Nik pornografia kontsumitzen dut. Doala hori aurretik; hau ez da pornoa ikustearen kontrako mezua. Alderantziz. Baina…
Pornografia hitz eratorria da, grekeratik ekarria, porne eta graphein hitzak batzetik sortua. Lehenak prostituta esan nahi du; bigarrenak, idazketa, grabaketa, irudikatzea. Pornografikoak, beraz, sexu langileak haien lanean grafikoki adierazten zituztenak ziren, ekoizpen artistikoak, kulturalak. Oinarri errealetik, baina fikziozko ekoizpenak.
Egungo industriak eskeintzen diguna, gainera, teknologiaren, farmakoen, zirujiaren, drogen, eta abarren ondorioz, zientzia-fikzioa dela esan dezakegu. Ez hori bakarrik; are, politika-fikzioa dela esango nuke nik, pantailan dakusagunak, fikziozkoa izateaz gain, ondorio sozial argiak ditu-eta, akzidentalak ez direnak, norbaitek norbaitentzat eta testuinguru konkretu batean ekoitzia baita. Pornografian, beraz, industria pornografiko hegemonikoan bederen, badira sekula ikusiko ez ditugunak, erakutsiko ez dizkigutenak: gorputzak, posturak, jarrerak, konbinazioak… Pornografia diskurtso eta ikuspegi oso konkretu batetik ekoitzitako produktua den heinean, hiruzpalau gorpuzkera bizpahiru posturetan agertzen baino ez dituzten filme, bideo eta argazkiak dira. Porno mainstreamean ez dago lekurik arauetatik urruntzen direnentzat, dela haien itxuragatik, dela haien gustuengatik.
Eta, esperimentu moduan, pornografian inoiz ikusi(ko) ez duguna egingo bagenu?
Bai, esan moduan, nik ere pornografia kontsumitzen dut. Baina ez dezala horrek nire (gure, zure, zuen) sortzeko, probatzeko, ikertzeko, grina inondik ere mugatu. Ez diezagula pornografia mainstream-ak markatu bidea; asma ditzagun gure kaminu, xendra eta bidexka propioak. Ez gaitezan saiatu ikusitakoa kopiatzen, hori balitz bezala egin beharrekoa. Ez da ez sexua izateko modurik onena; are gutxiago modu bakarra. Bakoitzak erabakiko dugu zer dugun gustukoen, zerk ematen digun plazer handiena. Eta aurkikuntza hau, ikertzen baino ez dugu lortuko, probatzen, dastatzen, saiatzen, asmatzen. Pornoa inspirazio iturritzat hartuta, akaso. Ez ordea mugatzat.
Ildo honetatik abiatu zen Postporno mugimendua; porno komertzialaren industriatik at sortutako pornografia askatzaile, probokatibo, alternatiboa, zeinetan denok aurki dezakegun gure lekua.
Idatz dezagun bada bakoitzak geure (post)pornoa! 2011ko izen bereko dokumentalak zioen moduan,“nire sexualitatea sorkuntza artistikoa da.” Ikusi nahiko genukeen pornoa sortzea gure esku dago. Guk, geure gorputzekin, gure posturekin, gure artean, muga bakartzat irudimena hartuta.
Peio Saez de Lafuente