Ukrainako gerra, ekonomia eta klima-aldaketa dira Euskadiko adingabeen kezka nagusiak

UNICEFek egin duen Haur eta nerabeen iritzi-barometroaren arabera, euskal gazteek 7,3 punturekin baloratzen dute bizitzarekiko gogobetetze-maila

UNICEFek argitaratu berri duen ‘Haurren eta Nerabeen Iritzi Barometroa’ txostenaren arabera, Ukrainako gerra (% 21,4); ekonomia (% 13,7); Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak (% 9,3); eta, klima-aldaketa, ingurumena eta poluzioa (% 8) dira euskal adingabeen kezka nagusiak. Barometroaren hirugarren edizioa Sevillako Unibertsitatearekin batera egin da.

Estatu mailan, adingabeek antzeko kezkak azaldu dituzte, baina beste oren batean: Covid-19a (% 14,6); Ukrainako gerra (% 12,8); ekonomia (% 12,7); eta, klima-aldaketa (% 7,8).

Barometroak oso datu positiboa ematen du euskal gazteen ongizate emozionalari dagokionez. Izan ere, gazteek 7,3 punturekin baloratu dute bizitzarekiko duten gogobetetzea, Estatuko batez bestekoa (7,1) baino arinki altuagoa.

Barometroa

Barometroa zuzen du den Sevillako Unibertsitateko irakasle Francisco José Riverak azaltzen duenez, “gerra haurtzaroko eta nerabezaroko kezka nagusietan eta, haien ustez, gizarteari kezka eragiten dion horretan sartu izanak erakusten du haurrak eta nerabeak ez direla inguratzen dituen errealitatetik kanpo geratzen”.

Hamar haur eta nerabetik bakarrak uste du Espainiako egoera ekonomiko eta politikoa  ona edo oso ona dela. Adingabeen pertzepzioa hobea da udalerri mailan estatu mailan baino.

Barometroaren aurkezpenean Bilbon bizi den Gorkak (13 urte) azaldu du “oro har, entzuten gaituztela sentitzen dut, eta laguntzen saiatzen direla, baina hiriak bezalako leku handietan zailagoa da gure ideiak gauzatzea”. Izan ere, barometroak euskal gazteek sistema politikoarekiko duten atsekabea eta mesfidantza uzten du agerian. Ildo horretan, baloraziorik okerrenak jaso dituztenak honako hauek dira: alderdi politikoak (4,1), ordezkari erlijiosoak (4,2) eta monarkia (4,5). Ostera, barometroak gazteek erakunde zientifikoekiko, ikastetxeekiko eta GKEekiko gero eta konfiantza handiagoa dutela jasotzen du. Hala ere, haurrek eta nerabeek erakundeekin lankidetzan aritzeko edo haiei dagozkien gaietan jarduteko duten interesa gero eta txikiagoa da.

Lanbideak

Barometroak jasotzen duenez, EAEko haur eta nerabeek gehien baloratzen dituzten lanbideak honako hauek lirateke: medikua (8,3), kirolaria (7,6), aktorea (7,6) eta arkitektoa (7,4). Balorazio txikiena lortu duen lanbidea politikariena da (4,4).

Helduak direnean aukeratuko luketen lanbideen inguruan galdetu zaienean, berriz, euskal adingabeek irakaskuntzaren , kirolaren eta ingeniaritzaren alde egin dute.