Sexu-erasorik gabeko jaien aldeko kanpaina Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak jai parekideak, askeak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak sustatzeko kanpaina bat jarri du martxan

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat hasi du udako jai-inguruetan eta aisialdian sexu-erasoak prebenitzeko. “#VigilandesDeLaJaia. Honelako jaietarako aliatuen bila gabiltza: berdintasunezkoak, libreak, alaiak errespetuzkoak, dibertigarriak” lelopean, erreskate-torpedo baten itxura duen objektu erraldoi batekin apaindutako ibilgailu batek Bizkaiko hondartzak, jaiak eta kontzertuak bisitatuko ditu. Ekitaldi horietan kanpainari buruzko informazio-materiala banatuko da.

Ekimen honen helburua da gizarte osoa inplikatzea, gazteengan arreta berezia jarriz, jai seguruak eta errespetuzkoak sustatzeko. Gainera, gizonei dei egiten zaie indarkeriazko eta jazarpeneko jarrerak arbuiatzeko aliatu gisa jardun dezaten, eta sexu-erasoen aurkako gaitzespen-manifestazioetan aktiboki parte har dezaten.

Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuen arabera, 2023an sexu-askatasunaren aurkako 325 biktimizazio erregistratu ziren, hau da, 2022an baino % 18,61 gehiago. 2021etik 2022ra bitartean % 22,32ko igoera izan da, eta horrek esan nahi du azken bi urteetan % 45,08ko igoera izan dela, 2021ean 224 kasu izatetik 2023an 325 izatera igaro baita.

Halaber, biktimizazioen % 64,61 ostiral, larunbat edo igandean gertatu ziren, eta % 30,15 gaueko hamarretatik goizaldeko ordu biak bitartean. Erasotzaileen adinari dagokionez, erasotzaile gehienek 30 eta 49 urte bitartean dituzte (% 42,85), eta biktima gehienak 21 urtetik beherakoak dira (% 55,93). Gainera, biktimen % 42,81 eta erasotzaileen % 12,08 adingabeak ziren.