Rosa María Trinidad: “Trafiko arauak apurtzen dutenekin zorrotzago jokatu beharko litzateke”

Rosa María Trinidad Stop Accidentes erakundearen ordezkaria da Euskal Autonomia Erkidegoan. Semea kotxe batek harrapatua galdu zuen eta, orain, auto istripuen biktimen eskubideen alde lan egiten du. Rosa Maríak justiziak kasu hauek nola tratatzen dituen salatzen du eta trafiko arauak hausten dituztenentzat zigor zorrotzagoak eskatzen ditu.

Zein da Stop Accidentesek egiten duen lana?

Gure erakundearen lana bi zutabeetan oinarritzen da. Alde batetik, gure xedeetako bat gizartea bide-segurtasunaren inguruan kontzientziatzea eta hezitzea da. Bestalde, erreibindikazio zutabe bat ere lantzen dugu. Horrela, gure erakundeak, besteak beste, kode penalaren eraldaketa eskatzen du, izan ere, trafiko istripu baten biktimak nahiko babesgabe aurkitzen gara, epeak direla eta… Kontuan izan behar dugu, gidari batek beste pertsona bat hiltzen badu bi urteko gartzela zigorra besterik ez duela jasotzen eta sarritan, ez duela ezta gartzelara joan behar.

Azken urteetan errepideetan izandako hildakoen kopurua nabarmenki jaitsi da, baina oraindik ere nahikoa altua da. Jendeak ez al du errepideak suposatzen duen arriskua aintzat hartzen?

Jendeak trafiko istripuak berari tokatuko ez zaion zerbait bezala ikusten jarraitzen du. Norberari tokatu arte ez zara horren inguruan kezkatzen. Pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, eta kopuruak hobeak direla esan arren, kontuan hartu behar da hildakoak ez direla murrizten, batuz baitoaz. Tristeena, agian, errepidean ematen diren hainbat heriotza ekidin zitekeela jakitea da. Erakunde publikoetatik egindako kontzientziazio kanpainek bere eragina izan dute eta gero eta jende gehiago da errepideak duen arriskuaz ohartzen dena, baina era berean, oraindik ere asko dira arauak alde batera utzi eta mehatxu izaten jarraitzen dutenak.

Zeintzuk dira zuk ordezkatzen duzun erakundetik istripu edo hildakoen kopurua murrizteko proposatzen dituzuen neurriak?

Gure ustez zorrotzago jokatu behar da arauak apurtzen dutenekin eta arau-hausteren bat egiten dutenek zigor handiagoak jaso beharko lituzkete. Gehiegizko abiadura gainditzeagatik ezartzen diren zigorrak minimoak dira eta, gure ustez, gogorragoak izan beharko lukete. Badirudi jendeari benetan kezkatzen zaiona diru kontuak direla gida baimenaren puntu sistemarekin ikusi ahal izan dugun bezala. Kontuan hartu behar da, istripu gehienetan abiadura eta alkohola direla garrantzi handien duten faktoreak eta, beraz, horien inguruko arauak hausten dituztenek gogor zigortuak izan beharko lukete.

Trafiko istripu bat jasan duzuenok, bai lehen pertsonan bai senide baten bitartez, justiziaren paperaz kexu zarete. Zergatik?

Trafiko istripuren baten biktima izan garenok ez dugu tratu zuzena jasotzen justiziaren aldetik. Sarritan, pertsona bat errepidean hiltzen denean, eta heriotza horren erruduna nor den garbi dagoenean, pertsona horrek falta-epaiketa bat izaten du. Hildako bat tartean egonik falta-epaiketa bat izatea lotsagarria da. Zorionez, hori ere aldatzen ari da eta gero eta gehiago dira bestelako epaiketa motara bideratzen diren kasuak. Azkenean, epailearen borondatearen esku geratzen gara eta, sarritan, bihozberatasun gehiago faltan botatzen da. Hainbat kasutan, bizitzaren balioa ez dela behar bezala kontuan hartzen ikusi dugu.

Gazteria eta auto istripuak sarritan lotuta ikusi ditugu. Gazteak al dira istripu gehien izaten dituztenak?

Baieztapen hori ez da guztiz zuzena. Egia da, oraindik ere, gazteek izaten dituzten istripu kopurua altua izaten jarraitzen duela, baina badira bestelako adinetan istripu gehiago dituztenak, adibidez 35-50 urte bitartekoak. Seguruenik, zenbat eta helduago orduan eta ohitura okerragoak gidatzerakoan, eta hori, istripuetan ere islatzen da. Gazteen artean aldaketa nabaria eman da, beste sektoreetan baino nabariagoa. Orain, hainbat gazte taldeetan ikusten da gidatu behar duenak ez duela alkoholik edaten, trafiko arauak hausten dituena ez da begi onez ikusten…

Komunikabideek ba al dute zer esanik errepide istripuen gai horretan?

Istripu batean senideren bat galdu dutenek, batzuetan, komunikabideetan min handia ematen duten gauzak ikusi behar izan dituzte. Zenbait hedabidetan titularra besterik ez da bilatzen, eta ez dira konturatzen istripu horren atzean pertsonak badirela. Nire ustez, objektibotasunak eta zehaztasunak nagusi izan beharko lukete istripuen berri ematerakoan. Horrela, komenigarria litzateke istripu batean izan diren bi aldeen iritzia edo esan beharrekoak jasotzea, alde bakarrekoa jasota objektibotasuna galtzen delako.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.