Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak atzerrian den euskal komunitateko kideak, nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrak eta euskal gaiekin kidetasuna duten pertsonak biltzea helburu duen Basque Global Network (BGN) izeneko sare soziala aurkeztu du. Ekimen hau abian jartzea Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020-Basque Country Estrategian jasota dago. Duela gutxi abian jarri den arren sareak jada 20 herrialde desberdinetako 200 kide baino gehiago ditu.
Aurkezpen ekitaldian Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo izan ziren.
Marian Elorzak azaldu duenez, “Euskaditik kanpora bizi diren euskal herritarrak, edo euskal gaiekin zerikusia dutenak, oso profil ezberdinetakoak dira. Kanpoko euskal komunitatean, besteak beste, ekonomiaren, kulturaren, erakundeen edo hezkuntzaren arloan diharduten pertsonak daude, eta elkarrekin partekatzen duten ideia Euskadi da”. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren buruak azaldu duenez Basque Global Network sareak planetako edozein tokitatik Euskadiko gaurkotasunarekin lotzeko aukera emango du, “sareko kide guztien arteko harremanak ahalbidetuko dituen erreminta bat delako”.
[pullquote]BGN sareak bost atal desberdin ditu: instituzionala, enpresariala, kulturala, hezkuntzakoa eta garapenerako lankidetzakoa [/pullquote]
Printzipioz, sare berria jatorriz euskaldunak diren eta Euskaditik kanpora bizi diren pertsonei; nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrei; euskal etxeekin lotura duten pertsonei; nazioarteko beste euskal sare birtual batzuetako kideei; eta euskal gaiekin kidetasuna duten pertsonei zuzenduta dago.
Plataforma berriaren hizkuntzak euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa izango dira, baina ez da beste hizkuntza batzuk erabiltzeko mugarik izango.