Atseden hartzeko, energiak kargatzeko edo ezer ez egiteko une aproposa da. Oporrak dira eta askok urtean zehar zehaztasun osoz planifikatzen dituzte. Baina gaur egun normaltzat jotzen dugun hori ez da beti horrela izan. Izan ere, laneko atsedenaldiez gozatzea nahiko fenomeno berria da eta lan-eskubide horrek langileen borrokan eta oraindik munduko hainbat herrialdetara iritsi ez diren eskubideen lorpenean du jatorria.
Are gehiago, duela ez hainbeste asteburuak ere ez ziren existitzen. Oporrak izatea eta atseden izateko astean bi egun libre izatea, hein handi batean, Karl Marxi zor diogu. Filosofo eta politikari alemaniarrak XIX. mendean, lanetik gero eta emantzipatuago dagoen gizarterantz aurrera egiteko ideiak ezarri zituen. Bere ustez, “aberastasunaren neurria ez da lan-denbora, denbora librea baizik”.
Horrek ez du esan nahi marxismoaren aurretik oporrik ez zegoenik. Egon baziren, baina soilik pertsona aberatsentzat.
Oporrak historian zehar
Grekoak izan omen ziren lanean zein intelektualki hobeto aritzeko atsedenaldiak izatearen beharra antzeman zuten lehenak. Baina egun ezagutzen ditugun oporren kontzeptua erromatarren asmakizuna da. Izan ere, oporren asmatzailea Tarquinio Harroputza dugu. Kristo aurreko VI. mendean Erromak monarkia izateari utzi zion eta errepublika bihurtu zen. Lazio eskualdeko herrien batasuna sagaratzeko (Erroma buru zela) eta esklaboen estimua lortzeko, errege etruriar horrek, apirilean, esklaboei egun libre bat ematea erabaki zuen, denboraren poderioz lau bihurtuko zirenak. Baina Erromatar Inperioan, oporrak, klase dirudunentzako pribilegio bat ziren. Horretarako aukera zuten familiek, euren enperadoreak ohoratzen ziren hilabeteetan (uztaila Julio Zesarrengatik eta abuztua Cesar Augustorengatik), euren hiria utzi ohi zuten inperioko lurralde ugarietako batera joateko euren galtzada zainduen bidez. Helmuga gogokoenetako bat Hispania omen zen.
Erromesaldien garaia
Erromatar inperioaren gainbeheraren ondoren, batez ere Erdi Aroan, aisia eta atsedena bekatutzat jotzen ziren eta, ondorioz, oporrak desagertu ziren. Igandeak ere ez ziren jai egunak. Hainbat mendez, nobleek eta aberatsek erromesaldiak egin zituzten arrazoi erlijiosoengatik. Berez oporrak ez baziren ere, bidaia horiek leku berriak ezagutzeko aukera ematen zuten, bai euren herrialdean bertan, bai Erromara, Santiagora edo Jerusalemera joateko bidaietan.
XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendean zehar ohikoa bihurtu zen ekonomia oparoko gazteen artean beren formakuntza osatzeko atzerrira bidaiatzea. Bidaia horiek Europako tokirik ospetsuenak ezagutzeko aukera ematen zuten.
Bidaiatzeko moda
XVIII. mendean, errepideen eta, beraz, garraioaren hobekuntzak bidaiak erraztu zituen. Horri esker, Europako aristokraten artean modan jarri zen bidaiatzea. Askok mundu erdia zeharkatzeari ekin zioten, aberastasuna, abentura edo, besterik gabe, atsedena bilatzeko. Garai horretan, adibidez, bainuetxeen negozioa garatu zen. Klase aberatsenek instalazio horiek bisitatzen zituzten bainatzeko edo, osasuna hobetu eta gaixotasunak sendatu nahian, bertako ura edateko.
Hondartzan bainatzeko ohitura, berriz, XVIII. mendearen amaieran zabaldu zen. Hondartzara joateko arrazoiak bainuetxeetara joateko arrazoi berberak ziren: itsasoko uretan bainatzeak osasunerako ondorio positiboak zituela uste zen.
Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia de Montijok Miarritze aukeratu zuten udako egoitza bezala. Handik pertsona ospetsu handiak igaro ziren, hala nola, Otto von Bismarck, Victoria erregina, eta Isabel Bavariakoa, Austriako enperatriza eta Hungariako erregina.
Gurean, turismoaren gorakada XIX. mendean hasi zen. Garai horretan, Frantziako eta Espainiako aristokratak hasi ziren udako oporretarako egoitza finkatzen gure kostaldean, nagusiki, Donostian eta Miarritzen, Angleten eta Baionan. 1854an, Ipar Euskal Herriko kostaldera bisita egin ondoren, Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia de Montijok Miarritze bere udaldiaren (villégiature) egoitza bihurtzea erabaki zuten.
Hamar hilabete eskasetan, itsasargiaren ondoko harkaitzean eraikin dotore bat eraiki zen, “Villa Eugénie” izenez bataiatua, bere jabearen omenez. Gaur egun, eraikin hori Hôtel du Palais da. Horrela, Bigarren Inperioko udetan, jauregi horrek, erregetza, noblezia eta nazioarteko goi politikako kide ugariren bisitak jaso zituen. Eta Miarritzen ospea biderkatu zen. Bertatik igaro ziren garaiko aristokrazia eta politika munduko pertsona ospetsuak, hala nola, Otto von Bismarck, Victoria erregina, eta Isabel Bavariakoa, Austriako enperatriza eta Hungariako erregina, Sissi Enperatriz izenarekin ezaguna.
Pertsonaia horietako asko liluratuta geratuko dira leku horien edertasunarekin, eta askok oporrak errepikatuko dituzte hondartzez eta naturguneez gozatzeko. Horietako bat Otto von Bismark izan zen. 1862. urtean Kantzilerrak gutun bat idatzi zion bere emazteari eta bertan, hamabost urte gutxiago izanez gero, bertara bizitzera eramango zuela adierazten zion.
Karl Marxi esker gaur egun opor ordainduak eta astean bi egun libre ditugu. Izan ere, politikari eta filosofo alemaniarrak lanetik gero eta emantzipatuago zegoen gizarte baterantz aurrera egiteko ideiak ezarri zituen.
XIX. mendera arte, oporrek klase aberatsen pribilegioa izaten jarraitu zuten. Hori Industria Iraultzarekin batera aldatzen hasiko da. Industria Iraultzarekin eta ondoren izan ziren langile-klasearen aldarrikapenei esker lan- eta atseden-denborak lortu eta finkatu ziren. Horrez gain, trenbidearen garapenarekin batera hain aberatsak ez ziren klaseei bidaiatzeko aukera ere ireki zitzaien. Hala ere, bidaia horiek, kasu gehienetan, lan kontuengatik egiten ziren eta ez aisiagatik edo egun ezagutzen ditugun oporrengatik.
Henri Beyle eleberrigilea, Stendhal ezizenez ezagunagoa, turista neologismoa sartu zuen lehena izan zen 1883an Les Mémoires d ‘un touriste (Turista baten memoriak) argitaratu zuenean.
Ordaindutako lehen oporrak
Errusiako Iraultzaren ondoren, 1917an boterera igo zen Gobernua izango da oporrak langileen eskubide gisa aipatuko dituen lehena. Kasu horretan, soilik zenbait langileena. Izan ere, alderdiak langile batzuei soilik eskaintzen zien oporrak sari gisa beren leialtasun edo portaeragatik.
Antzeko zerbait ikusiko dugu zenbait urte beranduago Alemanian. Naziek oporrak trukerako txanpon gisa erabili zituzten enpresariek beren langileen mesedea irabaz zezaten.
Benetako lehen opor ordainduak Frantzian ezarri ziren sindikatuek eta Léon Blum buru zuen Fronte Popularraren gobernuaren arteko hitzarmenari esker. 1936. urtean, sozialistek eta komunistek osatutako Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituen eta hori ospatzeko, “greba alaiak” izenarekin ezagutuko ziren grebak antolatu ziren. Horietan langileek jai-giroan ospatu zuten ezkerreko alderdien garaipena.
Langileen errebindikazioen artean, gaur egun normaltzat jotzen ditugun asko aurkitzen ziren: 40 orduko lan-astea, sindikatuen ordezkaritzaren aintzatespena eta bi asteko opor ordainduak. Hiru milioi frantziarrek baino gehiagok bat egin zuten grebarekin eta herrialdea erabat geldiarazi zuten. Leon Blum Gobernuko presidente sozialistak langileak eta patronala negoziatzera deitu zituen eta negoziaketa horiek Matignongo akordioekin amaitu ziren. Akordio horiek Demokrazietan konpromiso-ahalmenaren paradigma izan ziren, aukera faxista eta komunisten arteko polarizazio politiko eta soziala saihesteko metodo gisa eta langileen lan-eskubideak orokortzeko abiapuntu gisa.
Matignongo akordioak 1936ko ekainaren 7an sinatu ziren eta uda horretan bertan, frantziar langileek historiako lehen opor ordainduak hartu ahal izan zituzten. Akordio horretan, gainera, 40 orduko lan-astea ere ezarri zen.
Frantziatik mundura
Ordaindutako oporrak (conges payés) bi astekoak izan ziren urte horretan eta, berehala, modernizazio prozesuan ziren beste hainbat herrialdek (Austria, Suedia, edo Finlandia, adibidez) neurri bera hartu eta langileentzako ordaindutako oporrak legez arautzen hasi ziren.
Erresuma Batuan, eta 20 urteko kanpaina luze baten ondoren, 1938an langileek urtean astebeteko ordaindutako oporrak izatea onartu zen.
Estatuari dagokionez, eta, beste gai batzuetan ez bezala, onartu behar da inguruko herrialde askori aurrea hartu ziela oporren kontuan. Izan ere, Espainian, oporrak pribilegio burges izateari utzi zioten XX. mendearen hasieran. 1918an, funtzionario publikoei (militarrak, maisu-maistrak edo merkataritza-marinelak) 15 opor-egun emateko lege bat onartu zen.
1931. urtean, II. Errepublikak Lan Kontratuaren Legea onartu zuen. Bertan jasotzen zenez, langile guztiek urtean astebeteko ordaindutako oporrak hartzeko eskubidea zuten. Gerra Zibila amaitu baino urtebete lehenago Franco diktadorearen gobernuak Lanaren Forua ezarri zuen. Bertan ordaindutako oporretarako eskubidea jasotzen zen, baina ez zen zenbateko iraupena izan behar zuten zehazten.
Egungo egoera
Hainbat urtez, langileen borroka langileen lan-baldintzak hobetzera bideratu da. Oporraldiaren iraupena luzatzea izan da gehien nabarmendu den eskakizunetako bat.
Ordaindutako oporren fenomenoa ez da mundu mailan orokortuko Bigarren Mundu Gerra amaitu arte. Horri esker, pasa den mendeko 60ko hamarkadan jendetza-turismoaren booma emango da.
Gaur egun, Frantziako eta Finlandiako langileak dira opor egun gehien dituztenak: 30 egun baliodun. Horien atzetik aurkitzen dira Erresuma Batua (28), Italia (26), Alemania (24) eta Holanda (24).
Estatuan, legez, 22 egun baliodun onartzen dira, langile autonomoen kasuan izan ezik. Haien kasuan opor egunak 0 dira.
Europan opor egun gutxien dituzten herrialdeak, 20 egun baliodunekin, honako hauek dira: Belgika, Grezia, Hungaria, Zipre, Irlanda, Lituania eta Mazedonia. Europatik at egoerak okerrera egiten du.
Japonian, langileek, beren lehen urtean, hamar eguneko oporraldia dute. Enpresa beran hamar urtez egotea lortzen duten horiek urtean 20 eguneko oporraldia izaten dute.
Txinak urtean bost egun bakarrik ematen dizkie langileei. Eta ia Hego Amerikako herrialde guztietan 15 egun dituzte. Ekuadorreko eta El Salvadorreko langileek 15 egun jarraian hartzen dituzte; Argentinan, berriz, 14 egun dira —jarraian ere bai—, eta 21 egun izan daitezke enpresan bost urte baino gehiago daramatenean, edo 28 egun, antzinatasuna hamarkada batekoa bada.
Kasurik bitxiena (nola ez) Estatu Batuetan aurki dezakegu. Bertako lan legedian ez dira ordaindutako oporrak aurreikusten eta, ondorioz, enpresak eta langileek indibidualki negoziatu behar izaten duten kontua da. Project:Time Off txostenean jasotako datuen arabera, 2017. urtetik 2018. urtera bitartean langileen erdiak baino gehiagok (% 52) ez zituen, arrazoi ezberdinengatik, oporrik hartu. Txostenean jasotzen denez, arrazoi nagusietako bat lana galtzeko beldurra omen da.