Sexu-indarkeria digitala eguneroko errealitate bihurtu omen da Estatuko gazteentzat. Hori da hain zuzen ere, Fad Juventud eta Universidad Complutenseko Divisar Ikerketa taldeak egindako ikerketa baten ondorio nagusia. Horren arabera, Estatuko gazteen % 60,6k nolabaiteko sexu-indarkeria jasan izan du ingurune digitalean eta, inoren sorpresarako, emakume gazteei bereziki eragiten dien fenomenoa da.
Estatuan bizi diren 16 eta 29 urte bitarteko 1.212 gazteren laginarekin egindako ikerketak egoera kezkagarria erakusten du. Sare sozialak eta berehalako mezularitza aplikazioak, gazteek gehien erabiltzen dituzten bi bide digitalak, indarkeria mota horren agertoki nagusi bihurtu dira, indarkeria mota honen kasuen % 39,7 eta % 34,9 biltzen baitituzte, hurrenez hurren. Emakume gazteek sare sozialetan gehiago sufritzen dute, gizonek aldiz, beste kanal batzuk aipatzen dituzte, hala nola telefono deiak edo bideojokoak.
Gero eta ohikoagoa omen den afera
Bost gaztetik hiruk (% 60,1) uste dute mota honetako indarkeriak gora egin duela azken hamarkadan. Eta ia erdiak (% 46,8) kasu hauen gorakada aurreikusten du datozen urteetan. Emakumeak, goi-mailako tituludunak eta gazte helduenak dira etorkizunarekiko jarrera ezkorrena erakusten dutenak.
Ikerketak erakusten duenez, hezkuntza maila eta egoera sozioekonomikoa indarkeria mota honetan eragina duten faktoreak dira. Horrela, hezkuntza maila baxuagoa duten gazteak eta ekonomikoki ahulago diren horiek dira indarkeria digitala pairatzeko eta egiteko aukera handiagoak dituztenak. Goi-mailako ikasketak dituztenek harremanak azalekoagoak direla hautematen dute teknologien ondorioz, baina lotutako arriskuez ere kontzienteago dira.
Gehien ematen diren erasoak
Sexu-indarkeria digitala modu askotan agertzen da. Baimenik gabeko eduki sexuala jasotzea (% 22,1) eta itxura fisikoagatiko jazarpena (% 21,3) dira eraso ohikoenen sailkapenaren buru. Ondoren datoz helduek adingabeei egindako jazarpena (% 16,6) eta eduki sexualeko argazki edo bideoak egiteko presioa (% 13,9).
Era berean, hamar gaztetik batek aipatzen ditu honako egoera hauek: beren argazkiak objektu sexual gisa erakustea, bizitza sexualagatik edo itxura probokatzaileagatik irainak jasotzea, beren irudi edo bideoak zabaltzeko mehatxuak jasotzea eta beren eduki intimo edo sexualak baimenik gabe zabaltzea. Azkenik, % 6,4k nabarmentzen du Adimen Artifizialarekin sortutako beren irudi sexualen biktima izan direla.
Emakume gazteak bereziki zaurgarriak dira indarkeria mota hauekiko eta ikerketak genero arrakala nabarmena dagoela erakusten du. Emakume gazteen % 28,7k jaso du eskatu gabeko eduki sexualen bat, gizonen % 16aren aldean. Emakumeen % 24,5ek jasan ditu sarean irainak itxura fisikoagatik, gizonen %18,3aren aldean. Neskek ere presio handiagoa jasaten dute argazki edo bideo sexualak egiteko (% 16,4 nesken kasuan eta % 11,6 mutilen kasuan).
Ikerketak nabarmentzen duenez, genero eta adin datuak gurutzatzean, 16 eta 19 urte bitarteko nesken heren batek baino gehiagok (% 35) jaso du eskatu gabeko eduki sexuala. Adin bereko mutilen kasuan, berriz, kopuru hori % 9raino jaisten da.
Erasotzailea, normalean, ezaguna da
Ikerketaren aurkikuntza kezkagarrienetako bat da, kasu gehienetan (% 52,8), erasotzailea biktimak ezagutzen duen pertsona dela. Oro har, ezagun ez oso hurbilak (% 35,9), lagunak (% 22,8) eta bikotekide edo bikotekide ohiak (% 27,4) izan ohi dira. Kasuen % 15,3tan, familiako kideren bat dago inplikatuta. Hamar kasutatik lautan bakarrik da ezezaguna erasotzailea.
Ikerketak bikote harremanetan gauzatzen den indarkeria digitala eta kontrola ere aztertzen ditu. Gazteen % 44,5ek adierazten du bere bikotekidea haserretu egiten dela mezuei berehala erantzuten ez badie, eta % 42,6k dio presioak jaso dituela sareetan norbaitekin hitz egiteari uzteko.
Sexu-indarkeria digitalaren kasu gehienetan, erasotzailea biktimak ezagutzen duen pertsona da. Oro har, ezagun ez oso hurbilak, lagunak eta bikotekide edo bikotekide ohiak izaten dira
Beste jokabide aipagarri batzuk dira mugikorra baimenik gabe begiratzea (% 38,2) eta bikotekidearen kokapena jakiteko presioa egitea (% 31,7).
Sexu-indarkeriaren isileko ondorioak
Gizon zein emakume gazteek antzeko proportzioetan jasaten omen dituzte erasoak ingurune digitalean, baina gizarte-inpaktua larriagoa izaten da emakumeentzat eta erasoaren unea baino askoz harago doa.
Txostenean jasotako datuen arabera, maizen esperimentatzen dituzten ondorioak honako hauek dira: gizarte isolamendua edo etxetik kanpoko jarduerak murriztea (% 29,4), teknologien erabilera uztea edo mugatzea (% 20,7), eta autolesio edo pentsamendu suizidak agertzea (% 19,4).
Baina sexu-indarkeria digitalaren ondorioak ez dira soilik gizarte esparrura mugatzen, biktimen ongizate emozionalari ere sakonki eragiten baitiote, erasoa bizi ondoren hamar emakumetatik ia lauk lotsa sentitzen dutelarik.
Indarkeria mota hau biktimaren erantzukizunaren mende ez egon arren, asko errudun sentitzen dira (% 20) edo epaituak izateko beldur dira. Gainera, % 33k antsietatea jasaten du, % 29,9k beldurra sentitzen du, eta % 26,9k autoestimuaren galera esperimentatzen du.
Biktimen isiltasuna
Ikerketak agerian uzten duenez, biktimen % 14,6k ez du bere esperientzia inorekin partekatzen. Lotsa aipatzen da laguntza bilatzeko oztopo nagusi gisa eta emakume gazteen % 56,7k aipatzen du arrazoi hori gertatutakoaz ez hitz egiteko arrazoi nagusi gisa. Sentimendu horrek luze iraun ohi du erasoaren ondoren eta, normalean, gertukoekin ere partekatzea eragozten die.
Epaituak izateko beldurra ere funtsezko faktorea da. % 32,7 beldur dira erasoaren erantzule egingo ote dituzten. Beldur horrek isiltasun eta min zikloa sortzen du, non biktimak ez diren gai laguntza eskatzeko.
Sexu-indarkeria digitalak sakonki eragiten dio biktimen ongizate emozionalari. Hamar emakume gaztetatik ia lauk diote lotsa sentitzen dutela erasoa jasan ondoren
Era berean, emakume gazte askok salaketa are gehiago zailtzen duten oztopo instituzionalak hautematen dituzte. Salaketa formalen tasa baxuak (emakume gazteen % 11,6k soilik jotzen du poliziara edo laguntza juridikoa bilatzera) oztopo instituzionalen existentzia eta birbiktimizazioaren beldurra islatzen ditu.
Babes estrategiak eta aldaketarako eskaerak
Indarkeria sexual digitalaren biktima askok aktiboki bilatzen dituzte babesteko moduak. Emakume gazteen % 41,5ek erasotzaileak blokeatzea aukeratzen du plataforma digitaletan, eta % 29,2k eduki iraingarria salatzen du plataformen barruan.
Emakumeek laguntza emozional handiagoa bilatzen dute familia eta lagun sareetan. Gizonek aldiz, zuzenago egiten diete aurre jasandako erasoei eta laguntza psikologikoa bilatzen dute. Era berean, ikasketa mailaren arabera, prestakuntza maila handiagoko gazteek ere erantzun estrategia aurkariagoak eta salatzaileagoak erakusten dituzte erasoen aurrean. Hala ere, neurri horiek ez dira nahikoak izaten berez. Ikerketak biktimen eskari batzuk jasotzen ditu, aldaketa estrukturalak eskatuz.
Adibidez, gazteen % 65,6k lehentasunezkotzat jotzen du lineako segurtasun eta pribatutasunari buruzko prestakuntza hobetzea. % 63k, berriz, enpresa teknologikoei erasotzaileak modu eraginkorragoan identifikatzeko eskatzen die, eta % 64,3k eduki iraingarria azkarrago ezabatzea eskatzen du.
Bestalde, gazteen % 66,4k uste du beharrezkoa dela sareetara igotzen den edukiari buruzko kontzientziazio handiagoa. Gazteen % 64,5ek, berriz, uste du biktimei ematen zaien gizarte babesa hobetu behar dela, sexu-indarkeria digitala jasaten dutenentzako babes sareak indartu beharra dagoela azpimarratuz.