Pintxoak, ardoa, gastronomia, ondare kulturala eta ibilbide turistikoak dira Euskadira milioika turista erakartzen dituzten argudio nagusiak. Gainera, urtero bisitatzen gaituzten turisten kopuruak gora egiten du. Pasa den urtean, adibidez, 4,3 milioi bistari baino gehiago etorri ziren gurera eta horietatik guztietatik % 74,4 (3,2 milioi) aisialdi kontuengatik etorri ziren. Euskadira etortzen diren turistak modu orekatuan banatzen dira urteko aldi ezberdinetan, gero eta internazionalagoak dira, diru gehiago gastatzen dute eta polifazetikoak dira.
Hiri-, kosta- eta natura-inguruneak konbinatzen dituen oinetako erosoko turista bat da. Paseatzen duen turista bat da, museoekiko, monumentuekiko eta ondarearekiko interesa duena, eta herri pintoreskoetan zehar ibiltzen da eta naturguneak bisitatzen ditu. Turisten % 19 hiriko turismoagatik iristen da, % 17 gastronomiagatik eta ardoagatik, % 14 kultura eta ekitaldiengatik eta beste % 14 kostako paisaiengatik. Turismo mota horri, gainera, mesede egiten dio intereseko puntuen artean dauden distantzia laburrak eta Euskadin den eskaintza anitza.
Pandemia aurreko gastuarekin alderatuta, turistek % 10 gehiago gastatzen dute, 1,9 milioi euro inguru. Euskadi, gainera, helmuga turistiko erakargarria da, kalitatezkoa eta ondo estimatua. Turisten % 99,2k positiboki baloratzen dute beren bisita eta % 36k adierazi du iritsi aurretik zituen itxaropenak gainditu dituela.
Hauek dira ‘Ibiltur 2023. Euskadira aisia-arrazoiengatik etortzen diren turisten profila eta portaera’ txostenean jasotako datu esanguratsuetako batzuk. Ikerketak agerian uzten duenez, hiru dira turistak Euskadira etortzeko arrazoi nagusiak: hiriko turismoa (% 19,5), gastronomia eta ardoa (% 16,9) eta ibilbide turistikoak (% 15,0).
Bilbo eta Donostia dira turismo-helmuga nagusiak eta turisten % 28,4 eta % 25,5 erakartzen dute, hurrenez hurren. Euskal kostaldeak, Donostia kanpo utzita, bisitarien % 19,3 hartzen du, Gasteizek % 7,8, Arabar Errioxak % 2,1 eta, azkenik, EAEko barrualdeak % 16,9. Urdaibai, Getxo, Zumaia, Zarautz, Getaria eta Hondarribia dira bisitari asko erakartzen dituzten beste udalerri batzuk.
Nazioarteko turismoa urte osoan zehar
Ikerketak nabarmentzen duen joera handienetako bat nazioarteko turisten etorrera da. Turista atzerritarrak Euskadi bisitatzen duten pertsona guztien % 44,8 dira, eta merkatu nagusien artean Frantziatik etorritakoek hartzen dute garrantzi handiena (% 10,4).
Euskadi bisitatzen duten turisten % 55,2k Estatuko beste autonomia erkidegoetan dute jatorria (% 57 2019an). Horietatik guztietatik % 11 bertako turistatzat hartzen dira, hots Euskadin bizi diren turistak dira. Hortaz, % 44,3 Euskadi ez diren beste erkidegoetatik datoz eta, zentzu horretan, Madril nabarmentzen da (% 11).
Txostenak nabarmentzen duen beste joera nagusia desestazionalizazioa da. Hau da, Euskadiko aisialdiko turismoa urte osoan zehar banatzen da, bisitarien % 50,4 opor-data klasikoetatik kanpo dagoelarik. 2023ko datuen arabera, udak turisten % 34,3 erakarri zituen, ondoren Gabonak (% 6,5) eta Aste Santua (% 8,9) zeuden.
Batez beste, lau gau
Euskadi bisitatu zuten turisten batez besteko adina 49 urtekoa da. Bisitarien % 27 18-39 urte bitartekoa da eta % 26, berriz, 59 urtetik gorakoa. 54 urtetik gorakoen turismoa, senior bezala ezagutzen dena, aisialdiko turismoaren % 38,2 da gure artean. Familia turismoa, hots, adingabeekin bidaiatzen duten pertsonena, berriz, % 14,8koa da.
Bikoteko turismoa da nagusi (% 52), ondoren, seme-alabarik gabeko helduen taldea (% 25), familia turismoa (% 15,3) eta bakarrik bidaiatzen duten pertsonena (% 7,9) daude.
Egonaldiaren batez besteko iraupena 4 gau da. Turisten gehiengo handi batek hoteletan egiten du lo (% 82,8) eta, jarraian, kanpinak (% 8,1), landetxeak (% 4,5) eta apartamentu turistikoak (% 4,6) daude.
Autoa da Euskadira etortzen diren turisten % 62ren garraiobide nagusia. % 25,8k hegazkina erabiltzen du eta, zentzu horretan, Bilboko aireportua da ate nagusia (% 87,8).
Esperientzia gastronomikoa
Zalantzarik gabe, gastronomia, bere alderdi guztietan, turisten % 95aren jarduera gustukoena da. % 93k euskal gastronomiaz gozatzen du, % 56k kultura gastronomikoarekiko interesa du eta % 32k enoturismoa egiten du.
Ia turisten % 97k esan du jatetxeetan edo tabernetan otorduren bat edo afariren bat egin duela, eta % 95ek, zehazki, pintxoen tabernetan. Euskadi bisitatzen duten turisten % 27 autore sukaldaritzako jatetxeetara joaten dira eta % 15 zigilu gastronomikoa duten establezimenduetara.
Jatetxeetako arretaren eta zerbitzuaren kalitatea ondo baloratuta daude. Esperientzia gastronomikoa oso positiboa da turisten % 67,2rentzat eta % 39k dio aurretik zituen itxaropenak zabalki gainditu direla.
Gastronomiaz aparte, hiriko turismoko eta kultura-turismoko jarduerak nabarmen dira lurralde osoan; Euskadi bisitatzen duten turisten % 77k hirian egiten du turismoa, eta % 63,5ek kultur turismoko jarduerak egiten ditu.
Pintxoak eta askoz gehiago
Batez beste, Euskadi bisitatzen duten turistek zazpi jarduera egiten dituzte beren egonaldietan. Horien artean nabarmentzen dira, lehenik eta behin, pintxoak jatea eta, ondoren, udalerriak bisitatzea eta paseatzea.
Jarduera nagusiak honako hauek dira: kostaldeko herriak bisitatzea, hirigune historikoak bisitatzea, hondartzetako egonaldiak, eta museo eta parke naturalak esploratzea, hala nola Urdaibai Biosfera Erreserba, Añanako Gatz Harana eta Jaizkibel mendia. Ondare gune bisitatuenen artean Gaztelugatxeko San Juan eta Bizkaia Zubia daude.
Bilbora joaten diren turisten kasuan, jarduera nagusiak Zazpi Kaleak bisitatzea, eta Guggenheim Bilbao Museoa eta Bilboko Arte Ederretako Museoa bisitatzea dira. Donostiara joaten direnen artean jarduera nagusiak Alde Zaharra bisitatzea eta Kontxako hondartzara joatea dira. Bisitari asko jasotzen dituzten beste gune batzuk dira: Haizearen Orrazia, Artzain Onaren Katedrala, San Telmo Museoa eta Txillida Leku.
Alde Zaharra, Andre Maria Zuriaren plaza eta Santa Maria katedrala dira hiri helmuga nagusiak Gasteizen.
Hiru hiriburuez aparte, turistek gehien bisitatzen dituzten euskal udalerriak honako hauek dira: Zarautz, Hondarribia, Getaria, Zumaia eta Orio Gipuzkoan; Guardia, Bastida, Eltziego, Añana eta Arratzua-Ubarrundia Araban; eta; Bizkaian, Bermeo, Getxo, Portugalete, Gernika-Lumo, Lekeitio, Mundaka eta Plentzia.
612 euro turista bakoitzeko
Turismoak Euskadin izan duen eragin ekonomikoa 1.982 milioi eurokoa izan da 2023an, turista bakoitzeko 612,5 euroko batez besteko gastuarekin eta eguneko 166 euroko batez besteko gastuarekin. 2019arekin alderatuta, % 19ko igoera dago pertsonako gastuari dagokionez (512 euro 2019an) eta % 0,6koa pertsona eta eguneko gastuari dagokionez (165 euro 2019an).
Aurrekontuaren erdia baino gehiago (% 53) ostaturako eta mantenurako da eta, jarraian, garraiorako (% 25), jardueretarako (% 15,4) eta erosketetarako (% 5,9).
Jardueren artean gastu gehien eragiten dutenak honako hauek dira: jarduera gastronomikoak (% 86), jarduera kulturalak eta aisialdikoak (+% 40). Txangoengatiko gastuak ere nahiko orokorrak dira, eta neurri txikiagoan baina esanguratsuan, kirol-ikuskizunetan, kultura-ikuskizunetan, kirol-jardueretan eta wellness-ean egindako gastuak daude.
Turisten % 49k erosketak egiten ditu eta gastua, batez beste 61 eurokoa da, nagusiki, arropan, oinetakoetan, oroigarrietan eta produktu gastronomikoetan.
Ondo baloratutako helmuga
Turistek oso modu positiboan baloratzen dute Euskadin izandako esperientzia. Turisten % 99k Euskadi helmuga positibo edo oso positibotzat jotzen du. Helmugaren kalitateari dagokionez, % 98,7k positiboki baloratzen du eta jasotako arreta positibotzat jotzen dutenen kopurua % 98,4koa da.
Turisten % 36k dio Euskadira egindako bidaiak aurrez zituzten itxaropenak gainditu dituela. % 62k dio itxaropenak bete dituela eta % 1ek bakarrik dio bere itxaropenak ez direla bete. Gastronomiaren eta enologiaren eskaintza eta kalitatea dira, ingurunearekin batera, turistek gehien estimatzen dituzten alderdiak. Euskadi bisitatu duten turisten % 88k Euskadi gomendatuko luke helmuga turistiko gisa.
Balorazio okerrena lortu duten alderdiak honako hauek dira: klima (% 7,1), prezioak (% 6,2) eta aparkatzeko arazoak (% 3,4).