Telefono mugikorrek ez dute minbizia sortzen

Ikerketa baten arabera, telefono mugikorren edo haririk gabeko teknologien irrati-uhinen eraginpean egotea ez dago lotuta minbizia izateko arrisku handiagoarekin

2011. urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) menpe dagoen Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) telefono mugikorrek igorritako erradiazioak gizakientzat kartzinogenoak izan zitezkeela adierazi zuen. Baieztapen hori mugikorren erabileraren eta garuneko minbizi mota jakin batzuen artean nolabaiteko lotura egon zitekeela erakusten zuten ikerketetan oinarritzen zen. Iragarpenak alarma publikoa eta telefono mugikorrak minbizi-arriskua handitzearekin lotzen zituzten titular kezkagarriak sortu zituen.

Hamahiru urte beranduago, ‘Environment International’ aldizkarian argitaratu den ikerketa batek dio ez dela ebidentzia nahikorik telefono mugikorren erabilerak minbizia izateko arriskua handitzen duela baieztatzeko. Erradiazioaren Aurkako eta Segurtasun Nuklearreko Australiako Agentziako (ARPANSA) Ken Karipidis zientzialariak egin du ikerketa, nazioarteko aditu-talde batekin batera. Horretarako, azken 30 urteetan egindako eta 22 herrialdetako milioika pertsona biltzen dituzten 63 azterlan epidemiologiko ebaluatu ditu.

Ebidentzia falta

Aipatu azterketan hainbat datu aztertu dira, hala nola telefono mugikorra lehenbizikoz erabili zenetik igarotako denbora, egindako deien kopurua, horien iraupena eta antenen balizko erradiazioa. Datu horiek guztiak aztertu ondoren eta glioma, meningioma eta neuroma akustikoa bezalako minbizi mota ezberdinak aintzat hartu arren eta gailuen erabilera luzea bezalako faktoreak ere kontuan hartu arren, ikertzaileek ez dute aurkitu telefono mugikorren erabilerarekin lotutako minbizi-arriskua handitzea iradokitzen duen eredu argirik.

Berrikuspen berria 2011ko IARCren ebaluazioan erabilitakoa baino nabarmen handiagoa eta osatuagoa den datu-multzo batean oinarritzen da. Adituen ustez, azken urte hauetan guztietan bildutako ebidentziek segurtasun handiagoz baieztatzen dute telefono mugikorren edo haririk gabeko teknologien irrati-uhinen eraginpean egotea ez dagoela lotuta minbizia izateko arrisku handiagoarekin. Emaitzak bat datoz aurreko ikerketekin; izan ere, azken hamarkadetan haririk gabeko teknologien erabilerak nabarmen gora egin badu ere, garuneko minbizien intzidentziak ez du gorakadarik izan.