Victoria Eugenia Antzokiak, TOPIC- Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin elkarlanean, Titirijai Nazioarteko Jaialdiaren zenbait jarduera hartuko ditu azaroan zehar. Titirijai jaialdia azaroaren 23tik abenduaren 1era bitartean izango da eta Euskal Herritik, Estatuko hainbat autonomia erkidegoetatik eta Frantziatik eta Italiatik etorritako konpainien ikuskizunak eskainiko ditu. Aurtengoa, Euskadiko Arte Eszenikoen barruan kultura-erreferente den jaialdiaren 42. edizioa izango da. Donostian ez ezik, aurtendo edizioa honako udalerri ahuetan ere izango da: Herriz-herri ibiliko den ikuskizunen zirkuitua herri hauetatik pasako da: Ordizia, Beasain, Hondarribia, Zarautz, Eibar, Sestao eta Pasaia.
Victoria Eugenia Antzokiaren eta TOPIC zentroaren elkarlanari esker, Donostian txotxongiloen erakusketa bat eta hiru ikuskizun ikusi ahal izango dira. Erakusketa antzokiaren hall-ean ikusi ahal izango da azaroaren 15era arte. Bertan ikus daitezke, besteak beste, Indonesioako Wayang Golek txotxongiloak, Vietnamgo ur-txotxongiloak eta Indiako eta Europako hainbat herrialdetako txotxongiloak. Erakusketa goizeko 11:00etatik 13:30etara eta azaroaren 13tik 15era arratsaldez ere irekiko da, 19:00etatik 22:00etara, antzokiaren gainerako programazioan parte hartzen dutenentzat.
Bestalde, azaroaren 29tik abenduaren 1era bitartean, Victoria Eugenia Clubak hiru ikuskizun hartuko ditu. Lehenengoa, azaroaren 29an, L’Alinea frantziar konpainiak eskainiko duen ‘Petites histoires sans paroles’ izango da (Istorio laburrak hitzik gabe). Ikuskizun horretan hiru istorioa azalduko dira musikaren laguntzarekin.
Azaroaren 30ean, Di Filippo konpainia italiarrak ‘Variations’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko du. Hau ere hitzik gabeko ikuskizuna izango da eta hariko txotxongiloetan oinarritzen da.
Azkenik, abenduaren 1ean, Malagako Ángeles de Trapo konpainiak ‘Error 404’ izenburuko ikuskizuna eskainiko du 17:00etatik aurrera.