“2016. urteko nondik norakoak: zapatila berri batzuk erosi nituen, gimnasiora apuntatu, nahiz eta lehen egunetan soilik joan; ez dut nire ingeles-maila hobetu; whatsapp-ean murgilduta bizi naiz; aurten ez dut libururik irakurri; azterketa-garaian baino ez dut ikasten; aurreztea pentsatuta neukan baina… aitzakiaren bat nuen!; eta alkohola eta dietarena, iruzkinik gabe utz dezagun”.
Urtero bezala, elikadura hobetzea jende askoren nahien artean aurkitzen da baina % 10ak soilik bere asmoren bat betetzen du. Dirudienez, era osasuntsuan jatea munduko gauzarik zailena da. Zientziak gauza asko lortu dituen bitartean: gidaririk gabeko kamioia gidatzea (gezurra badirudi ere, garagardoa garraiatzen zuen); grabitazio-uhinak hartu; ur likido existentziako proba berriak aurkitu Martitzen, gatzduna; DNA aldatzeko aukera, gaixotasunak saihesteko; landareak espazioan landu eta garatu, urazak zehazki… urteak pasa ahala zure txitxi madarikatuak desegitea ezinezkoa da! Entsegua behar du, iraunkortasuna. Nahiz eta “15 eguneko plana” balio ez izan, urtero berriro ere saiatzen zara.
Azterketa-denbora. Zure lagunetako zenbatek probatu du paleo-dieta? Eta gabe-dieta? Glutenik gabe, laktosarik gabe, ezer-gabe! Zalantzarik gabe, 2016. urtea smoothie berdeko urtea izan da: askaltzeko barazki-pure hotza eramatearen moda -jada amatxok zioen, “ez baduzu jaten afaltzeko izango duzu” – eta barrutik araztu. Orain esan iezadazu egia, zein probatu dituzu? Hain eraginkorra da, non orain kilo bat galdu ordez, bi galdu behar dituzun. Eta horregatik “fitbit” app-a deskargatzeko tentazioa izan zenuen, edo antzeko zerbait. Galderatxo bat, estreinatu al duzu?
Oloa haragi berria da, kalitate oneko proteinak eta begetal jatorrikoak; eta quinua olo berria da, kalitate oneko proteinak, begetal jatorrikoak eta “glutenik gabe” gainera; edo agian nahiago duzu teff edo sarrazeno-garia. Paleo urtea izateko, zerealak bogan daude! Gehien sorgintzen gaituenak superfood-ak dira. Ez, ez diezadazun uka! Sukaldeko apaletan kurkuma eta txia barneratu dituzu (nahiz eta haiekin ez jakin zer egin); edo bestela, ahuakatea, brokolia eta izokina barneratu dituzu. Edota yogui-tea. Argi dago Asia modan dagoela: sushia indarrez eta bat-batean sartu da, euskal ahosabaiak konkistatuz.
Eta urtea amaitzeko? 2016ko neguak azukreari gerra deklaratu dio. Berez, Espainiako gobernu “berriaren” lehen neurria, azukredun edarien BEZaren igoera izan da; Frantzia, Danimarka, Finlandia, Hego-afrika edo Mexiko bezalako herri-joera jarraituz –jaten baduzu, larrutik ordainduko duzu!–. Munduko Osasun Erakundeak (MOE) berak, neurria gomendatu du; helburua: gizentasuna, diabetesa eta hortz-txantxarraren prebalentzia txikiagotzea -ez dute diru-bilketako grinarik-. Eztabaidagarria gertatzen dena da, zerga azukredun edarietan ezartzen dela eta ez osagaiari, azukreari. Neurriak sakelan zuzenki talka egiten du: erosteko gogoa kentzea helburu delako; baina baliagarria izango ote da?
“2017rako helburua: 2016. urteko helburuak betetzea da, 2015. urtean hitzeman nituenak, 2014. urtetik berreskuratutakoak eta 2013an planifikatutakoak. Urtarrilaren 1etik aurrera, hitzematen dut: ingelesa ez ikasi, gimnasiora ez joan, dieta ez egin… izango ditudala lelotzat. Ea horrela, zeozer lortzen dudan”.
Nerea Segura