Gailu mugikorren garapenari esker bi zutabe nagusi dituen Interneten erabilera eredu bat garatu da: banakotasuna eta pribatutasuna. Eredu horri esker, nolabait, eduki pornografikoen kontsumoak nabarmen egin du gora. Zein nolako eragina izan du eragin horrek gure gizartean?
Egia da gaur egun inoiz baino pornografia gehiago kontsumitzen dela. Interneten eta gailu mugikorren garapenarekin batera orain arte aurrekaririk izan ez duen egoera batera iritsi gara. Horrela, eduki erotikoen borondatezko kontsumo batetik nahi gabeko kontsumo batera pasatu gara. Hau da, zenbait kasutan horrelako edukiak aurki ditzakegu sarean horiek bilatu gabe. Gaur egun eskaintza pornografikoa mugagabea da, doakoa. Eta hori ere gauza berria da, orain arte eman ez dena. Gainera, eguneko 24 orduetan eskuragarri dago, baldintza bakar batekin: Interneterako sarbidea izatea.
Eduki erotikoen borondatezko kontsumo batetik nahi gabeko kontsumo batera pasatu gara. Hau da, zenbait kasutan horrelako edukiak aurki ditzakegu sarean horiek bilatu gabe.
Horrek guztiak, noski, hainbat ondorio eragin ditu. Lehenik eta behin, iruditeria kolektibo berri bat eraikitzen ari garela azpimarratuko nuke. Eta iruditeria kolektibo berri horretan eduki erotiko eta pornografikoek garrantzi handiegia dute. Kontuan izan behar dugu kalitatezko sexu-hezkuntza sarbidea ez duten pertsona horientzat guztientzat, eta ez bakarrik gazteentzat, pornografia ‘jarraibideen liburua’ bilakatu dela, imitatu beharreko eredu bat. Izan ere, oso garbi izan behar dugu eduki horietan agertzen dena ez dela benetakoa; fikzioa dela. Bestalde, mainstream pornografiak emakumeekiko jarrera oldarkorrak normalizatu ditu eta samurtasunarekin eta erromantizismoarekin zerikusia duen guztia debaluatu egiten da. Ondorioz, jende askok uste du horrelako ezaugarriek ez dutela harremanik benetako sexuarekin.
Txarra al da pornografia kontsumitzea?
Printzipioz ezetz esango nuke, baina azaldu dudan moduan, betiere garbi badugu zer ikusten ari garen. Pornoan ikusten dugun hori ez da benetakoa eta garbi izan behar dugu, zientzia-fikzioa dela. Argi badugu martetarren pelikula bat ikusten ari garela, ez dut uste horrelako kontsumoek aparteko arazorik eragin dezaketenik. Arazoa hasten da mutil gazte bat bere burua pornografiaren martetarrekin alderatzen hasten denean, emakumeak gizonek emakumeak pornoan tratatzen dituzten bezala tratatzen hasten denean, edo neska batek uste duenean emakumeek pornoan jasan behar izaten dutena jasan behar duela. Zoritxarrez, pornografia kontsumitzen duten pertsona askok uste dute eduki horietan benetako harremanak islatzen direla.
Azterlan ezberdinek agerian utzi dutenez gazteak gero eta lehenago hasten dira horrelako edukiak kontsumitzen. Zerk bultzatzen ditu gazte horiek, hainbat kasutan haurrak, horrelako edukiak kontsumitzera?
Mota horretako edukiak kontsumitzen hasteko batez besteko adina 12 urtekoa da. Hala ere, azterlan batzuen arabera, zenbait gazte 7 urterekin hasten dira pornoa kontsumitzen. Hau da, haien dimentsio erotikoa eraiki baino lehen pornografia kontsumitzen hasten diren adingabeez hitz egiten ari gara. Noski, horrelako kasuetan desdoiketa askoz ere nabariagoa da.
Pornoan ikusten dugun hori ez da benetakoa eta garbi izan behar dugu, zientzia-fikzioa dela.
Horrelako edukiak kontsumitzen hasteko motibazioak askotarikoak izan daitezke. Gainera, kontuan izan behar dugu hainbat kasutan haur edo nerabe horiek nahi gabe iristen direla horrelako edukietara: webguneetan izan daitezkeen bannerrak, horrelako edukiak partekatzen dituzten lagunak…
Eduki pornografikoak borondatez kontsumitzen dituzten horien artean motibazio nagusia jakin-mina izaten da. Baina ikaskuntza bezala ere egiten dute.
Horrelako kontsumo goiztiarrak mutiletan bakarrik ematen dira ahal nesketan ere horrelakorik antzeman da?
Egia da pornografiaren kontsumo nagusia gizonezkoena dela, eta, oro har, eduki gehienek talde hori dute helburu. Dena den, gero eta emakume gehiagok kontsumitzen dituzte horrelako edukiak. Emakumeek egiten duten pornografiaren kontsumoak gorakada nabarmena izan du pandemia garaian. Gainera, zenbait kasutan, ikuspegi feminista batetik, eduki pornografikoen kontsumoak emakumeak ahaldundu egiten dituela uste dute emakume batzuek.
Zein nolako ondorioak ditu gazteenen artean pornografiaren kontsumoak?
Esan dudan bezala, ez badugu argi ikusten ari garen hori fikzioa dela, eta gure harremanetan eduki pornografikoetan ikusten duguna imitatzen saiatzen bagara, frustrazioa eta antsietatea azalduko dira. Gorputzek, denborek… ez dute zerikusirik errealitatearekin. Pornografian erakusten den horrek ez du inolako loturarik errealitatearekin eta lortzen oso zaila den eredua aurkezten du. Gure espektatibak premisa horren arabera eraikitzen badira, seguruenik gure sexu-harremanak ez dira gogobetegarriak izango. Gainera, pornografiak gure nahiak bigarren maila batean geratzen diren dinamika batean murgiltzen gaitu. Gure desirak betetzea baino, badirudi zenbait eginkizun betetzera behartzen gaituela. Gainera, behar horietan rolak oso markatuta daude, hala nola, gizonezkoen genitalen protagonismoa.
Pornografian erakusten den horrek ez du inolako loturarik errealitatearekin eta lortzen oso zaila den eredua aurkezten du. Gure espektatibak premisa horren arabera eraikitzen badira, seguruenik gure sexu-harremanak ez dira gogobetegarriak izango.
Eta hori guztia gutxi balitz, indarkeriazko hainbat jarrera ere normalitzatzen dira: iletik tira egitea, plastadak…
Ba al da zuzeneko harremana pornografiaren kontsumoaren artean eta, adibidez, sexting-a edo ziber-sexua bezalako fenomenoen artean?
Ezin dut erantzun zehatz bat eman. Garbi dago gure gizartearen ‘pornografizazio’ fenomeno baten aurrean gaudela. Inoiz baino pornografia gehiago kontsumitzen dugu, baina, aldi berean, inoiz baino eduki pornografiko gehiago sortzen ditugu. Hor dugu, adibidez, OnlyFans fenomenoa, non horrelako edukiak monetizatzen diren.
“Pertsonen dimentsio erotikoa aintzat hartzen ez dugun neurrian, pornografiak pertsonen arteko harreman erotikoen ibilbide-orria markatzen jarraituko du”.
Nire ustez horrelako edukiek sortzen duten arazo nagusietako bat azpian den mezuak eragiten du. Izan ere, pornografiak ez ditu adostasunezko istorioak kontatzen, eta sarritan ulertzera ematen da ezen, nahiz eta emakumeak ezetz esan, nahikoa dela berriz saiatzea baietz esateko. Eta oraindik ere ezetz esaten badu, orduan behartu ahal dugu, orduan bai baietz esaten amaituko duelako.
Orain arte esan duzun guztia aintzat hartuta, zuzentzea oso zaila den joera baten aurrean gaude. Zeintzuk dira, zure ustez, eman beharko liratekeen urratsak?
Argi izan behar dugu helburua ez dela pornoa ikusteari uztea lortzea. Abolizioa ere ez dut uste irtenbidea denik; itsasoari ateak jartzea litzateke. Hezkuntza-kontrapisu asko behar dira hainbeste pornografiari aurre egiteko.
Nire ustez pertsonen dimentsio erotikoa landu behar da eta haien desirei balorea eman. Pertsonei haien desirak ezagutzen laguntzen diegun neurrian, pornografiak eragin ez hain kaltegarri bat izango du. Baina horretarako, esan dudan bezala, hezkuntza-kontrapisuak behar dira. Historikoki, sexu-hezkuntza arriskuen prebentzioan oinarritu da ia erabat: STGak, planifikatu gabeko haurdunaldiak… Premiazkoaz arduratzeak ez digu garrantzitsua denari heltzeko aukerarik ematen eta ez dugu sexu-hezkuntza integrala eskaintzen. Arriskuen prebentzioa izenak dioena da; sexu-hezkuntza arriskuetatik haratago doan zerbait da. Pertsonen dimentsio erotikoa aintzat hartzen ez dugun neurrian, pornografiak pertsonen arteko harreman erotikoen ibilbide-orria markatzen jarraituko du.