Siku gabiltza

Koronabirusak gure bizimodua, ohiturak eta planak hankaz gora jarri ditu, esparru profesionaletik esparru pertsonaleraino eta alderdi publikotik alderdi intimoraino.

Hainbat hilabetez konfinatuta egon gara, gure herri edo hirietatik ia ezin izan dugu atera, etxetik lan egin behar izan dugu, kalera maskararekin irteten gara, eskuak ia modu konpultsiboan garbitu eta desinfektatzen ditugu, bizitza soziala gutxieneko adierazpenera murriztu dugu, urruntze soziala gordetzen dugu eta, hainbat kasutan, giza harremanari uko egin behar diogu. 

Covid-19 azaldu zenetik, ligatzea, sexu-harremanak izatea eta bikotekako bizitza bera ere aldatu dira. Martxoko eta apirileko konfinamenduak eta ondoren ezarritako bebes-neurriek mundu osoko biztanleriaren sexu-ohiturak baldintzatu dituzte.

Eta estereotipoak edo topikoak jada euskaldunok gutxi ligatzen genuela esaten bazuen, egoera honetan gauzak zailago jarri dira. 

Pandemia aurreko egoera Hego Euskal Herrian

2016an bezala, kaixomaitia.eus atariak euskal herritarron zoriontasun afektiboa eta sexuala neurtu du inkesta baten bidez. Inkestan 8.000 lagunek parte hartu dute eta otsailaren 10 eta 28 bitartean burutu zen. Ondorioz, pandemiaren eragina ez da bertan jasotzen, baina aurreko ‘argazkia’ ezagutzeko oso baliagarria da. Aipatu azterlanak lau ardatz nagusi ditu: egoera afektiboa; internet bidezko harremanak; bizitza sexuala; eta, leialtasuna eta harremanak. 

Egoera afektiboari dagokionez, kaixomaitia.eus-en Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa azterlanak ondorio garbi bat uzten du: harreman ohikoenak bikote heterosexual itxiaren eredu klasikoa izaten jarraitzen du. Eredu hori nagusitzen da adinak gora egin ahala. Atal horretan jasotzen denez, euskaldun gehienek “asko/izugarri” maite dute euren bikotekidea. Joera hori 18-29 adin tartekoen artean da nagusi (% 97).

Internet bidezko harremanei dagokionez, inkestan jaso denez, ia laurden batek (% 23) harremanetarako webguneetara jo du noizbait. Inkestatutakoen artean % 86k uste du Internetek harremanak izaten laguntzen duela.

Bizitza sexualari dagokionez, inkestan jasotako datuen arabera, euskaldun gehienek 2-3 bikotekide sexual izan dituzte euren bizitza guztian. Baina azken 12 hilabeteetan izandako bikotekide sexualen inguruan galdetzean, % 70ak bikotekide bakarra izan duela erantzun du eta % 10ak bat bera ere ez. Harreman sexualen maiztasunari dagokionez, euskaldun gehienek (% 36,8) astean behin edo bitan izaten dituzte sexu harremanak; astean behin baino gutxiago dituztenak % 25,7 lirateke. Ezkonduta daudenak bikotekidea dutenak baino maiztasun gutxiagorekin izaten dituzte harreman sexualak. Hori bai, inkestatutakoen ia erdiak (% 44), sarriago izan nahiko lituzke sexu harremanak, astean hirutan edo gehiagotan, hain zuzen ere.

Azkenik, “leialtasuna eta harremak” atalari dagokionez azpimarratzekoa da ezkonduen % 13ak izan duela egungo harremanean, bere bikotekideak jakin gabe harreman sexualen bat beste pertsona batekin. Dena den, galdetutakoen %70ak ez du harremanik izan bere bikotekidea ez den pertsona batekin azken 12 hilabeteetan. Desleialtasunak justifikatzeko gehien aipatzen den arrazoia, batez ere gazteenen artean, bikotekidearekiko ilusio edo erakarpen falta da. 

Pandemiaren eragina gure bizitza sexualean

Kaixomaitiak egin duen azterlanerako datuak konfinamenduaren aurretik bildu zirenez gero, ez du pandemiak gure bizitza sexualean izan duen eragina neurtzen. Eragin hori ikusteko 40dB aholkularitza-enpresak eta Pornhub helduentzako edukien atariak estatu osoko 1.500 lagunen artean egin duten Konfinamendua eta espainiarren sexu-ohiturak makroazterketara jo beharko genuke. Izan ere, ikerketa horrek oso ondorio esanguratsu bat utzi du: ezkongabeek eta gazteenek denbora gehiago ematen dute sexu-harremanik gabe, osasun egoeraren ondorioz, sexu-harremanak izatea ohi baino zailagoa bihurtu baita.

Kutsatua izateko edo beste norbait kutsatzeko beldurrak, sexualitatearekin kontu handiagoa izatera eraman gaitu, baita autosatisfazioa edo sexu zibernetikoa hobestera eta pornografia gehiago kontsumitzera ere. Horrela, aipatu beldur horren ondorioz, ezkongabeen erdiak baino gehiagok ez du sexurik praktikatzen eta ez du ahoan musurik ematen. Beldur hori handiagoa omen da emakumeen artean gizonen artean baino.

Sexu-harremanen kopuruan izan den beherakada argi ikus daiteke, adibidez, antisorgailuen salmentan izan den jaitsieran. HRA Pharma enpresa farmazeutikoak egin duen azterlan baten arabera, martxoa eta abuztua bitartean antisorgailuen salmentak % 11,4 jaitsi ziren. 

Konfinamendua eta espainiarren sexu-ohiturak inkestaren arabera, ezkongabeen % 52,7k sexua izateari utzi dio koronabirusa hartzeko beldurragatik. Gainera, ezkongabeen % 54,1ek onartzen du ahoan musuak emateri utzi diola arrazoi beragatik. Antzeko kopuru batek dio ez dela joan bikoteak ezagutzeko leku batera. 

Txanponaren beste aldean, ezkongabeen % 14,4k onartu du urruntze sozialaren inguruko arauak ez dituela errespetatu eta berrogeialdiaren amaieran ezagutu duen norbaitekin sexu-harremanak izan dituela. Beste % 25,7k, berriz, jada ezagutzen zuen norbaitekin izan ditu sexu-harremanak. 

Baina, zalantzarik gabe, talderik animatuena konfinamenduan ezagutu duten pertsonekin sexu-harremanak izan dituztela onartzen duen % 9 horiena izango litzateke.

Harremanak izateko moduak

Osasun-krisiaren ondoren, biztanleria orokorraren % 68,5ek uste du, gaur egun, pertsona ezkongabe batentzat, lehen baino zailagoa dela jende berria ezagutzea.

Osasun-krisiak harremanak izateko modua aldatu duen ala ez galdetzean, inkestan parte hartu duten pertsonen % 26,2k azaldu du konfinamenduaren ostean, gizonak zein emakumeak zuzenagoak direla gustatzen zaien norbaitekiko interesa adierazteko orduan. Adin tarteei dagokionez, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 31,4k dio testuinguru honetan jendea zuzenagoa dela. Adinak gora egin ahala, kopuru hori murrizten da: % 25,7 35-54 urte bitartekoen artean eta % 23,4 55-75 urte bitartekoen artean.

Halaber, ikerketak galdetu du ea, konfinamenduaren ondoren, gizonak eta emakumeak irekiagoak diren beren desio eta behar sexualak adierazteko. Inkestatutakoen % 28,4k baietz uste du. 34 urtetik beherako gazteen artean, berriz, baietz erantzuten dutenen kopurua% 39koa da.

Sexu gutxi

Inkestatutakoen % 35,2k sexu-harremanak izan zituen maiztasun handiarekin edo nahikoarekin konfinamenduan zehar. Horietatik, % 49,2 bere bikotekidearekin bizi diren pertsonak dira eta % 12,4, ostera, bikotekidearekin bizi ez direnak. Biztanleriaren heren batek (% 34,3) harremanak izan zituen, baina maiztasun txikiarekin; eta, % 30,5ek, berriz, ez zuen inolako harremanik izan. 

Aipatu ikerketan jasotzen diren datuek pertsonen bizitzan sexuak duen garrantzia islatzen dute. Inkestatutakoen % 34,7k dio martxoan ezarritako konfinamenduan zehar sexu-harremanak asko edo nahiko bota dituztela faltan. Erantzun hori eman dutenen artean, % 41 ezkongabeak dira eta % 32,2, berriz, ezkonduak. Ildo berean, % 32,8k erantzun du sexu harremanak gutxi bota dituztela faltan eta % 32,5ek ezer ez.

Ikerketak agerian utzi duenez, adinak gora egin ahala sexu-grinak behera egiten omen du. Izan ere, adin taldeei erreparatuta, 18 eta 34 urte bitarteko gazteak izan dira sexu-harremanak faltan gehien bota dituztenak; adin tarte horren kasuan, % 55,3k. Konfinamenduan sexua gutxi edo batere faltan bota ez dutela adierazi dutenen % 47,2 azken hilabetean sexu-harremanik izan ez duten edo astean behin baino gutxiagotan izan dituzten pertsonak dira.

Maiztasuna

Ikerketan jasotako datuen arabera, biztanleriaren % 28,7k ez du inolako sexu-harremanik izan azken hilabetean. Harremanak izan ez dituztela erantzun dutenen artean bi heren (% 67) ezkongabeak dira. % 20,7k, berriz, azken hilabetean harreman bakarra izan duela erantzun du eta % 27,2k, berriz, astean behin. Maiztasun handiagoarekin egin dutenen artean, honako datu hauek azpimarra daitezke: % 19,2k astean bitan edo hirutan egin du eta % 4,2k astean hirutan baino gehiagotan.

Biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 53,8) dio azken hilabetean masturbatu dela. Horrelako erantzuna gehiago ematen da gizonen artean (% 66,5) emakumeen artean baino (% 41,2). Kasu horretan, gazteenak dira praktika horietara gehien jotzen dutenak; % 72,1 18 eta 34 urte bitartekoen artean.


Covid-ek eragindako konfinamenduak pornografiaren kontsumoa bizitu du

Pornhub atariak sustatutako ikerketa batek, jakina, ezin zion utzi pandemian pornografiaren kontsumoari buruz galdetzeari. Hala, ikerketa horretan bildutako datuen arabera, kontsultatutakoen % 37k onartzen du berriki web pornografiko batean sartu dela. % 36,8k azken hilabetean egin du, nagusiki gizonak. % 27,6k horrelako edukiak duela urte asko ikusi zituela dio eta biztanleriaren heren batek baino gehiagok (% 35,4) dio ez duela inoiz horrelako edukirik ikusi. 

Ildo berean, inkestatutakoen % 22,8k dio konfinamendua ezarri zenetik, eduki pornografiko gehiago kontsumitu dituela. Kasu horretan, kontsumoa areagotu dutenen artean gizonak dira nagusi. Inkestatutakoen % 60,4k azaldu duenez, kontsumitzen duten pornografia antzeko mailatan mantendu da konfinamenduan.

Konfinamenduan web pornografikoetara jo dutenen hiru laurdenak bakarrik egin du, hots, konpainiarik gabe. Horietatik, % 90 inguruk sexualki ez-aktiboa dela dio. Eduki pornografikoetara jo dutenen % 15 inguruk bakarrik eta bere bikotekidearekin egin duela azaldu du eta % 9,6k bere bikotekidearekin batera.

Bikotekidea izanik pornoa ikusten duten hamar pertsonatik lau horrelako web guneetara sartzen hasi ziren bikotekidearekin, konfinamenduan bertan.

Azken hilabeteetan pornografia kontsumitu dutenen artean, % 37,6ri horrelako web guneetara sartzeak konfinamendu-aldia gainditzen lagundu zien, bereziki gizonei (% 42,1), emakumezkoen biztanleriarekin alderatuta (% 25,5).

Gainera, web pornoetan sartu berri direnen % 15,6k adierazi du konfinamenduan genero pornografiko berriak aurkitu dituela. Pertsona horiek goi-mailako profila dute, unibertsitateko ikasketak, ezkongabeak eta bikotekidearekin bizi ez direnak. Talde horretatik, hamarretik bederatzik jarraitu omen dute porno-genero berri horiek ikusten berrogeialdiaren ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.