Tolosako Udalak eskualdeko bederatzi gazte kontratatuko dituela iragarri du. Kontratazioa Udalak lan-aukerak bultzatzeko eta gazteen langabeziari aurre egiteko ahaleginaren barruan kokatzen da. Aipatu kontratazio horien bidez langabezian diren gazteei lan merkatuan sartzeko aukera eman nahi zaie. Aldi berean, udalerriaren laneratze-tasa ere hobetu nahi da, betiere, eskualdean diren enpresen eta langileen beharra ardatz izanik.
Udalak egin duen deialdian udalerriko gazteek eta euskaldun gazteek lehentasuna izango dute.
Kontratazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren Programaren barruan egingo dira, tokiko erakundeei gazteak kontratatzeko ematen zaien laguntzaren bidez, hain zuzen ere. Tolosako Udalak bederatzi kontratazio egiteko dirulaguntza lortu du. Onuradunek lanaldi osoan lan egingo dute urtebetez.
Deialdian parte hartu ahal izateko honako baldintzak bete beharko dira:
- Tolosaldean erroldatuta egotea.
- 16-30 urte bitarteko gaztea izatea.
- 3. Hizkuntza Eskakizuna euskara-maila edo baliokidea izatea. Profil teknikoen kasuan, 4. Hizkuntza Eskakizuna.
- Enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta egotea, alta-egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete nahi den lanposturako eskatzen den prestakuntza akademikoa izatea.
- Gazte Bermea Sistemaren fitxategian inskribatuta egotea eta kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko ekintza batean hautatuak izateko 18/2014 Legean ezarritako baldintzak betetzea.
Hautagaitzak aurkezteko epea datorren urriaren 24ra arte izango da zabalik. Eskatzaileek eskaera Lanbideren web gunearen bidez osatu beharko dute.