Psikologo eta psikiatren esanetan, sexu aldaerak edo parafiliak ohikoak ez diren jarrera sexualetatik desbideratzen diren horiek dira. Normalean, kasu horietan guztietan, fantasia, objektu edota ez-ohiko jarrerak beharrezkoak izaten dira kitzikapen sexuala lortzeko. Ohikoa zer den zehaztea zaila da, are gehiago sexuan. Horregatik, ‘ohikoak’ ez diren jarrera guztiak ez dira aldaeratzat hartzen. Orokorrean, bi aldaera mota desberdin bereizten dira. Lehenengoa transexualismoa dugu eta bigarrena, berriz, nortasun sexualaren gabeziak lirateke. Azken horren barruan, besteak beste, voyeurismoa, sadismoa, masokismoa edota fetitxismoa aurkituko lirateke.
Transexualismoa
Transexualismoa edo transexualitatea nortasun sexuala anatomia sexualarekin bat ez datorrenean ematen da. Horrela, emakume transexuala gizon baten anatomiarekin jaiotzen dena litzateke, eta ostera, gizon transexuala emakume baten anatomiarekin. Kasu horietan, anatomia eta sexualitate psikologikoaren arteko kontraesana ematen da. Zenbait kasutan, hori zuzentzeko sexu-organoetan ebakuntza egiten da. Puntu honetan, pertsona transexual eta trabestien arteko bereizketa azaldu behar da. Trabestia kontrako sexuko arropekin janzten den pertsona litzateke eta transexualak, esan bezala, kontrako sexuaren parte sentitzen diren pertsonak lirateke. Erdibidean, bada transgenero delakoa; kasu horietan, pertsona horiek bere gorputzan eraldaketa txikiak egiten dituzte kontrako sexuaren antza izateko, baina sexu-organoak eraldatu gabe.
Sexu nortasunaren gabeziak
- Voyeurismoa: voyeurismoa edo begirazaletasuna beste pertsonak biluzik edo sexu harremanetan ikusteko irrikazko portaera da. Aldaera hori duten pertsonek sexu kitzikapena lortzen dute portaera horri esker, askotan masturbazioaren laguntzaz. Voyeurismoak era askotako aldaerak ditu: hondartzetan biluzik dauden pertsonak ikustea, kotxeetan koitoan ari diren bikoteen zelatan egotea… Hainbat herritan vouyerismoa delitutzat jotzen da.
- Sadismoa: Sadismoa norberak beste pertsona bati eragindako oinazearen edota apalkuntzaren bitartez kitzikapen sexuala lortzea bilatzen duen sexu aldaera da. Sarritan masokismoarekin ere erlazionatu da eta hortik dator sadomasokismo hitza.
- Masokismoa: Masokismoa beste pertsona batek norberari eragindako oinazearen edota apalkuntzaren bitartez kitzikapen sexuala lortzea bilatzen duen parafilia da.
- Fetixismoa: Fetitxistek objektuekin edota sexuarekin harremana ez duten gorputz atalekin kitzikapen sexuala lortzen dituzten pertsonak dira. Fetixismoa objetu materialenganako debozioa da, objektu hauek, nolabait, fetix bilakatu direlako. Aldaera honek, hein handi batean, sinismen erlijiosoei lotuta dago, kasu hauetan ere, zenbait objektuei nolabaiteko botere magiko edo ahalmen bereziak ematen zaizkielako. Fetix ohikoenak janzteko arropak izaten dira: kuleroak, bularretakoak, galtzontziloak, eskularruak, galtzerdiak edota zapatak.