Sinclair ZX Spectrumen 40. urteurrena

Pasa den mendeko 80ko hamarkadako hainbat nerabe eta gazteentzat Spectrum ordenagailua informatikaren munduan sartzeko atea izan zen.

1982. urteko apirilaren 23an mikroinformatikaren munduan izan den gailu mitikoenetako bat jaio zen: Sinclair ZX Spectrum ordenagailua. Pasa den mendeko 80ko hamarkadako hainbat nerabe eta gazteentzat Spectrum ordenagailua informatikaren munduan sartzeko atea izan zen. Oso modu errazean programatzeko aukera ematen zuen gailuak eta, horri esker, asko izan ziren ordura arte ia ezezaguna zen aplikazioen eta bideo-jokoen programazioan hasi zirenak. Ordenagailu horren eragina nabaria izan zen garaiko informatika fakultateetan.

Oso arrakastatsua

ZX modeloa aurreko ZX80 eta ZX81 modeloen garapena zen. Etxeko ordenagailu bat izan arren, bideo-jokoetan aritzeko aukera paregabea ematen zuen eta, horrez gain, aplikazioak ere programatu ahal ziren BASIC lengoaia erabiliz. Gainera, grafikoak koloretan ikusteko aukera ematen zuen. Merkatuan parekorik ez zuenez, salmenta-arrakasta itzela izan zuen lehen minututik. Garai horretan informatika-gailuak oraindik ere oso garestiak ziren arren, ZX Spectrum ordenagailua nahiko prezio merkean saldu zen: 125 libera inguru (gaur egun 450 euroren baliokidea). Bere lehiakideen prezioa (Commodore 64 eta BBC Micro Model B) bikoitza zen.

ZX Spectrumen beste ezaugarri interesgarri bat bere tamaina eta pisu txikia zen. Gomazko teklak zituen teklatuak ere arrakasta handia izan zuen, nahiz eta oso erosoa ez izan asko idatzi behar bazen.

Kaseteak

Ordenagailuan egiten zen lana audio-kasete arruntetan gordetzen zen. Baita bideo-jokoak ere!  48KB-eko pisua zuen joko bat kargatzeko lau minutu inguru behar ziren.

1982. urtetik 1987. urtera bitartean, Sinclair-ek zortzi modelo merkaturatu zituen. 48K modelo jatorrizko modeloarekin (16KB) batera merkaturatu zen, baina garestiagoa zen (175 libera). 1985. urtean Spectrum ZX 128 merkaturatu zen, 128Kbeko memoriarekin.

Garai horretan Amstrad enpresak Sinclair erosi zuen eta ZX Spectrum +2 ordenagailua merkaturatu zuen, teklatu berriarekin. Gaur egun, Spectrum ZX bultzatzen jarraitzen duten jokalarien eta garatzaileen komunitate batek irauten du, eta, beraz, bilduma eta joko originalen merkatua sortu da, bai zintan, bai emuladoreetan.