Tabakorik gabeko belaunaldi bat

Ikerketa batek agerian utzi duenez, 2006 eta 2010 artean jaiotakoei tabakoa debekatzeak biriketako minbiziak eragindako heriotzen % 70 saihestu ditzake

2006-2010 aldian jaiotakoei tabakoa eskuratzea debekatuko balitzaie, 2095. urterako 2,1 milioi heriotza baino gehiago saihestu ahal izango lirateke mundu osoan eta 22.000 inguru Estatuan. Hori da, hain zuzen ere, Santiago de Compostelako Unibertsitateko ikerlariek, Minbizia Ikerketarako Nazioarteko Agentziarekin (IARC) batera, egin duten ‘Estimated impact of a tobacco-elimination strategy on lung-cancer mortality in 185 countries: a population-based birth-cohort simulation study’ izenburua duen simulazio-ikerketa baten ondorio nagusia. Aipatu ikerketa hil honetan bertan argitaratu da ‘The Lancet Public Health’ aldizkarian.

Azterketaren arabera, tabakorik gabeko belaunaldi oso batek izugarrizko eragin positiboa izango luke biriketako minbiziagatik etorkizunean hilko liratekeen pertsonen kopuruan. Ikerlarien kalkuluen arabera, aztertu diren 185 herrialdetan, 2006 eta 2010 artean jaiotakoei tabakoa debekatzeak gizonen artean izango diren aurreikusitako heriotzak erdira jaistea ahalbidetuko luke eta, emakumeen kasuan, heren bat.

Espainiaren kasuan, zehazki, 21.900 pertsonen heriotza ekiditeko aukera legoke, 11.600 gizon eta 10.300 emakumearena. Hau da, biriketako minbiziak eragindako heriotzen % 70 baino gehiago saihestu ahal izango lirateke. Izan ere, tabakismoaren eta biriketako minbiziaren artean zuzeneko lotura dago eta mundu-mailan heriotza-kausa nagusietako bat da. Ikerlarien ustez, simulazio honek agerian uzten du gobernuek heriotzak ekiditeko duten gaitasuna. Nahikoa dute tabakotik libre dagoen belaunaldi bat sortzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzea. Heriotzen kopurua nabarmen murrizteaz gain, neurri horiek egun osasun-sistemek pairatzen duten presioa arintzen lagunduko lukete. Izan ere, tabakismoaren ondorioz arreta behar duten pertsonen kopuruak ere nabarmen egingo luke behera.

Zeelanda Berriak jada tabakoaren salmenta debekatzeko lege bat garatu zuen 2021ean, baina bertan behera geratu zen indarrean jarri baino lehen.