Pisukide proiektuak urtebete bete du

Gazte migratzaileen eta unibertsitateko ikasleen arteko bizikidetza sustatzen duen egitasmo honetan 13 gazte parte hartzen ari dira

Gazte migratzaileen integrazioa sustatzea helburu duen ostatze solidarioko Pisukide proiektuak urtebete bete du. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Peñaskal Kooperatibak sustatzen duten proiektu hau gazte migratzaileen eta UPV/EHUko ikasleen bizikidetzan oinarritzen da. Ikasturte honetan lau dira gazte migratzaileek eta ikasleek partekatzen dituzten pisuak, baina UPV/EHUko 60 ikaslek baino gehiagok eskatu dute programan parte hartzea.

Egoera zaurgarrian bizi diren pertsonen gizarteratzea sustatzen duen Peñaskal Kooperatibak kudeatzen ditu Bilboko Deustu, San Frantzisko eta Arabella auzoetan diren lau pisuak. Horietan 8 gazte migratzaile eta 5 ikasle bizi dira, hots, 13 gazte lau pisuetan banatuta.

Harrera ona

Esan bezala, Pisukide programak harrera ona izan du unibertsitarioen artean. Programan parte hartu ahal izateko ikasleek 35 urtetik beherakoak izan behar dute eta gradu bateko bigarren maila edo goragokoa ikasten edo graduondoko ikasketak egiten egon behar dute. Boluntario lanak egin dituzten horiei lehentasuna eman zaie. Programan parte hartzen duten ikasleek 100 euroko alokairua ordaindu behar dute hilero.

Pisukide proiektua, beste erakunde batzuekin elkarlanean, UPV/EHU egiten ari den beste proiektu batzuen antzekoa da. Funtsean, etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko aukera eskaintzen zaio ikasleriari, hainbat gizarte-ekintzatan laguntzearen truke. Horien artean aurkitzen da, adibidez, Bilboko Udalarekin batera garatzen den ‘Gazte solidarioak’ egitasmoa. Horren baitan, unibertsitateko ikasleei Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean etxe bat partekatzeko aukera eskaintzen zaie 55 euroren truke. Ordainetan, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo kalteberei laguntza emateko ekimenetan parte hartu behar dute etxebizitza horiek dauden auzoetan.

Prezio bera ordaintzen dute ‘Santurtziko gazte solidarioak’ programan parte hartzen duten ikasleek. Kasu honetan, unibertsitateko 6 ikasleri aukera ematen zaie pisua partekatzeko Mendialde auzoan.

Azkenik, Kuvu egitasmoak belaunaldiarteko bizikidetza sustatzen du. Kasu honetan, ikasleek alokairu merkea lortzen dute bakarrik bizi den adineko pertsona baten etxean. Ordainean ikasleek pertsona horiei konpainia egiteko konpromisoa hartzen dute.