Unibertsitate tasak % 4,7 murriztuko dira Euskadin datorren ikasturtean

Beherapen hori graduko ikasketetako lehen matrikulazioei aplikatuko zaie. Bigarren matrikulen eta ondorengoen prezioek berean jarraituko dute.

Datorren ikasturtean unibertsitatean ikastea merkeagoa izango da Euskadin. Izan ere, UPV/EHUko unibertsitate tasak % 4,7an jaitsiko dira. Beherapen hori graduko ikasketetako lehen matrikulazioei aplikatuko zaie. Gaikuntza-masterren kasuan, beherapena % 19,5 eta % 35,9 bitartekoa izango da, masterraren arabera. Bigarren matrikulen eta ondorengoen prezioek berean jarraituko dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik azpimarratu denez, azken urteetan esfortzu handia egin da unibertsitate tasak igoerarik gabe mantentzeko. Sailaren helburua da, “familiei laguntzea eta ekitatea bermatzea”.

Iragarri berri den neurriarekin jada zazpi ikasturtez izoztuta mantendu dira unibertsitate tasak, 2015-16 ikasturtetik, hain zuzen ere. Datorren ikasturtean, gainera, tasak jaitsiko dira.

Bekak

Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, amaitzear den ikasturte honetan 14.398 unibertsitariok jaso dute unibertsitate bekaren bat. Kopuru horretatik, 10.647 beka orokorrak izan dira eta horietara 28,4 milioi euro bideratu dira. Beka eskaeren % 70 inguru ebatzita eta ordainduta zeuden pasa den urtearen amaierarako.

Datorren ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak beken ebazpenean eta ordainketan epeak laburtzea izango du helburu.

Beka orokorrez gain, Hezkuntza Sailak bestelako bekak ere kudeatzen ditu (nazioarteko mugikortasun-bekak, Ikasiker bekak, iragate eta ekintzailetza-bekak, doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko deialdiak…). Horiek guztiak aintzat hartuta, guztira, 45,6 milioi euro bideratu dira unibertsitarioak eta ikertzaileak laguntzera.