Piztu META! deialdi berria

Kultura egitasmoen mikromezenasgo programari esker hiritarren 92 proiektu garatu dira

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Goteo Fundazioak abian jarri dute Piztu META! programaren VI. edizioa. Piztu META! kultura proiektuak mikromezenasgoaren edo crowfundingaren bidez finantzatzeko programa da. Horrela, Kultura Sailak egitasmo bakoitzak crowfundingaren bidez lortzen duen kopurua bikoizten du, betiere, 70.000 euroko mugarekin egitasmo bakoitzeko.

Programaren xedea da parte-hartzaileak erakartzea, donazioak sustatzea, hautatutako egitasmoak ezagutzera ematea eta parte-hartzea errazten duen giroa sortzea.

Faseak

Aurtengo edizioaren lehen fasea maiatzaren 4an hasi eta ekainaren 23ra arte luzatuko da. Egitasmoak goteo.org webgunearen bidez aurkeztu behar dira. Lehen fase horretan egitasmoak jasoko dira eta jasotzen diren horien guztien artean kanpainan parte hartuko duten horiek aukeratuko dira. Diru-bilketa kanpaina irailaren 29an hasiko da.

Gainera, maiatzaren 25etik ekainaren 8ra bitartean, crowfunding egitasmoak garatzeko zenbait tailer eskainiko dira. Uztailaren 13tik irailaren 28ra bitartean, berriz, hautatuak diren proiektuen egileek finantzaketa kolektiboaren inguruko formakuntza eta aholkularitza jasoko dute.

Pasa den urteko edizioan 36 egitasmo aurkeztu ziren eta horietatik 15 aukeratu ziren programan parte hartzeko. Hamalau proiektuk beharrezkoa zuten finantzazioa lortu zuten  eta hiritarren ekarpena 67.772 eurokoa izan zen. Guztira 1.222 pertsonak egin zuten ekarpen edo donazioren bat eta batez besteko donazioa 55 eurokoa izan zen.

Orain arte egin diren edizio guztiak aintzat hartuta, Piztu Meta! egitasmoak hiritarrek aurkeztutako 92 egitasmo finantzatu ditu eta horretarako Aldundiak 886.871 euro jarri ditu.