Egun bizi dugun pandemiaren eta krisi ekonomikoaren ondorioz euskal gazteriaren itxaropenek behera egin dute. Txertaketa-prozesuak aurrera egin ahala pandemiaren ondorioak arinduko direla aintzat hartuta, etorkizunarekiko konfiantzak gora egingo duela espero dezakegu? Zure ustez noiz itzuli gintezke pandemia aurreko konfiantza-mailara?
Itxaropenek hobera egingo dute egoera ekonomikoa eta enplegua hobetzen direnean. Horretarako, txertaketa-prozesuak aurrera egiteaz gain, beharrezkoa izango da ekonomia suspertzea. Txertaketa-prozesuak, lehen fase batean, bizitza soziala berreskuratzen lagunduko du, kalera atera ahal izango dugu, harremanak izan, aisialdi planak egin… Hori guztia oso garrantzitsua da, baina itxaropena hobetzeko ezinbestekoa da suspertze ekonomikoa ematea eta horrek luzeago joko du.
Langile gazteen artean gero eta gehiago dira enplegua galtzeko edo beren lan-baldintzak okertzeko arriskua hautematen dutenak. Gainera, langabezian diren gazteen artean, datozen hamabi hilabeteetan, lana aurkitzeko itxaropenak ere behera egin du. Hala ere, lan bila derrigorrez atzerrira joan behar izango dutenen kopurua aurreko krisian baino baxuagoa da. Gazteek, pandemia kontrolatzen denean hazkunde ekonomikoko eta enplegua sortzeko egoerara itzuliko garela uste izatearen seinale da hori?
Ez dut uste horrela denik. Gazteek egoera hemen txarra dela ikusten dute, baina baita beste herrialdeetan ere. Gainera, egun bidaiatzeko diren mugek mugikortasun itxaropenetan ere eragiten dute.
Itxaropena hobetzeko ezinbestekoa da suspertze ekonomikoa ematea eta horrek luzeago joko du
2013. urtez geroztik erregistratu den mailarik baxuenean izan arren, euskal gazteriaren gogobetetze-maila, oraindik ere, nahiko maila onean aurkitzen da. Enpleguarekin eta ekonomiarekin harremana duten aldagaiez gain, zein faktore gehiagok eragiten dute gogobetetze-maila horretan?
Gazteentzat lagunekin, bikotekidearekin, ikaskideekin… dituzten harremanak oso garrantzitsuak dira eta beren sozializazio prozesuan oinarrizkoak dira. Itxiera perimetralek, ordutegi mugek, elkartu daitezkeen pertsonen kopuruan ezarritako mugek eta online eskolek gazteek harremanak izateko dituzten aukerak nabarmen mugatzen dituzte. Horrek guztiak beren gogo-aldartean eragiten du eta horrek, aldi berean, beren gogobetetze-mailan eta epe motzerako itxaropenetan.
Pandemia amaitzen denean norberaren gogobetetze-mailak edo indizeak hobera egingo duela espero daiteke?
Bai, hala da. Printzipioz horrela izan beharko luke. Pandemiak sortarazi dituen harremanetarako zailtasunak desagertzen direnean harremanak izateko aukerak zabaldu egingo dira, baita harreman sentimentalak eta sexualak ere. Horrek guztiak, noski, onurak ekarriko ditu. Lehen esan dudan bezala, suspertze ekonomikoa ez da hain azkarra izango, baina oso egoera okerretik abiatzen garenean, edozein hobekuntzak norberaren poztasun indizean modu positiboan eragin beharko luke.
Inkestaren emaitzetan islatzen denez, 24 eta 29 urte bitarteko gazteak dira etorkizunera begira eszeptikoen azaltzen direnak. Adin-tarte horretako gazteek aurreko hamarkadan bizi izan genuen krisia pairatu izanak eragina al du ikuspegi horretan?
Bai, posible da; baina ez hori bakarrik. Txostenean 15 eta 29 urte bitarteko gazteen iritziak jaso ditugu, baina jakin badakigu, kasu gehienetan, 15 eta 24 urte bitarteko gazteak ikasleak direla. Ikaslea zarenean bestelako kezkak dituzu. 25 urtetik gorako gazteak bizitzaren beste etapa batean daude; printzipioz, askok ikasketak amaitu dituzte eta beste erronka batzuei egin behar diete aurre: lana aurkitzea eta gurasoen etxetik alde egitea. Bi alderdi horietan zailtasun handiak dituzte eta, nolabait, pareta baten kontra egiten dute. Izan ere, egun gazteek dituzten arazorik larrienak enpleguaren kalitatetik eta horrek eragiten dituen emantzipaziorako zailtasunetatik datoz.
Aurrera Begira azterlanak 15 eta 29 urte bitarteko gazteak ditu ardatz. Ba al duzue 30 eta 35 urte bitarteko gazteen gogobetetze-mailaren inguruko daturik? Ba al da alderik?
Enpleguaren eta emantzipazioaren inguruan egin ditugun ikerketa ezberdinetan adin-tarte horren inguruko datuak bildu izan ditugu. Kasu horretan, eta 15 eta 29 urte bitarteko gazteekin alderatuta, azpimarratu behar da enpleguaren inguruko datuak nabarmen hobetzen direla. Horrela, 30 eta 35 urte bitarteko gazteen enplegu-tasa askoz altuagoa da eta horrek eragina du beste hainbat esparrutan. Soldatak altuagoak direnez gero, gazte horiek gurasoen etxetik alde egiteko aukera gehiago dituzte eta, ondorioz, emantzipazio-tasa ere hobea da.
Pandemia krisi baten gainean sortu den krisi bat bezala definitu genezake. Edozein krisitan, egoera kronifikatzen denean, jendea nekatzen hasten da eta itxaropenak ahuldu egiten dira.
Injuveren ‘Espainiako Gazteria 2020’ bezalako hainbat txostenek azaldu dutenez, gazteek bi krisi sakon pairatu behar izan dituzte oso denbora laburrean eta enpleguaren behin-behinekotasunak, soldata baxuek edo gain-kualifikazioak gazteen bizitza-autonomia oztopatzen dute. Egoera zuzentzen ez bada, gazteen artean atsekabea, frustrazioa eta haserrea nagusitu daitezkeela uste al duzu?
Bai, noski. Baina ez bakarrik gazteen artean. Kontuan izan behar dugu ia hamarkada oso bat eman dugula krisian. 2008. urtean hasi zen krisia oso sakona izan zen eta burua ateratzen hasi garenean, bat batean, beste krisi batean sartu gara. Hau da, lehenengo krisiaren ondorioak oraindik guztiz gainditu gabe genituenean krisi berri batean murgildu gara. Zentzu horretan, pandemia krisi baten gainean sortu den krisi bat bezala definitu genezake. Edozein krisitan, egoera kronifikatzen denean, jendea nekatzen hasten da eta itxaropenak ahuldu egiten dira. Enpleguaren kasuan, zoritxarrez, hainbat adierazlek (behin-behinekotasuna, soldata baxuak…) azaltzen digute egoera kronifikatzen ari dela. Zenbait arazo edo zailtasun estruktural bilakatzen ari direla dirudi eta horrek, noski, zuzeneko eragina du etorkizunera begirako itxaropenean.
Txostenean azaltzen denez, lan bila derrigorrez atzerrira joan behar izango dutela uste duten gazteen kopurua % 10ekoa da, aurreko krisian baino baxuagoa. Horrek, nolabait, azalduko luke gazteek krisi hau laster amaituko dela uste dutela?
Agian bai, baina funtsean, nik azpimarratuko nuke egun pairatzen ari garen krisi hau ez dela krisi lokal bat. Zentzu horretan, gazteek badakite, mugikortasunari dagokionez, orain ez dela momentua. Izan ere, atzerrira lan bila joan nahi izanez gero ere, zaila izango lukete bidaiatzeko aukera izatea. Ildo berean, derrigorrez emigratu beharraren inguruko galdera horretan lortutako baloreak ez dira inoiz oso altuak izan.
Kontuan izan behar da krisi honek, aurreko krisi ekonomikoek ez bezala, bizitzaren atal guztietan eragiten duela. Krisi ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, baina harreman sozialetan duten eragina, adibidez, ez da hain handia. Ostera, egun bizi dugun krisiak eremu publikoan zein pribatuan eragiten du.
2019. urtean, hots, pandemia aurretik, gazteen gaitasunen inguruko konfiantza indizea bere mailarik baxuenean aurkitzen zen. Zergatik? Gero eta gazteria indibidualistago baten aurrean al gaude?
Baliteke krisi garaian dena modu ezkorragoan ikustea. Kontuan izan behar dugu oso krisi handi batean sartuta gaudela, mundu osoari eragiten diona inoiz ikusi ez dugun moduan. Horren aurrean, norberak bere burua txiki ikustea normala da. Kontuan izan behar da krisi honek, aurreko krisi ekonomikoek ez bezala, bizitzaren atal guztietan eragiten duela. Krisi ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, baina harreman sozialetan duten eragina, adibidez, ez da hain handia. Ostera, egun bizi dugun krisiak eremu publikoan zein pribatuan eragiten du.
Hala ere, txostenean jaso duzuenez, prestakuntzari lotutako lana aurkitzeko itxaropenak, arinki bada ere, gora egin du. Nola azaldu daiteke datu hori?
Bai, hala da. Azken urteetan goi-mailako hezkuntza duten gero eta gazte gehiago daudela ikusi dugu. Ez dago guztiz garbi, baina, agian lan merkatuan sartzeko dituzten arazoak ikusita, gazteek formakuntza hobea izatearen beharra barneratu dute. Hainbeste urte ikasten eman ondoren, funtsezkoa da prestakuntzarekin bat datorren lana aurkitzeko itxaropena izatea depresioan ez erortzeko. Gainera, susperraldi ekonomikoak edonolako enplegua sortzea ekarriko duen konfiantza ere hor da; gauzak gaizki daudenean, hobera bakarrik egin dezaketela pentsatzen da.
Gazteek duten kezka nagusietako bat emantzipazioarena da. Zein nolako neurriak hartzen ari dira gazteen emantzipazioa sustatzeko?
Eusko Jaurlaritzak, adibidez, hainbat lerro ditu emantzipazioa laguntzeko. Batzuk aipatzearren, hor dira, adibidez, gazteek, beste zenbait kolektiboz gain, Etxebideren bidez eskura ditzaketen etxebizitza publikoen eskaintza edo diru-sarrerak osatzen lagun dezaketen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak bezalako dirulaguntzak. Bestalde, Gaztelagun laguntzen deialdia ere bada emantzipatu nahi duten gazteei alokairutik eratorritako gastuak ordaintzen laguntzeko. Bestalde, badira enplegua ardatz duten beste zenbait deialdi, hala nola, Lehen Aukera. Eta aldi berean, prestakuntza duala eta lan-praktikak bultzatzen ari dira, gazteak lan-merkatuan sar daitezen, ikasketak amaitu aurretik ere.