Unicefek argitaratu berri duen ‘Barómetro de Opinión de la Infancia y la Adolescencia 2023-2024’ txostenaren arabera, azken 12 hilabeteetan, hamar nerabetik lauk (% 41,1) osasun mentaleko arazo bat izan du edo izan duela uste du. Hala ere, talde horren barruan, erdiak baino gehiagok ez du laguntzarik eskatu eta heren batek ez du inorekin hitz egin arazo horien inguruan.
Txostena ‘La salud mental es cosa de niños, niñas y adolescentes’ izenburuarekin aurkeztu da eta Estatu osoko 168 hezkuntza-zentroko 13-18 urte bitarteko 4.740 adingaberi egindako inkestetan oinarritzen da. Bertan jasotzen denez, osasun mentaleko arazo baten aurrean laguntza ez eskatzeko arrazoi nagusiak honako hauek izango lirateke: arazo horiek isilpean mantendu nahi izatea (% 60) eta ikastetxeko langileengan konfiantza falta (% 55,9).
Laguntza eskatzen duten kasuetan, babes-sarea, nagusiki, lagunek osatzen dute (% 73,6) eta, jarraian, psikologia arloko profesionalek (% 60,8). Neurri txikiagoan, buruko arazoak dituzten adingabeek laguntza bilatzen dute ikastetxeetako profesionalengan (% 34) edo medikuntza edo psikiatriako profesionalengan (% 30). Heren batek, berriz, Interneten eta sare sozialetan bilatzen du laguntza.
Ez da laguntzarik eskatzen
Osasun mentaleko arazoren bat duten adingabeen erdiak baino gehiagok (% 51,4) ez du laguntzarik eskatzen. Horrelako arazoren bat duten adingabeen % 60k arazo horiek isilpean mantendu nahi dituela adierazten du eta hiru nerabetik bik diote ez dutela nahi beren gurasoek edo tutoreek arazo horien berri izatea.
Adingabe askoren ustez (% 56,2), horrelako arazo baten aurrean, egokiena denbora pasatzen uztea da. Antzeko kopuru batean (% 55,9), adingabeek diote ez dutela konfiantzarik ikastetxeetako langileengan horrelako arazoen inguruan hitz egiteko.
Unicefen txostenak azpimarratzen duenez, hamar adingabetik lauk uste dute beren osasun mentaleko arazoak ez direla garrantzitsuak, ez dakitela zer pasatzen zaien edo ez dakitela nora jo. Gainera, adingabe gehienek adierazten dutenez ez dute konfiantza handiegirik euren ikastetxearengan osasun mentaleko arazoen aurrean laguntza jasotzeko. Adingabeen % 40,5ek uste du bere ikastetxean, zehazki, tutoretza edo orientazio-profesionalen aldetik, laguntza jasotzeko aukerak oso urriak direla. Horretarako gehien ematen diren arrazoiak honako hauek dira: funtzio horiek betetzen dituzten pertsonenganako konfiantza falta (% 56,4); arazo hori sekretupean gordeko ez dutela pentsatzea (% 49,39); profesional horiek laguntza eskaintzeko beharrezkoa den formakuntzarik ez dutela pentsatzea (% 43,1) eta pertsona horiek bestelako funtzioak dituztela eta horrelako arazoei aurre egiteko denbora ez dutela pentsatzea (% 37,7).
Estigma txikiagoa
Lau adingabetik batek (% 25,8) osasun mentaleko arazoak dituzten horiek lotsa sentitzen dutela uste duten arren, hamarretik ia zortzik (% 78,5) diote osasun mentaleko profesional baten laguntza jasotzen ari den edo jaso duen bere adineko norbaiten laguna izango litzatekeela.
Oro har, adingabeen artean, horrelako egoeren inguruko iritzi negatiboak ez daude oso zabalduta. Inkestatutako nerabeen % 16,2k baino ez onartzen du ados edo guztiz ados dagoela osasun mentaleko arazoak dituzten bere adineko lagunek ez dutela gainerako ikaskideek bezain ondo jokatzen. % 14,9k dio nahiago duela bere kalean osasun mentalerako zentro bat ez egotea eta % 12,9ren ustez bere ingurunean horrelako zentro bat izateak segurtasun falta eragingo lioke.
Barometroaren atal batean inkestatutakoei laguntza behar duen lagun bati zein nolako laguntza eskainiko lioketen galdetzen zaie. Horren aurrean, gehien errepikatzen den erantzuna da laguntza eskatzera animatzea. Hamar adingabetik ia zortzik diote (% 76,8) beraiek laguntzeko prest daudela. Kasu horretan, kopuru hori nabarmen altuagoa da nesken artean (% 85,1) mutilen artean baino (% 68,8). Gehien aholkatzen diren beste aukerak dira familiari laguntza eskatzea (% 73,8), profesionalen laguntza eskatzea (% 67,9) edo lagunen laguntza eskatzea (% 59,6). Hamar nerabetik bakarrak iradokiko luke laguntza Interneten edo sare sozialetan bilatzea edo gomendatuko luke inori ez kontatzea zer gertatzen zaien.
Ongizatea eta osasun mentala
Bizitza ohitura osasungarriak eta konfiantzazko ingurune bat izateak ezinbestekoak dira, adingabe gehienen ustez, osasun mental egoki bat izateko. Inkestatuen hiru laurdenen ustez (% 74,9), ezinbestekoa da lo-ohitura egokiak izatea. Jarraian, jarduera fisikoa egitea (% 62,3) eta dieta orekatu bat jarraitzea (% 50,6) dira gehien aipatzen diren ohiturak.
Adingabeen maila sozioekonomikoa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta nerabe gehiagok uste dute dieta orekatuak eta jarduera fisikoak eragin positiboa dutela osasun mentalean eta ongizatean.
Kanpo faktoreen kasuan, inkestatutako adingabeek gehien aipatzen dituzten aldagaiak honako hauek dira: gurasoekin harreman ona izatea (% 82,6) eta gertuko pertsonen laguntza (% 82). Sarritan aipatzen den beste aldagai bat gustuko dituzten gauzak egiteko aukera izatea da (% 78,6). Txanponaren beste aldean, balorazio txikiena lortzen duen kanpo faktorea ikastetxearekiko gogobetetze-maila da (% 58,9). Osasun mentaleko arazoak arintzeko beste pertsona ezagun batekin hitz egitea mesedegarri izan daitekeenaren ideia zabalduago dago nesken artean (% 69,1) mutilen artean baino (% 58,5).
Maila sozioekonomiko ertaina duten adingabeen % 73k eta maila altua dutenen % 74,5ek uste dute lagunak izatea eta haiekin ateratzea oso mesedegarria dela osasun mentalerako. Maila sozioekonomiko baxuko adingabeen artean uste hori % 63,9raino jaisten da.
Faktore kaltegarriak
Autoestimuari eragiten dioten jazarpena edo ziberjazarpena bezalako faktoreak dira, adingabeen ustez, baina bereziki nesken artean, kaltegarrienak osasun mentalerako. Adingabeen ustez osasun mentalean eragin negatiboena duten aldagaiak dira: autoestimu baxua (% 67,9), alkohola eta bestelako drogak kontsumitzea (% 66,1), osasun fisikoko arazoak izatea (% 58,5) eta zailtasun ekonomikoak izatea (% 56,7). Soilik % 32,2k uste tu mugikorra edo Internet gehiegi erabiltzeak kalte egiten diola osasun mentalari.
Osasun mentalari kalte gehien egiten dieten aldagaien inguruan galdetzean badira aldeak nesken eta mutilen artean. Adibidez, autoestimuaren kasuan neskek garrantzi handiagoa ematen diote (% 77,8 eta % 58,6, hurrenez hurren). Antzeko egoeran aurkitzen dira orientazio edota identitate sexualaren inguruko zalantzak izatea (% 42,5 eta % 32,4) edo etorkizunarekiko ziurgabetasuna (% 46,2 eta % 38,8).
Esan bezala, kanpo faktoreen artean jazarpenaren biktima izatea da, % 80,1ekin, eta familiarekin arazoak izatea (% 77,1) gehien nabarmentzen direnak. Ostera, inkestatutako adingabeen % 13k bakarrik aipatzen dituzte ingurumenarekin edo klima-aldaketarekin harremana duten aldagaiak.
Sare sozialak vs errealitatea
Sare sozialen erabilera guztiz zabalduta dago nerabe eta gazteen artean. Inkestatutakoen % 98,5ek dio noizbait erabili izan dituela Instagram, Snapchat, TikTok, Twitch, Twitter/X, Wattpad, WhatsApp edo Youtube bezalako sareak edo plataformak.
Lau nerabetik hiruk (% 73,5) adierazi dute inoiz ez dutela kezkarik edo estresik sentitu osasun mentalaren inguruan jasotako informazio kopuruagatik. Are gehiago, % 70ek sare sozialak erabiltzen dituzte gai horren inguruan dituzten esperientzia eta iritziak adierazteko.
Hala eta guztiz ere, antzeko kopuru batean (% 68,1) nerabe askok ez dute online munduan bizitza perfektua eta arazorik gabea erakusteko beharrik sentitu, nahiz eta egia ez izan. Nesken % 34,3 eta sare sozialetan bizitza perfektuak erakusten dituzten eta osasun mental ona dutenaren itxura egiten duten profilekin alderatzen dira. Mutilen kasuan, kopuru hori nabarmen baxuagoa da (% 13,3).
Adingabeen talde handi batek (% 42,7) uste du sare sozialetan osasun mentalaren inguruko albisteak irakurtzea erabilgarria izan daitekeela eta, heren batek baino gehiagok (% 36,4) dio sare sozialetan bere osasun mentalerako erabilgarriak diren baliabideak aurkitu izan dituela sarean.
Txostenak agerian uzten duenez, osasun mentaleko arazoekin gertutasun handiagoa duten adingabeek hein handiagoan erabiltzen dituzte sare sozialak baliabide gisa. Horrela, lehen pertsonan osasun mentaleko arazoak izan dituzten horiek sare sozialak erabili izan ohi dituzte laguntza bilatzeko edo larritasun emozionaleko uneetan onespena lortzeko. Osasun mentaleko arazoak izan ez dituzten horiek, berriz, ez dute hainbeste jotzen sare sozialetara horrelako egoeratan.
Sare sozialetan osasun mentaleko arazoak garatzeko arriskua sare sozialaren baitan aldatzen da. Adibidez, adingabeen erdiak baino gehiagok uste dute Twitter/X (% 56,3), TikTok (% 55,4) eta Instagram (% 52,1) oso arriskutsuak izan daitezkeela. Twitch (% 47,5), Snapchat (% 42,%), WhatsApp (% 41) eta Youtube (41%) bezalako plataformetan, berriz, arriskuaren pertzepzioa baxuagoa da.
Azkenik, barometroaren ustez, adinean gora egin ahala nerabeek sarean izan daitezkeen arriskuak argiago ikusten dituzte, bereziki, Instagram, Twitter eta TikTok-en.
Argazkia: Yuri A | Shutterstock.com