UNESCOk Parisen duen egoitzan aritzeko bekak

Beka deialdi honi esker Bizkaiko bi gaztek sei hilabeteko praktika profesionalak egin ahalgo dituzte UNESCOren egoitza nagusian

BBK-k eta UNESCO Etxeak Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) Parisen duen egoitzan lan egiteko bi bekarako deialdia egin dute. Bekak Bizkaiko gazteei zuzenduta daude eta berariazko bi arlotan esperientzia profesionala lortzen laguntzea dute helburu: Bi arlo horiek Gizarte eta Giza Zientzien Saileko Gazteria Atala eta Komunikazio eta Informazio Saileko Bulego Exekutiboa.

Bekek sei hilabeteko iraupena izango dute, 2025eko otsailetik uztailera bitartean, eta 10.000 euro gordineko diru-zuzkidura eskaintzen dute. Kopuru horrek zerga-kenkariak izango ditu, eta bidaiako laguntza-aseguru bat ere estaliko du. Gainera, onuradunek bekaren aldia hasi aurretik UNESCOri eta Nazio Batuen Erakundeari buruzko prestakuntza-ikastaro bat jasoko dute.

Gizarte eta Giza Zientzien Saileko Gazteria Atalean aritzeko beka deialdian parte hatu ahal izateko honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Bizkaian erroldatuta egotea.
  • Azken bost urteetan eskuratutako gizarte-zientzietako, nazioarteko harremanetako, zuzenbideko edo lotutako ikasketetako unibertsitate-titulua izatea (zazpi urte desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan).
  • Gazteriarekin zerikusia duten diziplinarteko gaiak ondo ulertzea.
  • Ingelesa eta/edo frantsesa menderatzea.
  • Komunikazio-trebetasun bikainak izatea, bereziki txostenak eta oharrak idaztean, eta talde-lanerako prestasuna izatea.
  • Informatika-ezagutza onak izatea.

Interesdunek bbkunesco.comunicacion@unetxea.org helbidera bidali beharko dute curriculum vitaea, “BBK – UNESCO Gazteria” erreferentzia duela, 2024ko azaroaren 1a baino lehen.

Komunikazio eta Informazio Saileko Bulego Exekutiboan aritzeko beka jasotzeko, berriz,  honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Bizkaian erroldatuta egotea.
  • Masterra izatea nazioarteko harremanetan, zientzia politikoetan, programen koordinazioan eta kudeaketan, komunikazioan edo lotutako beste arlo batzuetan, azken bost urteetan amaitua (edo zazpi, desgaitasuna duten pertsonen kasuan).
  • Ingelesa eta/edo frantsesa bikain menderatzea.
  • Idazteko, komunikatzeko eta denbora planifikatzeko eta kudeatzeko trebetasun aurreratuak.
  • Taldean, presiopean eta xehetasunez lan egiteko gaitasuna.
  • Ekimenerako gaitasuna eta profesionaltasuna.

Eskaerak bbkunesco.comunicacion@unetxea.org helbidera bidali beharko dira, 2024ko azaroaren 1a baino lehen.

Hautagaitza guztiak jaso ondoren, baldintzak betetzen dituzten eta lanpostu bakoitzerako UNESCOren irizpideetara egokitzen diren profilak ebaluatuko dira. Hautaketa-prozesuak elkarrizketa bat eta Unesco Etxean egindako hizkuntza-proba bat izango ditu. Ondoren, UNESCOk online elkarrizketa egingo die aurrez hautatutako pertsonei eta elkarrizketa horietatik aterako dira beken bi onuradunak.