Nafarroako Gobernuak sentsibilizazio kanpaina integral bat abiarazi du, aldaketa sozial eta kultural bat sustatzeko, harreman sexualak eta afektiboak ezartzeko berariazko baimena barne hartuta. Ekimena datorren azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunari begira aurkeztu da.
Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, sexu-indarkeriagatiko 266 salaketa erregistratu dira Foru Erkidegoan. Horietatik % 73 30 urtetik beherako emakume gazteek jarri dituzte.
Kanpaina
“Sexu-indarkeriak. Gertatzen ari dira” lelopean, kanpainak hainbat material grafiko eta ikus-entzunezko erabiltzen ditu. Horietan emakumeak agertzen dira esparru ludiko edo dibertigarrietan, mezu hauek helarazteko: “Whatsapp bat da. Ez da baiezko bat”, “Dantza bat da. Ez da baiezko bat”, “Trago bat da. Ez da baiezko bat” edota “Gona bat da. Ez da baiezko bat”.
Datuen arabera, iaz 1.929 salaketa aurkeztu ziren Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriagatik, 2021ean baino 290 gehiago. Salaketa horien % 36.35 30 urtetik beherako emakumeek jarri zituzten, eta nabarmentzekoa da 244 (% 12.65) sexu-indarkeriari dagozkiola. 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, 1.569 salaketa erregistratu dira, eta horietatik 266 sexu-indarkeriarekin lotuta daude, 30 urte arteko adin tarterako % 72.93a islatuz.
Halaber, emakume bat eraila izan da aurtengo orain arteko epean Nafarroan, eta azken hamarkadan 15 biktima izan dira foru lurraldean. Estatu mailan jada dira 52 erailak izan diren emakumeak 2023an, horietako zazpi 30 urtetik beherakoak izanik, eta, ondorioz, 50 umezurtz utzi dituzte.
Nafarroako Gobernuak ezabatu nahi dituen sexu-indarkerien artean, sexu-erasoak sartzen dira, hau da, nagusitasun- edo zaurgarritasun-egoera batean indarkeria, beldurrarazte edo abusua erabiliz egiten den sexu-arloko edozein ekintza, edo biktimaren borondatea edozein arrazoirengatik baliogabetuta dagoenean; sexu-jazarpena edozein esparrutan (lan-eremuan, espazio publikoan, aisialdi-guneetan, kirol-esparruan, etab.); besteren prostituzioaren ustiaketa; sexu-indarkeria digitalak (sexting, sextorsion, grooming edo stalking); sexu konnotazioko espioitza; mutilazio genital femeninoa; ezkontza behartua; eta sexu-esplotazio xedeetarako salerosketa, baita sexu-indarkeriarekin lotutako emakumeen erailketa ere.