Kutxa Fundazioak datorren urtean Gipuzkoan garatuko diren egitasmo kulturalak eta sozialak laguntzeko dirulaguntza deialdia egin du. Irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako deialdi honen xedea da gizarteratzean, ongizate komunitarioan, jasangarritasunean eta herritarren ahalduntzean laguntzen duten egitasmoak babestea, betiere, herrialde zuzenago, sortzaileago eta jasangarriago bat eraikitzeko xedearekin.
2030 Agenda eta GJHak
Deialdiak bat egiten du 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) eta arreta berezia eskainiko die pobrezia murriztea eta talde zaurgarrienak laguntzea helburu duten proiektuei. Era berean, lehentasuna emango zaie bakardadea ekiditea eta belaunaldiarteko harremanak sustatzea ardatz dituzten zahartze aktiboko ekimenei.
Ingurumen-hezkuntzara eta klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratutako egitasmoek ere lehentasuna izango dute.
Aztarna ekosoziala
‘Konpromisoa bultzatuz’ lelopean garatzen den Kutxa Fundazioaren Aztarna Soziala programa da deialdi honen esparrua. Ekintza-ildo horren bitartez, erakundeak indartu egiten du GJHekiko konpromisoa, 2030erako Nazioarteko Agendarekiko inplikazio kolektiboa aktibatuz eta lankidetza sustatuz erronka globalei heltzeko, hala nola klima-aldaketari eta biodibertsitatearen babesari.
Laguntzek egitasmo bakoitzaren aurrekontuaren % 75 arteko estaldura eskainiko dute, betiere, 20.000 euroko mugarekin norbanakoen egitasmoen kasuan eta 50.000 euroko mugarekin Gipuzkoako ehun soziala sendotzen duten lankidetza-ekimenen kasuan.
Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira Kutxa Fundazioaren webgunearen bidez. Bertan aurki daitezke deialdiaren oinarriak ere.