Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek kanpaina bateratua sinatu berri dute, gazteei sexu-hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz ohartarazteko.
“Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da” lelopean, pornografiak gazteengan izan dezakeen eragin negatiboari buruzko datu batzuk nabarmentzen ditu kanpainak. Esate baterako, eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa azaltzen du; pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da; eta, nerabeen % 33,4k uste du pornoak eragin handia duela bere sexu-harremanetan.
Kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo da telebistan, irratietan, off line eta online hedabideetan, kaleko euskarrietan eta sare sozialetan, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta.
Erakundeek mezu bakarra helarazi diote gizarteari, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoaren irudia erakutsiz.
Emakumeen aurkako indarkeria
Teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak, eragin du pornografia masiboki hedatzea gure gizartean, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza itzelarekin, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin. Arazoa, sexu-eszenak eskuratzea baino gehiago, emakumeen aurkako indarkeriaren eduki handia da.
Erakundeek ohartarazi dutenez, pornografia indarkeriaren eskola bihurtzen ari da, gazteek harremanetan egin behar dutenari buruzko argibide-liburu moduko bat. Pornografia hori imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen diren, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den, eta botere-harremanekin ordezkatzen den. Gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina betiere gizonezkoen gozamenaren eskura.
Horregatik, gizarte osoari dei egin diote, gazteek sexua indarkeriarekin eta umiliazioarekin lotu ez dezaten, eta indarkeria erotizatzea eragozteko, sexu-erasoen sorburua delako.