San Telmo Museoaren 120. urteurrena

Donostiako museoaren egungo egoitza 1932an inauguratu zen, aurretik beste bi egoitzatik igaro ondoren.

1902. urteko urriaren 5ean, hots, duela 120 urte, gaur egun San Telmo Museoa den Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa inauguratu zen. Urteurren esanguratsu hori ospatzeko Donostiako museoak hainbat ekintza antolatu ditu urrian zehar. Urriaren 5ean, adibidez, ate irekien eguna izango da efemeride hori ahalik eta pertsona gehienekin ospatu ahal izateko.

Gainera, hil osoan zehar doako bista gidatuak eskainiko dira. Bisita horiek astearteetan, larunbatetan eta igandeetan izango dira. Horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik museoaren webgunean izena ematea. Bisitak euskaraz (astearteetan eta igandeetan 12:00etan eta 18:30etan larunbatetan) eta gazteleraz (astearteetan eta igandeetan 18:30etan eta 12:00etan larunbatetan).

Urria osoan zehar museoak kanpaina bat egingo du museoa gizarteari hurbiltzeko eta ahalik eta pertsona gehien museoaren parte izateko helburuarekin. 

Historia

Sociedad Económica Vascongada de Amigos del País elkarteak proposatuta, 1900. urtean sortu zen museoa. Aurreko urteetan hainbat erakusketa antolatu ziren hirien eta horiek izan zuten arrakasta ikusirik aipatu elkarteak Udalari museo bat eraikitzeko proposamena luzatu zion.

Hasiera batean museoak oso aurrekontu txikia izan zuen eta, ondorioz, bertan biltzen ziren lanak ez ziren balio handikoak. Horri buelta emateko, orduko alkate Sebastian Machimbarrenak deialdi bat egin zien hiriko biztanleei eta, horri esker, museoaren aurrekontua nabarmen haztea lortu zen.

Aurrekontu handiago horri esker, azkenean, 1902ko urriaren 5ean Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa inauguratu zen. Museo horren egoitza Andia eta Garibai kaleen izkinan zegoen. Hilabeteak aurrera egin ahala, eta hiriko zenbait partikularren ekarpenei esker, museoak erosketa berriak egin ahal izan zituen. Artelanen kopurua haztearekin batera, lehen egoitza hori txikia geratu zen eta Udalak egoitza berria bilatu behar izan zuen. Egoitza hori Urdaneta kalean Arte eta Lanbide Eskola, Udal Liburutegia eta museoa hartzeko espresuki eraikitako eraikina izan zen. 1911. urtean museoak bere bigarren egoitza estreinatu zuen.

Baina bigarren egoitza hori ere txiki geratu zen eta Udalak eraikin berri bat bilatu behar izan zuen. Aldaketa 1932. urtean egingo da eta Udalak jada erosita zuen San Telmoko komentu domingotarren eraikinera eraman zen museoa. Gaur egun San Telmo Museoaren egoitza den horren inaugurazioa 1932. urteko irailaren 3an izan zen.