiltzaile asko adingabeak direlako eta, hainbat kasutan, fetitxisten asmoak ez dira onak.
Fetitxismoa bezalako sexu-joerak minoritarioak diren arren, sarean agerikotasun handia izaten dute. Amazonek berak ‘podofiloei’ zuzendutako silikonazko oinak ditu salgai bere plataforman. Prezioak, hainbat kasutan, 1.000 eurotik gorakoak dira.