Covid-19aren pandemiak ondorioak izan ditu 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteengan. Urtero Gazteen Euskal Behatokiak argitaratzen duen ‘Aurrera Begira’ txostenak agerian utzi duenez, Euskadin bizi diren gazteen poztasun-maila eta etorkizunarekiko itxaropen-maila jaitsi dira. 2019. urteko datuekin alderatuta, gazte gehienek beren egoerak okerrera egin duela uste dute.
Ikerketa honek azken hamarkadan aztertu izan du euskal gazteek oraina nola hautematen duten eta epe laburrean etorkizunerako dituzten itxaropenak zein diren. Argitaratu berri den azken ediziorako datuak pasa den urtearen amaieran jaso ziren EAEn bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 4.356 gazteri egindako online inkesta baten bidez.
Poztasun-indizea
Txostenean agerian geratzen denez, 2020. eta 2021. urteetako euskal gazteen poztasun-indizeak serie osoan erregistratu diren baxuenak dira, 100 puntutik 74 eta 73 puntu, hurrenez hurren. Kopuru altuak izan arren, 2013. urtean erregistratutakoa baino baxuagoak dira, oraindik ere finantza-krisiaren ondorioak agerikoak zirenean.
Egungo egoeraren balorazioak ere nabarmen egin du behera. Jaitsiera agerikoa izan zen 2020. urtean, aurreko urtearekin alderatuta sei puntuko jaitsiera erregistratu baitzen (70 eta 64, hurrenez hurren). Pasa den urtean jasotako datuekin balorazio horrek beste puntu bat egin du behera (63).
Etorkizunera begira
Etorkizunarekiko konfiantza-indizeak ere behera egin du. Pasa den urtean jasotako datua inoiz jaso den daturik baxuena da (61 puntu). Adierazle horrek bost urteko epean norberaren, gazteriaren eta Euskadiren egoerek izango duten bilakaerari buruzko aurreikuspenak neurtzen ditu.
Bizi-alderdien balantzeari dagokionez, gazteek azaltzen dituzten gabezia handiagoak honako esparru hauetan azaltzen dira: ekonomia, enplegua eta aisialdia. Hiru kasu horietan asebetetze-maila alor horiei ematen zaien garrantzi-mailatik oso urrun geratzen da. Adibidez, lehen bi alor horiei dagokienez, lana galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko arriskua6 puntu jaitsi da 2020tik 2021era, % 48tik % 42ra, hain zuzen ere. Hala ere, 2021ean hautemandako arriskua pandemia aurreko urteetakoa (2017-2019 aldia) baino altuagoa da, nahiz eta 2013 eta 2015 bitartean izandako zifra negatiboetara ez iritsi. Langabezian diren gazteen artean, berriz, urtebeteko epearen barruan lana aurkitzeko itxaropena bi puntutan jaitsi da 2020. urtearekin alderatuta (% 62 eta % 64, hurrenez hurren). Adierazle honetan, adibidez, argi ikusten da pandemiak izan duen eragina; izan ere, 2019. urtean lana aurkitzeko itxaropena % 92koa zen, hots, 30 puntu altuagoa.
Prestakuntzarekin harreman duen lana aurkitzeari dagokionez, hamar gaztetik zazpik (% 74k) bere ikasketa-mailari dagokion lanpostu bat aurkitzea espero du. Kopuru hori 2017. eta 2019. urtean jasotako kopuruen antzekoa da, baina 2013. urtean erregistratutakoa baino nabarmen altuagoa (% 46).
Azkenik, gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizeak, elkarrizketatutako pertsonek euskal gazteriari zortzi ezaugarrietan (langilea, arduratsua, kualifikatua, parte-hartzailea, ekintzailea, idealista, autonomoa eta solidarioa izatea) ematen dioten batez besteko puntuazioa adierazten duenak, 2013tik hona izandako emaitzarik txarrena lortu du (64 puntu).