Uxue Otxoa: “Emozio guztiak beharrezkoak dira. Ez daude emozio positiboak eta emozio negatiboak; guztiak adaptatiboak dira”

Pandemiaren eraginez nahasmendu psikologikoak nabarmen hazi dira gazteen artean. Zeintzuk lirateke gorakada hori azaltzen duten arrazoiak? Hau da, itxialdiak zein modutan eragin ahal izan du gazteen psikologian?

Psikologiaren ikuspegitik, pandemiak ezjakintasunak eragin duen nahasmen sentsazio bat sortu du. Gizakiok kontrol sentsazio bat behar dugu segurtasuna ematen diguten gauza horiek egiten lasaitasuna lortzen dugulako. Gure garunaren xede nagusia biziraupena da eta, hortaz, mehatxuzko estimulu guztiak saihesten saiatzen gara eta, ahal dugun heinean, horiei aurre egiten. Pandemiaren kasuan, ezin izan dugu mehatxu horretatik ihes egin eta egoera horri aurre egiteko ezjakintasuna nola kudeatu izan da gatazka nagusietako bat.

Gazteen kasuan, ondorioak pandemia amaitu ostean azaleratu dira. Pandemia garaian gazteak nahiko ondo egokitu dira, baina behar sozial eta emozionalak ez dira behar bezala asetu. 

Pandemiak eragin duen kontrolik eza horren aurrean, jendea kontrola zitzakeen jarduerak egiten hasi zen: kirola, elikadura… Azken horren kontrolak, hala ere, hainbat nahasmendu eragin ditu, kontrol hori hainbat kasutan obsesio bilakatu delako.

Aldi berean, pandemiak estres-maila ere igo du. Exijentziak ez dira lehen bezala gainditzen eta esfortzuaren aurrean ukatze moduko bat ematen ari da. Adibidez, ikasketetan ondo ibili izan diren zenbait ikasle arazoak izaten hasi dira, ez exijentzia-maila igo delako, baizik eta hori gainditzeko beharrezkoa den arretak behera egin duelako.

Psikologia abiapuntutzat hartuta, norberaren onena lortzeko lan egiten duzu, nagusiki kirolean. Printzipio bera aplika daiteke bizitzako beste hainbat esparrutara?

Nik kirolariekin baino, pertsonekin egiten dut lan. Kirol arloan ogibidea duen pertsona horrekin momentuko arazoren bat lantzen dudanean, beti pertsona gisa dituen bestelako egoeretara eramaten dut, norbera kirolean dena kiroletik kanpo ere badelako. Adibidez, lehen aipatu diren elikadura-nahasmenduak biderkatu dira goi-mailako kirolarien artean ere, lehiaketak bertan behera geratu zirenez gero, kontrol falta horrek, hots, entrenamenduaren helburu falta horrek, beldur asko eragin zituelako. Kontuan izan behar da goi-mailako kirolean lehiaketa, nolabait, aurretik egindako lanaren ebaluazioa dela eta, lehiaketarik gabe, erreferentzia hori galtzen da.

Esaera zaharrak dio ‘eskuak garbitzea baino, ez zikintzea hobe’. Sarritan horretarako mentalki prestatuta ez gauden hainbat jardueratan sartu egiten al gara? Hau da, jarduera batek eragin diezazkigukeen ondorio mentalak aintzat ez hartzeko joera omen dugu. Alde batera uzten den zerbait al da?

Unibertsitatean irakatsi zidaten motibazio intrintsekoa dela garrantzitsuena eta estrintsekoak edo kanpokoak bakarrik ez duela balio. Nik beste iritzi bat daukat: motibazio intrintsekoa baduzu eta hori motibazio estrintseko batekin bateratzeko aukera baduzu horrek sari handia ekarri ahal dizu. Baina kontuz! Hemen gure buruari galdetu behar dioguna da zer dagoen gure esku. Nire esku dagoen hori da nik kontrolatu, aldatu edo hobetu dezakedan gauza bakarra. Nire kontrolpean ez dauden gauzak ezin ditut kontrolatu eta arreta gauza horietan jartzen denean denbora galtzen da eta emozioak beste era batera etortzen zaizkigu bueltan.

“Bizitza ez da gertatzen zaizuna, gertatzen zaizun horri ematen diozun interpretazioa baizik”.

Ikasle askori azterketa garaiak estresa eragiten die. Nota onak ateratzeko beharra, ez gainditzeko beldurra… Nola kudea daiteke presio hori? Zer da, berez, ikaslearen esku dagoen hori?

Azterketa batean lortzen den notak edo lehiaketa batean lortzen den emaitzak edo postuak ez du definitzen zu zarena. Nik beti esan dut emaitza pastel baten ginga dela, baina zure lana pastela ondo egitea da. Emaitza zure kontroletik kanpo dagoen zerbait da, beraz ez jarri arreta emaitzean. Azterketa batean irakasleak zuzentzeko duen patroiak eragin ahal dizu. Lehiaketa batean, agian, garbiago ikusten da, zure errendimendua beste lehiakideen errendimenduarekin konparatzen delako. Saria motibaziora eraman daiteke motibazio hori indartzeko, baina arreta ezin da soilik sarira bideratu. Horregatik zenbakiekin harremana ez duten helburuak jarri behar dizkiogu gure buruari.

Baina gizarte honetan emaitzari ematen zaio lehentasuna. Hezkuntzan, adibidez, unibertsitatean sartzeko ebaketa-nota bat dago. Kirolean ere gutxieneko markak edo bestelako emaitzak eskatu ohi dira…

Emaitza, hezkuntzan edo kirolean, ez dago gure kontrolpean. Eta gure kontrolpean ez den emaitza batek ez liguke porrot sentsazioa eragin behar. Saria norberak bere buruari jarritako helburuak betetzen direnean lortzen da. Egia da, kanpokoentzat lortzen dugun emaitza hori garela, baina nik ez nuke nire burua parametro horien arabera definitu behar. Ikasleen kasuan, adibidez, ardatza aipatu duzun ebaketa-nota horretan jartzeko joera dago. Baina bestelako gerturatzea beharko litzateke: zertarako ikasten ari naiz? Nota zehatz bat lortzeko ala nigatik? Ardatza autonomia horretara eraman behar da; motibazioa aldatu. Bizitza ez da gertatzen zaizuna, gertatzen zaizun horri ematen diozun interpretazioa baizik. Hezkuntzan, adibidez, emaitza txar baten aurrean erantzunak guztiz ezberdinak izan daitezke. Alde batetik jarrera negatiboa izan ahal duzu errua irakasleari botaz edo lur jota geratuz, edo jarrera positiboa izan ahal duzu eta zure buruari galdetu zertan egin duzun kale eta zer egin behar duzun hurrengoan emaitza hori hobetzeko. Arreta gure kontrolpean ez diren gauza horietan jartzen denean errazagoa da frustrazioa azaltzea. Gure ahalegina, beraz, kontrola dezakegun gauza horietan jarri behar dugu, betiere, noski, saria kanpotik eskatzen diguten hori izango dela aintzat hartuz, adibidez, ebaketa-nota gainditzea.

Baina aipatzen duzun gerturatze horrek ez dizu saria bermatzen eta horrek, nolabait, frustrazioa ere eragin dezake…

Emaitza edo saria ez dago inoiz bermatuta, gure kontrolpean ez diren alderdi askok eragiten dutelako bertan. Frustrazioa ekiditeko itxaropenek beti errealistak izan behar dute. Itxaropenak errealistak ez direnean bermatuta dagoen gauza bakarra frustrazioa da. Ikasgai bat gainditzeko ikasle baten epe motzeko helburua ezin da ikasgai horretan bikain bat ateratzea. Helburuak fantasiara eramaten badira, helburu horiek ez dira errealistak izango eta frustrazioa eragingo dute. Aldiz, helburu errealista eta lorgarri bat jartzen bada, adibidez, ikasle horren kasuan zazpi bat lortzea, zailagoa izango da frustrazioa azaltzea. Posible da azaltzea, baina ez da hain  handia izango.

“Gure kontrolpean ez dauden gauzak ezin ditugu kontrolatu eta arreta gauza horietan jartzen denean denbora galtzen da eta emozioak beste era batera etortzen zaizkigu bueltan. Arreta gure kontrolpean ez diren gauza horietan jartzen denean errazagoa da frustrazioa azaltzea”. 

Goi-mailako kirolaren kasuan, adibidez, saria zure bertsiorik onena gainditzea da. Beste batzuen kontra lehiatzen duzunez gero, ezin duzu kontrolatu besteen jarduna. Zure buruaren kontra lehiatzen duzula ulertu behar duzu.

Hezkuntzan, adibidez, oso nota onak atera izan ohi dituen ikasle batek ez du ikasgai bat gainditzen. Edo kirolean, irabazle den norbaitek kale egiten du lasterketa nagusian. Nola kudeatu ‘lehen’ porrot hori?

Kontuz irabaztera edo emaitza onak ateratzera ohituta dagoen pertsonekin. Benetako hezkuntza-emozionala huts egiten denean ematen da. Emaitza onak izan dituzten pertsonen kasuan, ‘lehen’ porrot edo hutsegite hori ematen denean frustrazioa askoz handiagoa izan ohi da, bere burua ez dagoelako ohituta egoera horretara. Hor ere garrantzitsua da pertsona horiek ‘garaipena’ nola ulertu izan duten: esfortzurik gabeko emaitza izan da?, pertsona diziplinatua izan da? Testuingurua oso garrantzitsua da: familia, lagunak, taldea… 

Horrelako egoerek introspekziorako aukera ezin hobea ematen dute: zer egin dut orain arte emaitza onak lortzeko? Zer egin ahal dut orain? Kasu horietan, sarritan, erruduna kanpoan bilatzeko joera dago: irakaslea, epailea… Introspekzioa ez da errudunak bilatzeko egin behar, ondo egin dugun hori azpimarratzeko baizik. Zoritxarrez, gure gizartean beti akatsa bilatzeko joera dugu.Noiz ematen digute feed-back positiboak?

Esperientziak erakutsi digu huts egiteak kale kantoiaren bueltan direla: azterketa bat ez gainditzeko arriskua, lasterketa batean espero zen emaitza ez lortzea… eta maila sakonago batean maite dugun horien galera. Badakigu horrelako egoerei aurre egin beharko diegula, baina horiek iristen direnean zaila da psikologikoki behera ez egitea. Nola kudea daitezke egoera horiek?

Egoera horiek arrazionalki edo kognitiboki uler ditzakegu, baina ulermena ez da bera emozionalki egiten denean, emozioek ez baitute ulertzen. Emozioak koherente dira gertaerekin: tristura, galera, mina, pena… Heriotza aurreratu batek lanketa arrazional bat egiteko aukera ematen du, bat-batekoa denean ez. Gure garunak galera emozional guztiak heriotza bezala bizi ditu, dolu bat pasatu behar dugu. Izan ere, garunak ez du errealitatearen eta fikzioaren artean bereizten, dena da benetakoa. 

Horregatik da hain garrantzitsua barne elkarrizketa. Burua egoera zehatzetara eraman behar dugu kontrolagarriak diren estimuluak sentitzeko. Azken finean, ulertu behar dugu emozio guztiak direla beharrezkoak. Ez daude emozio positiboak eta negatiboak; guztiak dira adaptatiboak. Egia da emozioak atseginak eta desatseginak bezala bizi ahal ditugula. 

Aipatzen dituzun adibideen atzean beldurra azaltzen da eta beldurraren atzean beti dago mezu bat. Beldurrik gabe ez genituzke gure segurtasun eremuak baloratuko. Arazoa da beldurrak gure jarduera kontrolatzen duenean. Egoera horretara iristen bagara zaila egingo zaigu egoerari buelta ematea. Hor ere beldur arrazionalak eta irrazionalak bereizi beharko lirateke. Arrisku egoera objektibo baten aurrean normala da beldurra sentitzea, beldur arrazional bat litzateke. Baina hainbat kasutan, beldurrak irrazionalak dira, hots, guk geuk gure buruan eraiki ditugunak, printzipioz arrazoi objektiborik gabe. Eta beldurrak gainditzeko modu bakarra horiei aurre egitea da.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.