XXI. mendearen ezaugarri nagusietako bat etengabeko aldaketa eta ziurgabetasuna da. Digitalizazioak, konektibitateak eta globalizazioak etengabe eraldatzen ari den mundu bat eratu dute. Gure ohiturak eta harremanak izateko, komunikatzeko, kontsumitzeko, denbora librea pasatzeko, lan egiteko moduak… aldatu ditugu. Dinamika hori pandemiarekin bizkortu egin da eta, bereziki, lan esparruan. Joan den urteko martxoan, mundu osoko langileek ia denborarik gabe egokitu behar izan zuten urruneko testuinguru batera, herrialdeak eta beren jarduera itxiz joan ziren heinean.
Gazteak dira eraldaketa azkar hori eta pandemiak eragindako ondorio sozial eta ekonomikoak gehien pairatzen ari direnak. Joan den udaberrian, Estatua gazteen langabeziaren buruan zegoen Europar Batasunean, eta gazteen langabezia-tasak kontinenteko batezbestekoa bikoizten zuen.
Eta etorkizunean zer?
Litekeena da krisi honen ondorioek gazteengan eragina izatea datozen urteetan. Izan ere, bada “belaunaldi galduaz” hitz egiten duenik ere: hezkuntza-programak etetea, lanpostuak galtzea, kontratazioak izoztea, enpresen porrota eta diru-sarrerak galtzea.
Zorionez, aurten, txertatze-prozesuak aurrera egin ahala, pandemiak behera egin du eta, horrekin batera, kontratazioek gora egin dute, baita gazteen artean ere. Horrela, urrian, Estatuan, 19,6 milioi langilerekin, enplegua krisi aurreko mailara iritsi zen.
Nolanahi ere, gazte askok beren prestakuntzarekin bat datorren enplegua lortzeko arazoak izaten jarraitzen dute. Lan eskaintza eta eskaera aztertzen dituen Adeccoren azken Infoempleo txostenaren arabera, esperientzia da (% 51,3) errekrutatzaileen arazo nagusia lanpostu desberdinetarako hautagai aproposak aurkitzeko. Horrela, paradoxa bat gertatzen da: gazteei, formakuntza eta prestakuntza daukatenean, lan-merkatura ateratzean, lortzen oso zaila den esperientzia bat izatea eskatzen zaie.
Gero eta garrantzi handiagoa duen beste aldagai bat gaitasunena da. Tituludun asko gaitasun eta trebetasun zehatz batzuk eskatzen dizkien lan-merkatura iristen dira horiek izan gabe, hainbat kasutan hezkuntza- eta prestakuntza-sarea ez delako gai oso abiadura handian aldatzen den ingurunera egokitzeko.
Lanerako estandar berriak
Teknologia, digitalizazioa, adimen artifiziala, robotizazioa eta sare sozialak lan-estandar berriak zehazten ari dira, eta lan-merkatuan sartzen diren gazteek horretarako prestatuta egon behar dute. Gaitasun teknologikoak edo digitalak ezinbestekoak dira. Antza denez, teknologiarekin etengabe bizi behar izango dugu.
Testuinguru horretan, enpresa berritzaileak, gero eta gehiago, formakuntza egokia duen talentu gaztearen bila ari dira, hots, lanpostuarekin eta espezializazioarekin bat egiten duten trebetasunak dituzten gazteak. Gainera, lanean hasten direnetik lanpostuaren erronkei eraginkortasunez aurre egiteko gai diren pertsonak ere nahi dituzte.
Pandemiaren eraginez, enpresa eta erakunde asko, edozein mota eta tamainakoak, beren egitasmo teknologikoak bizkortzen ari dira merkatuaren beharrei erantzuteko. Digitalizaziora egokitu behar izan dute beren negozioei eta bezeroei erantzun ahal izateko. Hori dela eta, oso garrantzitsuak izaten jarraitzen duten ezagutzez gain, talentua duten pertsonak bilatzen ari dira, ikasteko grina eta jakin-mina dutenak.
Enpresa berritzaileek gero eta apustu handiagoa egiten dute gazteen talentuaren alde, prestakuntza egokiarekin, kokapenari eta espezializazioari lotutako gaitasunekin. Baina, gainera, beren lanpostuaren erronkei eraginkortasunez aurre egiteko gai diren pertsonak bilatzen dituzte.
Hau da, gazte batek, enplegu on bat aurkitzeko garaian, jakin behar du enpresek profil profesional zehatz batzuk bilatzen dituztela. Profil horiek, ezagutzak eskuratzeaz gain, ingurune aldakor eta ziurgabean egokitzeko eta moldatzeko trebetasun batzuk izan behar dituzte.
Talentu berritzailearen bila
Pandemiak erakutsi duenez, enpresa bat etengabe eguneratuta mantentzeko eta hazten jarraitzeko bide bakarra ikaskuntzara bideratuta egotea da. Horregatik, langileek, ezagutza zehatz batzuk izateaz gain, proaktibotasuna, jakinmina eta negozioaren, merkatuaren eta lanbidearen inguruko joeretan eta garapenean interesa izan behar dute. Lana ondo egitea ez da nahikoa, etorkizunean etor daitekeen horretarako ere prest egon behar da. Horregatik, ia enpresa guztiek, ikasteko grina eta jakin-mina duten pertsonak bilatzen dituzte.
Ikasteko grina eta jakin-mina dira ia enpresa guztiek bilatzen duten talentua. Bi edo hiru urteko epean lanpostuan norbait eguneratzen ez bada, baliteke desfasatuta geratzea.
Hortaz, hainbat gazterentzat, gakoa eguneratzean eta formakuntzan datza. Bizpahiru urteko epean bere lanpostuan eguneratzen ez diren, ikasten ez duten, trebatzen ez diren edo birziklatzen ez diren langileak zaharkituta geratuko dira gero eta teknologikoagoa den ingurune batean.
Egun nagusi den dinamismoak, lan-estandarren langa igotzeaz gain, ohiz kanpoko konponbideak, hots berritzaileak, aurkitu eta eskaintzeko gai diren pertsonak eskatzen ditu.
Pertsona berritzaileak jada dagoen horretatik abiatzen dira, eta birdiseinatzen dute hobetzeko helburuarekin. Eta, hainbat kasutan, zerbait guztiz berria sortzen dute. Berrikuntzari esker, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko tresnak lortzen dira.
Gaur egun, ez da nahikoa ideia berritzaile bat izatea; ideia hori Irudikatzen eta errealitate bihurtzen jakin behar da. Horretarako pertsonen beharrak ulertu eta irtenbideak eskaini behar dira. Beraz, gakoa ez da berrikuntza bakarrik, baizik eta pertsona askoren beharrak asetzera bideratutako irtenbide bat aurkitzea eta eskaintzea; eta, zenbat eta gehiago hobeto.
Gaitasun bereziak
2017. urtean Mckinsey Globalek argitaratu zuen txosten baten arabera, 2030.urtera bitartean, 800 milioi langilek beren lanak gal ditzakete roboten mesedetan. Gaur egun gizakiok egiten ditugun hainbat lan automatiza daitezke, bereziki, oso fisikoak, mekanikoak eta errepikakorrak diren horiek.
Makinek errutinazko lan asko pixkanaka bereganatuko dituzten arren, zeregin zailenak pertsonen arteko trebetasunak dituzten gizakien esku geratuko dira.
Eta makinek errutinazko lan asko pixkanaka bere gain hartuko badituzte ere, lan zailenak gaitasun bereziak dituzten gizakien esku geratuko dira. Hau da, gizakiok egingo ditugun lanak makinen esku ez dauden trebetasunak eskatzen dituzten horiek izango dira.
Horregatik, lan-esparruan, pertsonen arteko trebetasunek abantaila handia eskainiko dute robotizazioaren aurrean. Gaitasun edo trebetasun horiek, soft-skills izenarekin ere ezagutzen direnak, adimen emozionalarekin harremana duten horiek dira, hots, zirrarak modu eraginkorrean kudeatzeko gaitasunarekin eta beste pertsonekin harreman positiboak ezartzeko gaitasunarekin. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira: sormena, elkarlana, malgutasuna eta negoziazioa. Horrelako ezaugarriak dituzten pertsonek arrakasta lortzeko estrategiarik onenak aurkitzeko gai izaten dira. Horregatik, enpresek hobeto gaitutako profesionalak bilatzeaz gain, edozein erronkari aurre egiteko gai direnak bilatzen dituzte. Proiektuen buru izateko irmotasuna izatea eta gero eta prozesu konplexuagoak gauzatzeko trebetasun bigun ugari izatea espero dute.
Norbera vs taldea
Ingurunea hain dinamikoa denez gero, gazte bati oso zaila gertatuko zaio egonkortasuna aurkitzea, ez kontratuan, ez bete beharreko eginkizunetan. Lan-munduan, harremanak malguagoak izango dira, karrerak ez dira hain linealak izango eta langileek maiz aldatu beharko dituzte beren zeregina. Eta aldaketara egokitzeko gaitasun hori talentu berritzailearen parte ere bada.
Aldaketa horien guztien ondorioz, oso zaila da inor enpresa batean erabat bakartuta edo isolatuta egotea, zortzi orduz inorekin harremanik izan gabe lan egiten.Gaur egun ingurune laboralean Ezinbestekoa da harremanak izateko, taldean lan egiteko eta komunikaziorako trebetasunak izatea. Eta horretarako, lankideekin enpatizatu behar da, ezagutzak eta lana besteekin partekatu. Norberaren beharren gainetik taldean pentsatu behar da.