Tximino infinituaren teoremak dio ordenagailu baten teklak ausaz sakatzen dituen tximino bat Shakespeareren “Hamlet” idaztera irits daitekeela denbora tarte infinitu batean. Hori da, hain zuzen ere, Gizmodo-ren bertsio espainiarra jotzen duen edonork pentsa lezakeena. Izan ere, hil honen hasieratik, akatsak dituzten artikuluak eta zentzurik gabeko esaldiak eta adierazpen arraroak ohikoak dira teknologian espezializatutako webgune horretan.
Tximinorik ez teklatuaren aurrean
Artikulu horiek irakurrita baten batek pentsa lezake kazetariak mozkortuta zeudela. Baina errealitatea askoz prosaikoagoa da: webguneak ez du kazetaririk. Gizmodo España-rentzat lan egiten zuten langile guztiak kaleratuak izan ziren bideo-dei baten bidez abuztuaren amaieran. 2002an Peter Rojasek sortutako teknologiako weblogak Espainiako dibisioko zerbitzuak alde batera uztea erabaki du, webgunea itzulpenen autoargitalpen bihurtzeko. Matias S. Zavia erredaktoreak Twitterren adierazitakoaren arabera, “IA batek lana kendu dit, literalki”. Hau da, webguneak ingelesezko edukien itzulpen automatikoen bidez funtzionatzen jarraituko du (Google Translatek egiten dituenak baino kalitate txarragoko itzulpenak).
Badirudi erabakia ezustekoa izan dela langileentzat eta, ofizialki azaldu ez bada ere, erabakia, ziurrenik, publizitateak eragindako diru-sarreren beherakadagatik eta komunikabideetan bizi den krisiagatik hartu da. Gizmodo mundu mailako teknologia-hedabide nagusietako bat da. 2016. urtean Univision Communications-ek erosi zuen eta 2019tik Great Hill Partners-en parte da.