Pandemiak eragin negatiboa izan du euskal gazterian

Gazteen Euskal Behatokiak egin duen azterlan baten arabera, euskal gazteen poztasun-indizea eta etorkizunarekiko konfiantza-indizea azken 9 urteetako mailarik baxuenetan daude.

Covid-19aren pandemiak ondorioak izan ditu 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteengan. Urtero Gazteen Euskal Behatokiak argitaratzen duen  ‘Aurrera Begira’ txostenak agerian utzi duenez, Euskadin bizi diren gazteen poztasun-maila eta etorkizunarekiko itxaropen-maila jaitsi dira. 2019. urteko datuekin alderatuta, gazte gehienek beren egoerak okerrera egin duela uste dute.

Gogobetetze orokorraren beherakada global horretan lan-inguruneak eragin handia izan du. Izan ere, txostenean bertan azaltzen denez, enpleguak baliabide ekonomikoak eta egonkortasuna eskaintzen die gazteei. Horrela, azterlanean parte hartu duten gazteek azaldu dutenez, lana izateak egonkortasun ekonomikoaz gain egonkortasun emozionala ere eskaintzen du. Nolabait, lana egonkortasuna edo ongizatea lortzeko bide gisa ikusten da. 

Baina, aldi berean, gazteek argi utzi dute lana izatea ez dela nahikoa eta baldintzak ere garrantzitsuak direla adierazi dute. Zentzu horretan, eta txostenean jasotako erantzunek horrela islatzen dutenez, euskal gazteriak lan merkatuaren inguruan duen iritzia nahiko homogeneoa da. Oro har, gazteak kritiko azaltzen dira prekarietatearekin.

‘Aurrera begira’ ikerlana

Ikerketa honek azken hamarkadan aztertu izan du euskal gazteek oraina nola hautematen duten eta epe laburrean etorkizunerako dituzten itxaropenak zein diren. Argitaratu berri den azken ediziorako datuak pasa den urtearen amaieran jaso ziren Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gazteri egindako online inkesta baten bidez.

2021. urtean jasotako datuak serieari hasiera eman zioten 2013. urteko datuekin alderatzen badira, zortzi urteko tartean bizitako errealitateak oso desberdinak direla ikus daiteke. 2013. urtean langabezia-tasa handia erregistratu zen 2009. urtean hasitako krisi ekonomiko-finantzarioaren eraginez. Iaz, berriz, inkesta egin zen unean, Covid-19ak eragindako pandemiaren seigarren olatuak hainbat esparrutan eragiten zuen: enplegua, osasun mentala eta fisikoa, aisialdia, harremanak…

Krisi ekonomikoan baino asebetetze-maila baxuagoa

Azken bi neurketetan, hots, 2020. eta 2021. urtekoetan, norberaren poztasun indizean inoiz jaso diren emaitzarik baxuenak erregistratu dira, 100etik 74 eta 73 puntu, hurrenez hurren. Kopuru horiek 2013. urtean jasotakoak baino baxuagoak dira, krisi ekonomikoaren ondorioak agerikoak zirenean.

Indize horrek, 0 eta 100 puntu bitarteko eskala batean, gazteen beren egoera pertsonalarekin duten asebetetze-maila neurtzen du. Horretarako, hainbat alderdi aztertzen dira, hala nola, lan egoera edo lanarekiko aurreikuspenak, ikasketak eta formakuntza-maila, familia, aisialdia, lagunak, harreman sentimentalak eta sexualak, osasuna, itxura fisikoa, hilean duten dirua eta familiarekin edo norberaren kontura bizitzeko aukera.

Egungo egoeraren inguruan gazteek duten pertzepzioak ere bere mailarik baxuenak erregistratu ditu azken bi urteetan. 2020. urtean oso modu nabarmenean jaitsi zen, 6 puntu aurreko urtearekin alderatuta, 70 puntutik 64 puntura. 2021. urtean puntu bat gehiago galdu zuen, 63 punturaino, hain zuzen ere. Gainera, azpimarratzekoa da 25 eta 29 urte bitartekoen artean egungo egoeraren balorazio indizea 60 puntukoa besterik ez dela.

Etorkizunarekiko konfiantza indizea ere ez da positiboa. 2021. urtean serie osoan erregistratu den kopururik baxuena jaso zen, 100etik 61 puntu. Adierazle horrek hurrengo bost urteetan norberaren, gazteriaren eta Euskadiren egoerek izango duten bilakaerei inguruko aurreikuspenak neurtzen ditu. 

Enplegua

Lanean diren gazteek lana galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko antzematen duten arriskua (42) sei puntutan jaitsi da 2020. urtean jasotako datuarekin alderatuta. Indize horrek hobera egin badu ere, pandemia aurretik (2017-19) jasotako datuak baino baxuagoa da.

Langabezian diren gazteen kasuan, lana aurkitzeko aurreikuspena neurtzen duen indizeak bi puntu galdu ditu 2020. urtean jasotako datuarekin alderatuta. Langabezian den gazteriaren % 62k uste du lana aurkituko duela urtebeteko epearen barruan. Azken bi urteetan erregistratutako datuak 2019. urtean erregistratutako kopurutik oso urrun daude: urte horretan gazteriaren % 92k uste du lana aurkituko duela urtebeteko epearen barruan.

Bi urteko epean eman den 30 puntuko jaitsiera horrek argi uzten du pandemiak eragin negatiboa izan duela euskal gazterian, bereziki, lan bila diren gazteen aurreikuspenetan. 

Prestakuntzari lotutako lana aurkitzeko aurreikuspenari dagokionez, hamar ikasletik zazpik (% 74) ikasketak amaitzean beren prestakuntzarekin bat datorren enplegua aurkitzeko itxaropena dute. Kopuru hori, adibidez, 2017. urtean eta 2019. urtean erregistratutakoen antzekoa da, baina 2013. urtean  jasotakoa baino nabarmen altuagoa da (% 46).

2009. urteko krisi ekonomikoan ez bezala, derrigorrez emigratu beharraren aurreikuspenak seriean erregistratu den kopururik baxuena eman du. Gazteen % 8k bakarrik uste du etorkizunean atzerrira joan behar izango duela nahi gabe. Kopuru hori 2013. urtean jasotakoaren erdia da (% 16). Garai horretan, langabezia-tasa altuagoa zen eta gazte askok atzerrira joatea soluzio gisa ikusten zuten. 

Nabarmentzekoa da enpleguari buruzko adierazleak nabarmen hobetu direla 2013. urtean erregistratutakoekin alderatuta: 15 puntu jaitsi da enplegua galtzeko edo prekarizatzeko arriskuaren pertzepzioa langile gazteen artean, eta handitu egin dira enplegua aurkitzeko aukeren pertzepzioa, bai langabezian dauden pertsonen artean (8 puntu), bai ikasleen artean (28 puntu).

Beste alde batetik, atzerrira nahi gabe lanera joan beharko luketela uste zutenen ehunekoa erdira jaitsi da (% 16tik % 8ra, hain zuzen ere).

Emantzipazioa

Urtebeteko epean beren kontura bizi nahiko luketen eta hori egiterik izango ez dutela uste duten gazteen ehunekoa, alde batetik, eta emantzipatuta egonik gurasoen etxera itzuli beharko direla uste dutenena, bestetik, batera hartuta, ia ez da aldatu 2020tik (% 41) 2021era (% 42).

Zapuztutako emantzipazio aurreikuspena jasotzen duen adierazlean 2019. urtean erregistratutakoaren antzeko datua jaso da (% 40). Urte horretan serieko daturik onena erregistratu zen.

Ostera, gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizean 2013. urteaz geroztik jaso den daturik okerrena erregistratu da (64 puntu). Adierazle horretan gazteek zortzi gaitasunen inguruan duten iritzien balorazioa jasotzen da: lan-gaitasuna, ardura, formakuntza, parte-hartzea, ekintzailetza, idealismoa, autonomia eta elkartasuna.

Bizitzaren alderdien balantzea

Txostenean bizitzaren inguruko zenbait alderdi ere aztertzen dira. Balantze horrek erlazioan jartzen ditu, alde batetik, gazteek beren bizitzako hamar alderdiri ematen dieten garrantzia eta, bestetik, haiekin lortzen duten asebetetze-maila. Aztertzen diren hamar alderdiak honako hauek dira: lan egoera edo lanarekiko aurreikuspenak, ikasketak eta formakuntza-maila, familia, aisialdia, lagunak, harreman sentimentalak eta sexualak, osasuna, itxura fisikoa, hilean duten dirua eta familiarekin edo norberaren kontura bizitzeko aukera.

Gogobetetzearen eta garrantziaren arteko aldeak (gogobetetasuna ken garrantzia) zehazten du dagoen arraila, eta balantzea positiboa edo negatiboa den. Alderdi horien guztien balantzeak erakusten du, kasu guztietan, gogobetetasun-maila erreala oso urrun geratzen dela haren garrantziari lotutako mailara iristetik. Nolanahi ere, gazteek gabezia handiagoak dituzte ekonomia-, lan- eta aisia-arloetan. Defizit hori bereziki areagotzen da 24 eta 29 urte bitarteko emakumeen eta gazteen kasuan.