‘+Topaketak’ kulturako biurtekoa Nafarroako 8 udalerritan izango da

Tutera, Tafalla, San Adrian, Lizarra, Altsasu, Bera, Lesaka eta Agoitz udalerriek hartuko dute ekimen honen aurtengo edizioa

Azaroan zehar, Nafarroako zortzi udalerrik ‘Iruñeko Topaketak’ egitasmoa osatzen duen ‘+Topaketak’ biurtekoa hartuko dute. Zehazki, Tutera, Tafalla, San Adrian, Lizarra, Altsasu, Bera, Lesaka eta Agoitz izango dira kultura, artea eta pentsamendua ardatz dituen egitasmo hau. Programa Baluarte Fundazioak eta La Caixa Fundazioak antolatzen dute eta Nafarroako Gobernuaren babesa du.

‘+Topaketak’ biurtekoaren aurtengo edizioa azaroaren 7tik 29ra bitartean egingo da Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearekin elkarlanean. Bertan, urrian izan diren Iruñeko topaketetan jorratutako hainbat gairen inguruko hausnarketa egingo da, hala nola, María Zambrano eta Simone Well filosofoen pentsamendua, emigrazioa, indarkeria digitala, algoritmoak, natura eta arte bisualak. Egitarauak hartzen dituen jarduera guztiak doakoak dira, baina zenbait kasutan, izena eman beharko da aldez aurretik.

Jardueretan parte hartuko dute, adibidez, Marta Peirano kazetariak, Adan Kovacsics idazleak, Carlos Javier González filosofoak, Mónica Fernández-Aceytuno biologoak eta Carolina B. García-Estevez historialariak. Haiekin batera izango dira María Ptqk pentsalaria, kulturan aditu Berta Viteri eta Roberto Valencia idazlea.

Jarduera artistikoak

Programazio artistikoaren barruan instalazio bisualak, kontzertuak eta diziplina anitzeko ikuskizunak programatu dira. Azaroaren 11n, adibidez, Apichatpong Weerasethakul zinemagileak ‘Fiction’ izeneko instalazioa aurkeztuko du Tuterako UNEDen.

Agoitzeko Kultur Etxeak, berriz, AzkonaToloza & Rammsyren ‘Kontzertu geologikoa’ hartuko du azaroaren 16an. Jarduera honek musika eta zinema uztartzen ditu elementu naturalen inguruko hausnarketa egiteko.

Azaroaren 23an, Tafallako Kulturguneak Gandeia taldearen kontzertu-ikuskizuna hartuko du. Kasu honetan, gonbidapena lortu behar izango da aldez aurretik.

Oskar Alegríaren ‘La quietud de los burros’ hitzaldi eszenikoa ikusgai izango da Lizarran eta San Adrianen, azaroaren 25ean eta 30ean, hurrenez hurren.

Lesakako liburutegian, berriz, Patxi Araujoren ‘La distribución del caos’ arte-instalazioa ikusi ahal izango da azaroaren 27an.

Azkenik, Altsasuko Lortia kultur guneak CMC-Garaikideak-en ‘Ökologie’ kontzertua hartuko du azaroaren 30ean.