Sexu gehiago Bizkaian eta desleialtasun gehiago Nafarroan

Diversual akademia erotikoak egindako inkesta baten arabera, pertsona gehienak 17 eta 20 urte bitartean hasten dira sexu-harreman osoak izaten

Bizkaiak du, Hego Euskal Herriko lurraldeen artean, sexu-harreman tasarik altuena: batez beste, 7,86 aldiz hilean. Arabak tasarik baxuena du (6,10) eta tartean Gipuzkoa (7,22) eta Nafarroa (6,95) daude.

Horiek dira, hain zuzen ere, Diversual.com akademia erotikoak Espainian diren ohitura sexualen inguruan egin duen ikerketak emandako datuak. Ikerketa Estatu osoko 5.300 pertsonari egindako inkestetan oinarritzen da. Inkestaren arabera, Estatuan maiztasun handiena duen probintzia Cadiz da (9,64). Palentzia da, berriz, maiztasun txikiena duena (6,0).

Nafarroa da, alde handiarekin, adarrak gehien jartzen dituen Hego Euskal Herriko lurraldea; nafarren % 38,24, batez beste, desleiala izan da. Jarraian, Gipuzkoa (28,57), Bizkaia (28,13) eta Araba (27,78) daude. Estatu mailan Tarragona da (39,77) desleialtasun-tasarik handiena duen lurraldea eta, kasu honetan ere, Palentziak du tasarik baxuena (16,67).

Ikerlanaren arabera, Estatuko biztanle gehienak 17-20 urte bitartean hasi dira sexu-harreman osoak izaten. Horrela adierazi dute, behintzat, gizonen % 59,84k eta emakumeen % 57,3k. 16 urte bete aurretik sexu-harreman osoak izan dituztela diote gizonen % 21,39k eta emakumeen % 28,79k. 

Pornografiaren kontsumoa

Inkestan parte hartu duten pertsonek, batez beste, hilean 6 egunetan kontsumitzen dute pornografia. Kontsumo hori altuagoa da gizonen artean (10,21 egun/hilean) eta, bereziki, 18 eta 24 urte bitarteko gizon gazteen artean (12,47 egun/hilean).

Pornografiaren kontsumoa emakumeen artean askoz baxuagoa da: 2,77 egun/hilean. Kasu honetan ere 18 eta 24 urte bitarteko emakumeak lirateke porno gehien kontsumitzen dituztenak: 3,25 egun/hilean.

Pornografia ikusten hasteko batez besteko adina, ikerketa honen arabera, 15,04 urtekoa da. Kasu honetan ere aldeak nabarmenak dira: mutil gazteak 13,69 urterekin hasten dira eta emakume gazteak, aldiz, 16,13 urterekin.

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, pornografiaren kontsumorik altuena duen lurraldea nafarroa da: 6,66 egun/hilean. Bizkaian kontsumoa 5,85 egunetakoa da eta Araban eta Gipuzkoan gutxigatik gainditzen da 4 egunetako langa. Estatuko batez bestekoa hilean sei egunetakoa da.

Sexu-zaletasunak 

Sexu-zaletasunei dagokienez, inkestatutakoen erdiak baino gehiagok (% 51,09) dio ez duela harremanak izateko une zehatz bat; % 38,53k ez ditu bere harremanak aldez aurretik planifikatzen eta % 71,7k dio logela dela harremanak izateko lekurik erabiliena.

Ikerketak agerian utzi duenez, aho-sexua oso zabalduta dagoen praktika da (% 92,7). Masturbazioa bikotekidearekin (% 79,48) eta sexu-jostailuen erabilera (% 63,37) ere oso zabalduta dauden praktikak dira. Laurden batek baino gehiagok (% 26,06) uzki-sexua praktikatzen duela dio. Bikote-trukaketa eta hirukoteak ez dira hain ohikoak: % 3,31k esan du horrelakoetan parte hartu izan duela.

Sexu-asebetetzeari dagokionez, % 74k dio orgasmora iristen dela bere sexu-harremanetan. Datuen arabera, 60 urtetik gorako pertsonek izaten dituzte orgasmoak sarrien (% 84).

Azterlanaren arabera, halaber, inkestatuen % 48,42k onartu du sexu-harreman osoak, hots, penetrazioa duten harremanak, izan dituela egonkorra ez zen bikote batekin, preserbatiborik gabe. Preserbatiboa ez erabiltzeko presioa askoz handiagoa da emakumeen artean (% 47,6) gizonen artean baino (% 13,1).