Nerabeen artean ematen den antsiolitiko eta hipnosedatzaileen kontsumoa aztertu duzue. Horretarako, biztanleria orokorraren osasun mentalaren narriaduran ziren zantzuak izan dituzue abiapuntu. Zeintzuk dira zantzu horiek?
OPIK taldean osasunaren gizarte-baldintzatzaileak aztertzen ditugu. Gizartean hauteman daitezkeen osasun-arazoetan generoa, klase soziala edo jaioterria bezalako baldintzatzaileek zein eragin duten aztertzen dugu. Azken hiruzpalau urteetan taldeak emakumeen artean ematen den osasun mentalaren medikalizazioa aztertu izan du, bereziki, diagnostiko psikiatrikoei eta psikofarmakoen preskripzio altuei arreta jarriz.
Lehen azterketa horietan ikusi ahal izan genuenez, oro har, psikofarmakoen kontsumoa altua izateaz gain, emakumeek kontsumo-maila altuagoak azaltzen zituzten adin-tarte guztietan.
Covid-19aren pandemiaren ostean, gazteen artean osasun mentaleko arazo gehiago zeudenaren ideia zabaldu zenez, gai horretan sakondu nahi izan dugu. Horretarako, ESTUDES inkestan jasotako datuak erabili ditugu. Bertan gazteen artean ematen den droga ezberdinen kontsumoak eta bestelako aldagaiak jasotzen dira. Aipatu inkestan bildutako adierazleak aztertuta ikusi genuen egoera ez zela positiboa. Adibidez, preskripzioen kasuan, azken urteetan goranzko joera nabaria da.
Kontuan izan behar dugu nerabezaroa, bereziki, adin-tarte zaurgarri bat dela eta ez dagoela adin-tarte horretan diren gizarte-baldintzatzaileak aztertzen zituen ebidentzia zientifiko askorik. Hortaz, ikerketa hau egitea erabaki genuen, hots, biztanleria orokorrean ematen den hori nerabeen artean ere ematen den ala ez zehazteko.
Ikerketan ikusi ahal izan duzuenez, antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen kontsumoa nabarmen handiagoa da 14-18 urte bitarteko neska gazteen artean mutil gazteen artean baino. Zer dela eta joera hori?
Ikerketak eman duen ideia nagusia kontsumo horietan ematen den genero desberdintasuna edo desparekotasuna da. Izan ere, ikusi ahal izan dugunez, generoaren aldagaia erabakigarria da ez bakarrik aipatu kontsumoan, baita ondoezaren sorreran, hori kudeatzeko moduan, osasun sistemara heltzerakoan jasoko den arretan edo norbanako gisa osasun sistemaz espero dezakezun horretan ere.
Gure azterketan, arlo biologikoari baino, arlo soziologikoari eman nahi izan diogu garrantzia. Izan ere, nerabeei galdetu zaienean nola iritsi diren kontsumo horietara, erantzunetan ikus daitekeenez, arrazoiak, nagusiki, guztiz sozialak dira: ikasketak eta zaintza uztartu behar izatea, presio estetikoa, ikasketetan den exijentzia maila altua… Horiez gain, adin horretan izan ohi diren lehen harreman afektibo-sexualen aldagaia ere nabarmentzen da eta, nesken kasuan, zenbait esperientziak ondoeza eragiten diete.
Laburtzearren, ikusi ahal izan dugunez, antsiolitiko eta hipnosedatzaileen kontsumoan diren aldeak ezin dira hormona kontu batera mugatu eta, ostera, bestelako gizarte-baldintzatzaileek eragin nabaria dute.
Nesken artean, zeintzuk lirateke kontsumo horietan eragiten duten gizarte-baldintzatzaileak?
Ikerketan ESTUDES inkestan jasotako zenbait aldagai hartu ditugu, hala nola, gurasoen ikasketa-maila, gazteen jaioterria…eta adierazitako kontsumoekin gurutzatu ditugu. Ikusi ahal izan dugunez, eta espero genuen bezala, gurasoen hezkuntza-maila zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta kontsumo altuagoak ematen dira. Amaren hezkuntza-maila bakarrik aztertzen bada, fenomeno hori are ageriagoa da.
“Kontsumo horietan eragiten duten aldagai asko partekatuak dira neska eta mutilen artean. Burura datozkit, adibidez, etorkizunera begirako ziurgabetasuna, emaitza akademikoen presioa, sare sozialen eragina…”
Jaioterriari dagokionez, berriz, eragin esanguratsua ez duen aldagaia ikusi dugu gure ikerketan. Dena den, kontuan izan behar dugu aztertu dugun laginean atzerritar jatorriko ikasleen kopurua oso mugatua izan dela eta, hortaz, oso zaila da zehaztea aldagai horren benetako eragina.
Zergatik dira ohikoagoak kontsumo horiek gurasoen ikasketa-maila baxuagoak direnean? Pentsa liteke gurasoek ikasketa-maila altua dutenean eta, ondorioz, egoera sozioekonomiko hobea, nerabeek horrelako farmakoak lortzeko baliabide edo aukera gehiago dituztela…
Etxeko egoera sozioekonomikoak gazteen osasun mentalean zuzeneko eragina duela frogatzen duen bibliografia zientifikoa ugaria da. Psikofarmakoen kontsumoan duen eraginean ez da hain ugaria, baina oinarri gisa ideia hori genuen.
Ikerketan jaso ditugun kontsumoak errezetarekin eta errezeta gabe dira. Baina azken horien kopurua oso txikia da. Azken finean, Espainia bezalako estatu batean osasun-estaldura nahiko unibertsala da. Ondorioz, horrelako farmakoak lortzeko aldagai sozioekonomikoa ez da hain garrantzitsua. Egia da, osasun-estaldura hain unibertsala ez den beste herrialde batzuetan aldagai hori garrantzitsuagoa izan daitekeela eta badira hori azaltzen duten zenbait azterlan.
Gainera, baliabide ekonomiko altuagoak dituzten familietan badituzte irtenbide farmakologikoak ez diren beste aukera batzuk. Egoera sozioekonomikoaz gain, etxean ematen den ikasketa mailak ere eragina izan dezake ondoezari aurre egiteko eskura dauden estrategia edo bitarteko pertsonaletan.
Ikerketan horrelako farmakoak kontsumitzen dituzten, aldizka bada ere, nerabeen kopurua zehazten duzue. Sorpresa izan da zuentzat horrelako kopuruak ikustea?
Sorpresa ez da izan, Ministerioak berak ESTUDES inkestaren inguruko txosten bat argitaratzen duelako eta bagenuelako datu horien guztien berri. Kontuan izan behar dugu, abusuzko ohiko drogak alde batera utzita, hots, alkohola, tabakoa eta kanabisa, psikofarmakoak direla gehien kontsumitzen diren substantziak, baita Euskadin ere.
Guri sorpresa gehien eragin diguna adinaren eragina izan da adibidez. Guk 14-18 urte bitarteko gazteei egindako inkesta baten datuak erabili ditugu. Horien arabera, adin-tarte horretako nesken % 17 inguruk kontsumitu izan ditu azken urtean antsiolitikoak, baina adinen artean alde handiak daude: 14 urtekoen artean % 15 eta 18 urtekoen artean % 21 dira. Hor sei puntuko aldea dago, oso tarte esanguratsua. Gainera, kontuan hartu behar dugu biztanleria orokorrean horrelako farmakoak kontsumitzen hasteko batez besteko adina 30 urtetik gorakoa dela. Nerabezaroa da aldaketa garai bat non etorkizuneko afera asko finkatzen hasten diren. Oso adin-tarte berezia da, bai eraikuntza pertsonalean, bai mundua ulertzeko moduan.
Pandemiarekin osasun mentalen inguruko kezka areagotu da, bereziki gazteen kasuan. Horrek eragina izan al du farmako horien kontsumoan?
Antsiolitikoen kontsumoak aspaldi du goranzko joera. Ez nuke esango pandemiak eragin hain nabarmenik izan duenik. Izan ere, gure artean ondoezak farmakoen bidez tratatzeko joera nagusitzen ari da. Nire ustez, farmako horiek gero eta gehiago kontsumitzeko joera gure gizartean ondo funtzionatzen ez duen zerbait egotearen sintoma da. Gazteen kasuan, eta inkestak ere hala jasotzen du, etorkizunera begirako ziurgabetasun-maila areagotzen ari da.
Zuen ikerketak 14 eta 18 urte bitarteko gazteen kontsumoa izan du ardatz. Ba al dago ebidentziarik adin horietan kontsumitzen duten gazteek geroago ere kontsumitzen jarraitzen dutela esateko?
Inkestak bakarrik adin-tarte horretako gazteekin egiten du lan. Gu inkesta horretan oinarritu garenez ez dugu gazte helduago horien kontsumoen inguruko daturik landu. Badira pertsona helduagoetan diren kontsumoak aztertzen dituzten beste iturri batzuk, tendentzia gorakorra erakusten dutenak adina igo ahala. Baina ikerketa hauetan, gazteen kasuan, adin-tarteak oso zabalak izan daitezke, adibidez, 18-35. Nik ezingo nituzke gazteen kontsumoak kuantifikatu 18 urtetik aurrera, baina joerak ikusita, pentsa daiteke kontsumitzen jarraitzen dutela.
Ikerketan, nolabait, neska nerabeen artean antsiolitikoen kontsumoan eragiten dituzten aldagai nagusiak identifikatu dituzue. Zeintzuk lirateke aldagai horiek mutil nerabeen artean?
Kontsumo horietan eragiten dituzten aldagaiak partekatuak dira neska eta mutilen artean. Burura datozkit, adibidez, etorkizunerako ziurgabetasuna, emaitza akademikoen presioa, sare sozialen eragina…
Ikerketan zehazki jasotzen ez bada ere, nik esango nuke, mutilen kasuan eragin dezakeen aldagai nagusietako bat haien maskulinitatea kudeatzeko arazoa dela. Egia da mutilek ondoezari aurre egiteko beste bide batzuk hartu ohi dituztela, nagusiki, alkohola eta beste substantzia batzuk. Azken finean, ez dut uste neska gazteek mutil gazteek baino arazo “gehiago” dituztenik, era ezberdinetan adierazten diren arazoak baizik. Kontua da nesken ondoezan psikofarmakoetara jotzeko joera handiagoa dela.