AEBko 14 fiskal nagusik TikTok sare sozialaren aurkako demanda aurkeztu dute hil honetan bertan. Demanda horretan fiskalek diote TikTok adikzioa sortzeko eta erabiltzaileak engainatzeko diseinatuta dagoela eta ez dela plataforma segurua gazteentzat.
Kentuckyko Fiskal Nagusiaren Bulegoak aurkeztutako demandak konpainiaren beraren barne-txostenetan jasotako zenbait datu jasotzen ditu. Estatu Batuetako irrati-difusiorako National Public Radio (NPR) zerbitzuak ezagutzera eman dituen datuak dira. Horien arabera, TikTok-ek berak bere sare sozialaren erabilerari lotutako arriskuen berri du. Horien artean aurkitzen dira, adibidez, osasun mentaleko arazoak, trebetasun sozialak garatzeko zailtasunak edo egokiak ez diren edukien esposizioa.
Kentuckyn egin den demanda horren arabera, 260 bideo inguru behar dira pertsona batek TikTok erabiltzeko ohitura bereganatzeko. Kontuan izanik sare sozial horretan diren bideoek, gutxienez, zortzi segundoko iraupena dutela, eta automatiko erreproduzitzen direla bata bestearen atzean, ikerlariek diote 35 minutu baino gutxiagoko tartean “litekeena da batez besteko erabiltzaile batek plataformarekiko mendekotasuna izatea”.
Aplikazio horren erabilera konpultsiboak osasun mentalarentzat negatiboak diren zenbait ondorioekin lotura duela uste da, hala nola analisirako gaitasunaren galera, memoriaren eraketa, testuinguru-pentsamendua, elkarrizketaren sakontasuna, enpatia falta eta antsietatearen igoera. Erabilera konpultsiboak, gainera, lo-ereduetan, eskolako zein laneko jardueran eta erabiltzaileek bere gertuko pertsonekin duten harremanetan ere eragiten du.
Aplikazioaren erabilera jarraia oztopatzeko, TikTokek erabilera egunean gehienez 60 minutura mugatzeko aukera bezalako neurriak ezarri zituen. Hala ere, erabiltzaileek plataformarengan duten konfiantza-maila hobetzea helburu zuen neurri horrek batez besteko erabilera 1,5 minututan jaistea baino ez du lortu. Une honetan, AEBko gazteek, batez beste, 107 minutu ematen dute egunean aplikazio hori erabiltzen.
NPR-ek ezagutzera eman dituen datuen arabera, TikTok jakitun da edertasun-iragazkien erabilera bultzatzen duela, erabiltzaileek beren itxura artifizialki hobetzeko. Gainera, algoritmoak lirainak diren pertsonen profilak lehenesten ditu. Demandaren arabera, edertasun-eredu zehatz bat sustatzea, epe luzean, osasun mentaleko arazoak sor ditzake, batez ere, gazteen artean.