Euskarabideak antolatzen duen ‘Sarean Euskaraz’ jardunaldiak 1.400 gazte baino gehiago elkartu ditu Baluarte Jauregian euskararen eta IKTen inguruan. Aurtengoa egitasmo honen zortzigarren edizioa da eta orain arte izan den ediziorik jendetsuena izan da. Aurreko zazpi edizioak kontuan hartuta, 8.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute jardunaldi hauetan.
Bi egunetan zehar, Baluartera gerturatu diren Iruñerriko 12 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleek ingurune digitalean euskaraz murgiltzeko aukera izan dute. Horretarako askotariko programazioa prestatu da. Gazteak hiru txandatan eta beste hainbeste aretotan banatu dira. Horietako bakoitzean lantegi ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute.
Programazioa
Hiru dira programazioaren barruan antolatutako jarduerak hartzeko antolatu diren guneak edo aretoak. Adibidez, Ikas izeneko aretoan gazteek profesional edo elkarteek kudeatutako tailerretan parte hartzeko aukera izan dute. Guztira, zortzi tailer eskaini dira areto horretan:
- ‘Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak’ (Dj Makala)
- ‘Bideo mappinga; proiekzioak objektuen geometrietara doitu’ (Elurmaluta)
- ‘Appinventor. Android telefonoetarako app-ak sortzeko oinarrizko ezagutza’ (Talaios)
- ‘Errealitate birtuala’ (Protomakers)
- ‘Arduino; hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak’ (Protomakers)
- ‘3D inprimagailuak’ (Protomakers)
- ‘Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago’ (Oier Fuentes)
- ‘Gamer gela’ (Game Erauntsia)
Bigarren aretoan, Era izenekoa, ikasleek bi hitzaldi entzuteko aukera izan dute. Lehenengoan, Maider Likonak sarean pribatutasunak duen garrantzia azaldu die ikasleei. Bigarrenean, berriz, Ane Ortiz sexologoak ‘Harremanak 3.0: like bat eman’ izenburuko hitzaldia eskaini du.
Azkenik, Jolas aretoan, ikasleek euskarazko IKTen inguruko esperientzia ludikoa bizitzeko aukera izan dute. Adibidez, ‘Break Out’ jokoan taldeka aritu dira eta giltzarrapo ezberdinekin itxitako kutxa bat zabaltzea lortu behar izan dute erlojuaren kontra (Xare). Beste jarduera arrakastatsu bat Codesyntax-ek antolatutako ‘Egunean Behin’ jokoaren zuzeneko partida izan da.
Aurten, gainera, berritasun gisa, Ibil Bedi taldeko Amets Arangurenek eta Ibai Osinagak txanda arteko zuzeneko musika-emanaldiak eskaini dituzte.
‘Sarean euskaraz’ ikastetxeetan eta landa-eremuan
Sarean Euskaraz egitasmoaren aurtengo edizioa ez da Baluarten egin den jardunaldi bikoitzera mugatuko. Horrela, hurrengo asteetan egitasmoa Iruñerritik kanpoko zenbait ikastetxetara zabalduko da, beste 500 ikasleengana iritsiz. Zentzu horretan, programak ahalegin berezia egin du herri txikietara ere iristeko. Zehazki, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza, Tafalla eta Lekarozko sei institututan hartuko dute programaren lantegi bat edo gehiago.
Bestalde, Nafarroako gazte guztiei zerbitzu bera eskaintzeko asmoz, egitasmoaren barruan 15 tailer antolatu dira 14 udalerritan. Horietako bi jada egin dira, bata Tuteran urriaren 2an eta bestea Erronkarin, urriaren 11n. Egiteke diren tailerren egutegia honako hau da:
- Arbizu. Urriak 19. Pribatutasuna sarean.
- Bera. Urriak 19. Argazkilaritza mugikorrarekin.
- Otsagabia. Urriak 24. Podcast.
- Barañain. Urriak 24. Gamer Gela.
- Burlata. Urriak 25. 3D inprimagailuak.
- Gares. Urriak 26. Youtuber.
- Atarrabia. Urriak 26. Arduino-robotika.
- Antsoain. Azaroak 6. Pribatutasuna sarean.
- Iruñea. Azaroak 7. Gamer gela.
- Tafalla. Azaroak 8. Argazkilaritza mugikorrarekin.
- Uharte. Azaroak 9. Arduino-robotika.
- Altsasu. Azaroak 11. 3D inprimagailuak.
- Iruñea. Azaroak 14. Argazkilaritza mugikorrarekin.