Pobrezia arriskuan dauden haurrentzako hiri-udalekuak

2.400 adingabe baino gehiago parte hartzen ari dira Save the Childrenek uztailean Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen antolatutako gizarte- eta hezkuntza-jardueretan

Uztailaren 1etik 26ra bitartean, Euskadin pobrezia eta gizarte-bazterketa arrisku-egoeran dauden 2.400 haur baino gehiagok parte hartuko dute Save the Childrenek antolatutako hiri-udalekuetan. Udalekuak Barakaldon, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, eta adingabeei uda osasungarria eta hezigarria eskaintzea dute helburu, kirol-, aisialdi- eta kultura-jarduerekin.

Izan ere, eskolako udako oporrak erronka dira familia kaltebera askorentzat. Bizi-baldintzei buruzko Inkestaren arabera, haurrak dituzten Euskadiko etxeen % 22k ezin dute oporretara joan edo udalekuetan parte hartu. Save the Childrenen arabera, jarduera horien kostua haur bat hazteko urteko gastuaren % 20 izan daiteke. Hilean 1.930 euroko diru-sarrera duen lau kideko familia batentzat, horrek esan nahi du 500 euro inguru bideratu behar direla udalekuetara, eta kopuru hori oso garestia da askorentzat.

Save the Children Euskadiko zuzendari Charo Arranzek adierazi duenez, “muga ekonomikoak dituzten familia asko udalekuetako gastuak murrizten lehenak dira, eta horrek eragina du haurren ongizatean eta garapenean. Gainera, lana eta familia uztartzeari eragiten dio, lan-prekarietatearen zikloak betikotuz”. Eskolatu gabeko aldietan, telelanaren eta familiaren laguntza-sareen faltak egoera larriagotzen du familia kalteberenen kasuan, batez ere, guraso bakarreko familien kasuan eta zerbitzuen sektorean lan egiten dituztenen kasuan.

Udalekuak

Save the Childrenek udako hiri-udalekuak antolatu ditu pobrezia- eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden 3 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. Barakaldon, 380 adingabek parte hartuko dute Haur eta Nerabeentzako Baliabideen Zentroan (CRIA), Barakaldoko Udalarekin lankidetzan. Bilbora ere zabaldu dira jarduerak, Bakuva elkartearekin batera, eta Gasteizera, Gasteizko Udalaren laguntzarekin.

Antolatzaileek Euskadiko udalei eskatzen diete plazak eta laguntzak berma ditzatela aisialdiko, hezkuntza-errefortzuko, kiroleko eta hezkuntza-denbora libreko jardueretarako. Laguntza horiek ekipamendua eta garraioa estali behar dituzte, familia kalteberenek funtsezko zerbitzu horiek eskuratu ahal izatea bermatuz.

Aurten, Barakaldoko CRIAko udalekuek Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) txertatuko dituzte beren jardueretan, horiek bideo-joko bizi baten bidez landuko direlarik. Haurrek Garapen Jasangarriaren Helburuan oinarritzen diren jarduera desberdinak izango dituzte egunero. Save the Childrenen udako kanpaina “La Caixa” Fundazioarekin lankidetzan egiten da, CaixaProInfancia programaren barruan, eta Barakaldoko eta Gasteizko udalen babesa du.