“Piztuta! Euskal kultur begirada”

Iruñeko Civivox sareak euskarazko ikuskizunak eta jarduerak eskainiko ditu maiatzaren 28ra arte luzatuko den ziklo berriaren barruan

Iruñeko Civivox sareak “Piztuta! Euskal kultur begirada” izeneko zikloa hartuko du datorren maiatzaren 28ra bitartean. Zehazki, programa Sanduzelain eta Juslarrotxan garatuko da eta euskal kulturaren alderdi ezberdinak ezagutzera gonbidatuko ditu bisitariak. Programa Civivox sareko beste zentroetara ere zabalduko da.

Programaren barruan garatuko diren ekintza guztiak euskaraz izango dira: kontzertuak, tailerrak, jokoak, ipuin kontalariak, antzerkian, txotxongiloak…

Programazioa

Maiatzaren 20an, ostirala, 19:30etan, Civivox San Jorge/Sanduzelaik Aura Teatro konpainiaren ‘Txala tap!’ ikuskizuna hartuko du. Bertan, klake dantzari batek txalapartako bi perkusio jotzailerekin bat egingo du errimoz eta mugimenduz beteriko ikuskizuna eskaintzeko.

Maiatzaren 27an, leku eta ordutegi berean, Tartean Teatro konpainiak eskainiko duen ‘Biba Vo! Darío Fo eta Franca Rame akorduan” antzezlana ikusi ahal izango da. Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreek pertsonaia ezberdinei bizia emango diete, batzuetan antzeztuz eta beste batzuetan italiar antzerkigile ezagunen testu aukeratu eta euskaratuak irakurriz.

Maiatzaren 21ean, Juslarrotxako Civivoxean, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Maitane Pérezek “Euskal mitologiako pertsonaiak” izeneko tailerra zuzenduko du. Bertan, jolasaren eta gorputz-adierazpenaren bidez, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek euskal mitologiako pertsonaiengana eta haien kondairetara hurbiltzeko aukera izango dute.

Maiatzaren 28an aurtengo edizioari amaiera emango zaio bi proposamen berriekin. Alde batetik, Juslarrotxako Civivoxean Hugun txalapartak ‘Joko Txukun’ tailerra eskainiko du. Bertan, oso modu ludikoan txalapartaren oinarrizko arauak azalduko dira. Tailerra goizeko 11etan izango da. Arratsaldeko 6etan, berriz, Civivox Sanduzelain ‘Erreka Mari’ izenburuko txotxongilo emanaldia izango da. 1971. urteaz geroztik txotxongilo emanaldiak euskaraz eskaintzen dituen Txotxongilo Taldeak bi txalapartarien laguntzarekin eskainiko du saioa.

Jarduera guztietarako sarrerak Iruñeko Udalaren Kultura sailaren webgunean eros daitezke.