Udako ordutegia urte osorako

Pasa den martxoaren 30ean ordubete aurreratu behar izan genituen gure erlojuak. Urtean bitan aldatzen ohi dugu gure ordutegia eguzki orduetara egokitzeko, baina neurri horrek eztabaida handiak sortzen ditu Europa mailan eta, printzipioz, 2021. urtean aldaketa horiekin amaitu nahi da. 

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak dituen datuetan oinarrituta, Gazteen Euskal Behatokiak neurri horren inguruan duen iritziaren berri eman du. Datu horien arabera, gazteriaren % 43,7 ordutegi aldaketak kendu eta urte osoan ordutegi bera mantentzearen aldekoa da. Ordutegi aldaketak mantentzearen aldekoak, berriz, % 28 dira. 25 eta 29 urte bitarteko gizonak dira ordutegi aldaketak kentzearen aldekoenak. 

Ordutegi aldaketak kenduko balira eta ordutegi bat mantendu behar izatekotan, Euskadiko gazteek nahiago dute udako ordutegia mantentzea. Horren alde azaltzen dira gazteen % 61.

Gazteek gai horren inguruan duten iritziak bat egiten du gizartean nagusi den iritziarekin. Horrela, aipatu datu horien baitan, 30 urtetik gorakoen artean ere nagusi da ordutegi aldaketak kentzearen aldeko iritzia. 

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.