Pandemiak eragin negatiboa izan du euskal gazteriak duen gogobetetasun orokorraren mailan. Gazte gehienek bere egoera pertsonala modu positiboan baloratzen duten arren, euskal gazteriaren gogobetetasun orokorraren maila duela bost urte eta duela hamar erregistratutakoak baino baxuagoa da. Kontuan izan behar da 2012. urtean bizi izan zen krisi ekonomikoak milaka gazte utzi zituela langabezian eta oso egoera prekarioan. Horixe da, hain zuzen ere Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin kaleratzen duen ‘Euskadiko gazteak 2020/21’ txostenak utzi duen ondorio nagusia.
Gogobetetze mailaren beherakada ulergarria da inkestak pandemiaren seigarren olatuaren garaian egin zirelako eta sasoi horretan, oraindik ere, zenbait murrizketa indarrean zeudelako. Hala ere, gazteriaren gehiengoak bere egoera bere gurasoek euren adina zutenean bizi izan zuten egoera baino hobea dela diote.
Gazteen artean kezka gehien eragiten duten arazoak honako hauek dira: enplegua; genero berdintasuna eta matxismoa; eta, etorkizuna. Ondoren gazteak gehien kezkatzen dituzten arazoak osasuna eta ingurumena eta klima-aldaketa izango lirateke. Hirugarren maila batean, berriz, ekonomia, egoera ekonomiko orokorra eta politika aurkituko lirateke.
Txostena euskal gazteen egoera pertsonalari eta bizi diren gizarteari buruzko erradiografia nahiko zehatza da. Kezka nagusiak aurkezten ditu, hala nola enplegua eta emantzipazioa, politikan eta gizartean parte hartzeko dituzten moduak, sare sozialen erabilera, immigrazioari, genero-indarkeriari edo erlijioari buruzko iritziak, eta, jakina, pandemiak aisialdian izan duen eragina ere aztertzen du.
Pasa den urtearen urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoak 2.193.199 biztanle zituen. Horietatik guztietatik, 305.067 15 eta 29 urte bitarteko gazteak ziren: % 51 gizonak (156.394) eta % 48,7 emakumeak (148.673).
Ikasleak eta eleaniztunak
Euskal gazteriaren gehiengoa (% 63,7) ikaslea da. Kopuru horretatik, % 54,4 ikastera mugatzen da eta % 9,3k ikasteaz gain lana ere egiten du. 2011tik, ikastea okupazio nagusi duten gazteen ehunekoa hazten ari da; izan ere, 2020an, serieko balio handienera iritsi da.
Bestalde, gazte gehienak eleaniztunak direla azpimarratu behar da. Euskararen kasuan, hamar gaztetik zortzi ondo edo nahiko ondo moldatzen dira euskararen erabileran. Kopuru hori % 86,5era iristen da Gipuzkoan eta arinki baxuagoa da Bizkaian (% 77,4) eta Araban (% 75,8).
Ingelesaren ezagutza-mailak ere nabarmen egin du gora. 2020. urtean gazteen % 63k zioen ingelesez ondo moldatzen zela. Aurreko neurketekin alderatuta igoera handia da: % 29,9 2012an eta % 41,5 2016an. Gazteen ia erdiak (% 44,8) dio atzerrira joan dela noizbait ikastera edo bere hizkuntza maila hobetzera.
Enplegua eta dirua
15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 14,6 bakarrik bizi da beren eta bikotekidearen diru-sarreretatik. Kopuru horrek behera egin du 2008tik, orduan % 32,3ra iristen baitzen. Beraz, gehiengoa dira gurasoen edo familiakoen diru-sarreren zati batekin edo bakarrarekin bizi direnak (% 84,7).
Ikasle gehienek (% 66,5ek) hilean 300 euro baino gutxiago dituzte; aldiz, lan egiten ari diren horien artean gehienek (% 56,8k) 900 euro baino gehiago dituzte. Enplegua duten hiru gaztetik batek bakarrik du 1.200 euro baino gehiago hilean (% 34,0).
15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik hiruk lana dute lanbide nagusi. Gainera, % 9,3k, bere burua ikasle gisa definitzen duen arren, enpleguren bat du. Inkesta egin zenean % 38,5ek bakarrik zuen lana, baina Euskadiko gazteen % 61ek lan-esperientziaren bat du. Gazte gehienek (% 90,9) besteren kontura lan egiten dute, eta % 7,4 bakarrik dira norberaren konturako langileak. Enplegua duten pertsona guztien % 8,0 bekaduna da edo praktikaldiko kontratua du.
Enplegua duten gazteen % 65,3k 35 ordu edo gehiago egiten du lan astean, hau da, lanaldi osoan. Lan egiten dutenen herenak (% 33,3) lanaldi partzialean lan egiten du. Lanaldi partziala ohikoagoa da emakume gazteen artean (% 38,1 eta % 28,6, hurrenez hurren).
Gazteen % 9,7k dio lanean izan dela noizbait atzerrian eta % 11,4 atzerrira joan da praktikak egitera edo beka batekin ikerketa bat burutzera. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da gazteen erdia baino gehiago atzerrira bizitzera joateko prest dagoela. % 10 Europako herrialderen batera joango litzateke eta % 41,5 beste edozein herrialdetara. Gainera, % 12 prest egongo litzateke bizilekua Espainiako beste autonomia batera aldatzeko. Oro har, gazteen % 63,5 prest egongo litzateke Euskaditik kanpo emigratzeko, baldin eta lan interesgarri bat eskainiko baliote.
Txostenaren arabera, emakume gazteen artean sexuagatiko diskriminazioaren pertzepzioa handitu egin da. 2008an, emakumeen % 23,3k uste zuen lehiakide maskulino batek berak baino aukera gehiago izango zituela gizon izateagatik; 2020an % 33,6raino igo da.
Emantzipazioa
Gazteek diru sarrera gutxi dutenez gero, ez da harritzekoa emantzipazioa oso txikia izatea 30 urte bete baino lehen. EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienak jatorrizko familiarekin bizi dira, eta emantzipatzeko zailtasun nagusia etxebizitzaren garestitasuna da oraindik ere; hala adierazi dute inkestatuen % 74,7k.
Pandemiaren ondorioz, gazte asko itzuli dira etxera, eskola presentzialak, beste hiri batzuetan egiten ari ziren ikasketak, nazioarteko truke- edo lankidetza-programak eten zirelako, telelana handitzeagatik edo enplegua galtzeagatik. 2020an nabarmen handitu zen noizbait beren kontura bizi izan zirela zioten gazte emantzipatu gabeen kopurua (2017an emantzipatu gabeko pertsona guztien % 15,3 eta 2020an % 29,9).
Emantzipatuta bizi diren gazteen artean, berriz, erdia baino gehiago bere bikotekidearekin bizi da. Hala ere, azken hilabeteetan nabarmen hazi da bestelako pisu-kideekin etxea partekatzen duten gazteen kopurua.
Emantzipatuta daudenen % 55,4 bikotekidearekin bizi dira (eta seme-alabekin horiek izanez gero). Laurdenak (% 24,9) lagunekin edo pisu-kideekin bizi dira, eta % 15,4 bakarrik. Lankideekin etxebizitza partekatzen dutenen ehunekoa 2011. urteko % 13,8tik 2020. urteko % 24,9ra igaro da.
Alokairuan bizi diren gazte emantzipatuen ehunekoa gehiengoa da oraindik (% 56,1), baina nabarmen jaitsi da aurreko urteekin alderatuta (% 69,1 zen 2017an). Bestalde, bere jabetzako etxebizitza batean bizi diren pertsona gazteen kopurua 2017. urteko % 22,1etik 2020. urteko % 33,4ra igo da. Badira joera hori azaltzeko zenbait arrazoi: alokairuen garestitasuna, interes-tasa txikiak eta finantza-erakundeek hipoteka-maileguak eskaintzeko erraztasuna.
Parte-hartze soziala
Txostenean jasotzen denez, gazteen % 51,4k interes handia edo nahiko handia du politikan, 2000. urteaz geroztik izan den kopururik handiena da eta Euskadiko biztanleria osoak izan duena (% 36) baino handiagoa. Gazteen erdiak baino gehiagok (% 57,8) uste du gure gizarteak erreforma sakonak behar dituela. Ehuneko hori nabarmen handitu da, 2016. urtean % 42,8 baitzen.
Ziberaktibismoak gora egin du; 2020. urtean, gazteen % 38,3k eztabaida edo salaketa sozialen bat hasi edo sustatu zuen Internet edo WhatsApp bidez. Ehuneko hori 2016an erregistratutakoa (% 28,8) baino hamar puntu handiagoa da.
2021ean, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 43,9k elkarteren batean parte hartu zuen, eta % 11,5ek boluntariotza-lanak egin zituela adierazi du.
Boluntariotza-lanak egiten dituzten horien artean, jardun-eremu nagusia haur eta gazteekin lotutakoa da; izan ere, gaur egun boluntariotza-lanak egiten dituztenen % 39,0k arlo horretan egiten dute lan. Gainera, hamar gaztetik batek (% 10,2) dio noizbait atzerrian izan dela boluntariotzan, garapenerako lankidetzan edo auzolandegietan parte hartzen. Ehuneko hori duela lau urte erregistratutakoaren bikoitza da (% 4,6).
Internetek aisialdia aldatu du
Internetek, hein handi batean, euskal gazteen aisialdia eraldatu du. Horrela, gazteek beren aisialdian gehien egiten duten jarduera musika entzutea da; gazteen % 81,8k egunero egiten du. Jarraian, bideoak eta bideo-tutorialak ikustea dute gustuko. Kasu horretan, gazteen % 35,7k ikusten ditu horrelako edukiak egunero.
Eguneroko aisialdian gehien egiten den hirugarren jarduera, % 28,4k egiten duena, filmak edo telesailak ikustea da.
Esparru digitaletik kanpo, euskal gazteriaren laurden batek baino gehiagok (% 26,4) egunero kirola egiten duela azpimarratu behar da.
Gazteen % 17,8k dio egunero edo ia egunero irakurtzen duela, eta ehuneko berdin batek (% 17,8) egunero jokatzen du kontsolekin edo ordenagailuko edo mugikorreko jokoekin. Beste % 11,8k egunero argitaratzen ditu edukiak Interneten. Zentzu horretan, badirudi pandemiak eragin positiboa izan duela jarduera artistiko eta kulturaletan, batez ere ikus-entzunezko sorkuntzari dagokionez.
Euskadiko 15-29 urteko pertsonen % 76,8k arte- edo kultura-jardueraren bat egin du pandemia-aldian (2020/2021), eta 2016an, berriz, % 55,1ek. Igoera hori modu homogeneoan gertatu da, bai gizonetan, bai emakumeetan, bai adin-talde guztietan.
Euskadiko gazteek gehien egiten duten jarduera artistikoa edo kulturala argazkilaritza da (% 49,2k diote azken urtean argazkilaritza egin dutela), eta, ondoren, gehien egiten dituzten bestelako jarduerak bideoak edo ikus-entzunezko beste jarduera batzuk dira (% 32,8). Jarduera horiek, seguruenik, Instagram eta TikTok bezalako sare sozialen erabileran izan den gorakadarekin dute harremana, aipatu bi sare horiek argazkilaritzan eta bideogintzan oinarritzen baitira.
Jarduera artistiko eta kulturalen artean gazteek gehien egiten duten hirugarren jarduera margolaritza, marrazkigintza eta antzeko arte plastikoak dira (% 31,7). Ondoren, musika tresnaren bat jotzea azaltzen da jarduera mota horien sailkapenaren laugarren postuan (% 24,2).
Teknologiaren menpe
Pandemiarekin batera sare sozial guztien erabilerak gora egin du, Facebooken kasuan izan ezik. 2021ean hamar gaztetik zortzik egunero erabili zuten hiru sare sozial edo gehiago.
Berehalako mezularitzari dagokionez, gazteen % 100ek egunero erabiltzen du. Horrelako aplikazioez aparte, Instagram da gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala (% 82,2k egunero erabiltzen omen du) eta jarraian, oso gertu, YouTube aurkituko litzateke (% 81,8).
Spotifyk ere arrakasta handia du gazteen artean; % 71,2k ia egunero erabiltzen du. Gazteek ia egunero erabiltzen dituzten bestelako sare sozialak honako hauek dira: Twitter eta Facebook. Dena den, bi sare horiek joera kontrajarriak dituzte. Horrela, Twitter-ek igoera esanguratsua izan duen bitartean (% 17,1 2018an eta % 37,2 2021ean), Facebookek jaitsiera nabarmena izan du (% 32,8tik % 28,3ra epe berean).
Lana bilatzeko LinkedIn, Infojobs edo Indeed aplikazioek ere gorakada nabarmena izan dute (% 8,6tik % 27,9ra).
Gauza bera gertatzen da TikTok aplikazioarekin; pandemiari esker igoera handia izan du eta 2018ko % 0,8ko eguneroko erabileratik % 27,1eko erabilerara pasatu zen 2021ean. Antzeko kopuruetan (% 27,0) agertzen dira bideo-deiak taldean egiteko aplikazioak (Zoom, Meet, etab.).
Feministak, ekologistak, ateoak eta sexualki toleranteak
Euskal gazteriaren % 83,4k bere burua oso feministatzat edo nahiko feministatzat jotzen du; zehazki, emakumeen % 90,5ek eta gizonen % 76,8k. Era berean, gazteen erdiak baino gehiagok (% 58,4) dio mobilizazio feministaren batean, emakumearen egunekoan edo genero-indarkeriaren aurkako batean parte hartu dutela. Emakumeen kasuan ehuneko hori % 73,4 da, eta gizon gazteen artean, berriz, % 44,2.
Ekologismoa
Euskadiko lau gaztetik hiruk (% 76,9) dio oso edo nahiko ekologista dela. Hala ere, aurreko urtean mobilizazio ekologistaren batean, klimaren aldeko edo klima-aldaketaren kontrako mobilizazioren batean parte hartu duten gazteen kopurua % 29,3koa baino ez da.
Euskal gazteek kontsumo jasangarriarekiko duten konpromisoa nabarmen hazi da 2016. urteaz geroztik. 2021ean, gazteen % 41,8k kontsumo jasangarriko jardunbideak jarraitu zituen: etxeko zaborra banatu, poltsa edo orga propioa eraman erosketak egiteko, paketatutako produktuen kontsumoa murriztu, garraiobide publikoak erabili, uraren kontsumoa mugatu…
Adibidez, garraiobide publiko kolektiboaren erabilera ia 20 puntutan hazi da 2016. urteaz geroztik, % 39,8tik % 59,3ra. Bizikletaren erabilerak ere gora egin du epe berean, % 8,1etik % 23,8ra, hain zuzen ere.
Erlijioa
Sinesmenei dagokienez, 2020an, gazteen erdiak baino gehiagok (% 54,7k) ez-fededun edo ateotzat jotzen du bere burua. Talde horri gehitzen badizkiogu gaiak ez diela axola edo agnostikoak direla dioten gazteak (% 14,9), ikusten dugu Euskadiko hamar gaztetik zazpi (% 69,6) ez direla inolako erlijioren jarraitzaile. Fededunak ez diren edo erlijioak axola ez dien gazteen ehunekoak goranzko joera etengabea izan du azken 20 urteetan. Txanponaren beste aldean, katoliko praktikante direla (% 2,9) eta ez-praktikante direla (% 18,0) dioten gazteen ehunekoa serieko txikiena da.
Sexu-aniztasunaren aldeko iritziak oso zabalduta daude gazteen artean: gazteen % 97,7 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde daude, eta % 96,6 sexu-aldaketaren edo sexua berresleitzearen alde daude, hala egin nahi duten pertsonen kasuan.
Era berean, gazteen % 92,1 abortu libre eta borondatezkoaren alde daude.