Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, zein izan beharko luke euskara bezalako hizkuntza gutxiagotuen papera?
Lehenik eta behin, hizkuntza moduan mantentzea da hizkuntza gutxiagotuek duten erronkarik nagusiena. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, globalizazioak ez du zertan eraginik izan behar euskara bezalako hizkuntza gutxiagotuek duten estatusean. Egia da, globalizazioaren eraginez, hizkuntza batzuk nagusitzen ari direla eta, gaur egun, badirudi hizkuntza franko hori ingelesa izango dela. Hori garbi izanda, euskarak bere ibilbide propioa jorratu beharko luke eta, ahal den neurrian, gero eta jende gehiago erakarri, bai ezagutzara zein erabilerara. Horretarako, bestelako hizkuntza nagusiek egin ditzaketen erasoetatik nola babestu ere ikasi behar da.
Ikastaroaren izenburua aintzat hartuta, zein litzateke euskararen tokia?
Euskararen tokiak, ahal izanez gero, geografikoki Euskal Herria osoa hartu beharko luke. Ondoren, ahalik eta esparru sozial eta instituzional gehienetara zabaldu beharko luke. Etorkizunera begira, gure hizkuntzaren biziraupena bermatu behar da eta horretarako, komenigarria litzateke gaztelerarekiko duen harremana edo aldi bereko izatea zehaztea.
UNESCOren txosten baten arabera, gaur egun, 33 hizkuntza dira desagertzear Europan. Ikusten al da Europako erakundeetan hizkuntza gutxiagotuen aldeko hizkuntza politika baten beharra?
Bai, baina, zoritxarrez, ez da gertatuko. Europan ez da hizkuntza gutxiagotuen aldeko inolako politikarik egiten eta egun den joera mantentzen bada, hizkuntza homogeneizazio batera jotzeko arriskua dago. Europako estatuen logikari jarraituz, bakarrik berea den hizkuntzari ematen zaio garrantzia eta dinamika horretan, asko dira desagertuko diren hizkuntzak, batez ere, Europako ekialdean.
Beraz, Europak gutxi egiten du hizkuntza hauen alde…
Zerbait egin beharko luke baina, esan dudan bezala, ez dut uste ezer egingo denik. Gaur egun Europan diren aniztasun linguistikoak bere garaian asimilatu ezin izan zirelako ematen dira. Egun den errealitatea eramangarria da baina ez dut uste benetako hizkuntza berdintasunaren alde pauso nabarmenik emateko asmoa dagoenik. Adibide garbia dugu euskarak orain arte Nafarroan bizi izan duen egoeran edo Frantzian ematen zaion (edo ematen ez zaion) estatusarekin.
Hizkuntza gutxiagotuen biziraupenerako ezinbestekoa da erakunde publikoen babesa?
Bai, erakunde publikoen babesarik gabe ia ezinezkoa da aurrera egitea. Estatu guztiek defendatzen dute bere hizkuntza eta estatu egitura ez duten lurraldeetan bertako erakunde publikoek garatzen dituzten hizkuntza politikak oso garrantzitsuak dira. Azken finean, hizkuntza batek hiru ezaugarri nagusi behar ditu. Lehenik eta behin, hiztunak; horiek gabe hizkuntza batek ez baitu etorkizunik. Bigarrenik, hiztun horiek bere hizkuntza eskubideak garatu ahal izateko aldeko testuinguru bat behar dute. Eta, azkenik, babes legala eta legedi lagungarri bat. Hiru elementu horiekin posible da hizkuntza gutxiagotu bat mantentzea. Horietako bat falta denean, aldiz, askoz zailagoa da.
Euskara omen da euskaldun egiten gaituena baina beste hainbaten begietan, euskara ere izan daiteke espainiar egiten ez gaituena…
Baieztapen horrek arazo terminologiko bat adierazten du eta horren atzean, berriz, arazo sozial bat dagoela antzeman daiteke. Euskarak, jatorriz, euskaldun edo euskaradun egiten gaitu baina, herri honetan, zoritxarrez, badirudi garrantzitsuagoa dela abertzale izatea euskalduna baino. Hobeto baloratu izan ohi da euskaradun izan gabe abertzale sentitzen dena euskaradun izanda abertzale sentitzen ez dena baino. Hori arazo handia da abertzaletasuna eta hizkuntza nahastu direlako eta gauza guztiz desberdinak dira. Historikoki, euskal nazionalismoak lehentasuna eman dio boto politikoari hizkuntzari baino, baina, aldi berean, euskal nazionalismoa izan da euskararen bermea ere.
Aberri edo nazio eta hizkuntzen arteko harreman hori ezinbestekoa da?
Bai, ezinbestekoa da gizakiok harreman edo lotura kolektiboen beharra dugulako. Gizakia gizataldeetan hazten da eta talde horiek, barne elkartasuna suspertzeko, historikoki, kultura, hizkuntza eta erlijioa izan dute lagun. Azken mendeetan, berriz, nazioa ere lagun izan dute.
Zein nolako hizkuntza politika garatu beharko litzateke estatuan diren hizkuntza gutxiagotuak gaztelaniaren kontrakoak ez direla ulertzera emateko?
Lehenik eta behin Estatuan diren hizkuntza guztien ofizialtasuna bermatu beharko litzateke. Baina Estatuaren kasuan, hizkuntza arazoaz gain, bada identitate eta nazio arazo bat. Galderan planteatzen den egoera horretara iristeko, soilik espainiar diren horiei azaldu beharko zaie Espainia estatu plurinazionala dela, ez nazio bakarra. Hori onartuko balitz, seguruenik, ez lirateke hizkuntza gutxiagotuak mehatxutzat hartuko. Paradoxikoki, hizkuntza gutxiagotuek nahikoa beldurra eragiten diete Estatu eta hizkuntza nagusiei.