Argitaratu berri duzuen azterlan baten arabera, nahikotxo dira Euskadin nahigabeko bakardadea sentitzen dutela adierazten duten pertsonak. Kontzeptuak argitzearren, azaldu ahal diguzu zer den nahi gabeko bakardadea?
Printzipioz, nahi ez dugun bakardadea daukagun gizarte-sarearen eta izan nahiko genukeenaren artean den aldea edo desadostasuna bezala ulertu behar da. Kontua ez da pertsona kopuru handiago edo txikiago batekin bizitzea. Alde horretatik, bi alderdi bereiztea komeni da. Alde batetik, erreferentziazko pertsonarik edo inguruan pertsonarik ez izatea. Eta, bestalde, bakardadea beste pertsona batzuekin ez bizitzearekin nahasten da askotan. Izan ere, bakardade-sentimendua ez dago ezinbestean bakarrik bizitzeari lotuta. Esan dudan bezala, bakardade-sentimenduak dugunaren eta nahi dugunaren arteko aldeari egiten dio erreferentzia. Eta sentimendu horrek zuzeneko eragina du osasunean, batez ere, osasun mentalean.
Azterlanean azaltzen duzuenez, adinekoei ez ezik, sentimendu horrek heldu gazteen artean ere prebalentzia esanguratsua du. Zeintzuk lirateke, gazteen kasuan, horrelako sentimenduak garatzeko arrazoi nagusiak?
Badira nahi gabeko bakardadearekin harremana duten hainbat ezaugarri soziodemografiko; besteak beste, sexua, egoera zibila eta adina. Nazioarte mailan egin diren zenbait ikerketak erakusten dute bakardade-sentimenduak ohikoagoak direla adineko pertsonen artean, nahiz eta horiek U formako banaketa ere erakusten duten. Hau da, adin nagusikoen artean ez ezik, nerabeen artean ere ohikoa da horrelako sentimenduak aurkitzea.
Gure kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den 25 urtetik gorako biztanlerian nahi gabeko bakardadearen arazoak duen eragina aztertu dugu. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Osasun Inkestako datuetan oinarritu gara. Eta egiaztatu ahal izan dugunez, adin nagusiko pertsonei ez ezik, nahi gabeko bakardadeak adin-talde gazteenei ere eragiten die, kasu honetan, 25 eta 44 urte bitarteko pertsonei.
Nola edo hala, adineko pertsonen bakardadea normalizatuta dago; gizartean onartuta dago adineko pertsona bat bakarrik sentitzea. Baina gazteen kasuan, ez. Gazteen bakardade-sentimendu hori desestigmatizatu beharko litzateke.
Pertsona horiek bakardade-sentimendu hori garatzeko arrazoiak desberdinak izan daitezke, eta aldatu egiten dira pertsona batek bizi duen etaparen arabera. Azterlanean ez dugu arrazoi horietan sakondu, baina beste azterlan batzuen arabera, heldu gazteen kasuan sentimendu hori gizarte estandarretara ez egokitzearen ondorioa izan daiteke. Alegia, pertsona horren errealitate sozialaren eta gizarte bezala pertsona horretatik espero denaren arteko aldearen ondorioz litzateke. Adibidez, 30 urte baino gehiago dituzten pertsonen kasuan bikotekidea eta nolabaiteko lan-egonkortasuna izatea espero da eta horiek betetzen ez badira horrelako sentimendua garatzeko arriskua legoke.
Eta emakumeen artean ere sentimendu hori gizonen artean baino gehiago azaltzen da…
Bai, hala da. Erabili ditugun datuen arabera, gizonen % 23,3k eta emakumeen % 29,7k nahi gabeko bakardade-sentimenduak azaldu dituzte. Horiek inkesten bidez lortutako datuak dira, baina ez dago guztiz argi prebalentzia hori benetan handiagoa den emakumeen artean gizonen artean baino. Izan ere, posible litzateke prebalentzia hori azaltzea emakumeek sentimendu hori modu “naturalagoan” onartzen dutelako. Ezin da ahaztu, genero-rolen ondorioz, emakumeek beren emozioak edo zailtasun emozionalak erakusteko joera handiagoa dutela. Horrek ez dio baliorik kentzen neurketari, baina egia da, halaber, gizonek rol publikoagoa izaten dutela eta horrek bizitza sozialagoa izateko aukera ere ematen die. Emakumeen kasuan, batez ere adin jakin batzuetatik aurrera, ohikoagoa izaten da etxeko bizitza, seme-alaben edo adin handiko senideen zaintzari arreta handiagoa jarriz.
Nahi gabeko bakardadean eragiten duen beste aldagai bat klase sozialarena da…
Azterlanean egiaztatu dugu bakardade-sentimendu hori handiagoa dela gizarte-klase apalenetan edo ahulenetan klase dirudun edo aberatsetan baino. Aldagai sozioekonomikoa garrantzitsua izaten da hainbat alderditan, hala nola osasunean eta osasun-mentalean. Baliabiderik gabeko pertsonen osasun-maila, oro har, baliabide gehien dituzten pertsonena baino txikiagoa izaten da.
Zeintzuk lirateke nahi gabeko bakardadeak eragiten dituen ondorio nagusiak. Azterlanean azpimarratzen duzuenez sentimendu horrek zuzeneko eragina du osasunean.
Bakarrik sentitzea osasun orokor eta mental txarragoarekin lotuta dago. Azken urteotan, zenbait ikerketak nahi gabeko bakardadeak osasunean duen eragina aztertu dute. Horien arabera, bakardadeak zerikusia du osasun-egoera orokor okerragoarekin, heriotza-tasa handiagoarekin, hipertentsioa eta gaixotasun koronarioak izateko arrisku handiagoarekin, buru-osasuneko arazoekin (depresioa eta suizidioa), bai eta osasunerako kaltegarriak diren portaerak izateko aukera handiagoarekin ere (tabakoaren kontsumo handiagoa edo jarduera fisiko gutxiago edo obesitate-maila handiagoa).
Pandemia, konfinamendua eta azken aste hauetan ezarri diren murrizketak direla eta, logikoa da bakardade-sentimendu hori duten pertsonen kopurua handitu dela pentsatzea.
Gure azterketan ikusi dugunez, bakarrik sentitzen diren 25 eta 44 urte bitarteko pertsonek bakarrik sentitzen ez direnek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte osasun orokor txarra izateko. Datuek erakusten dute, halaber, nahi gabeko bakardadeak eragin negatiboagoa duela emakumeen osasunean gizonen osasunean baino.
Zer egin daiteke horrelako sentimendua murrizteko? Hau da, zer egin daiteke ahalik eta pertsona gutxien bakarrik sentitzeko?
Bakardadearen arazoa, batez ere, oso adineko pertsonekin lotzen da, baina ez horrenbeste gazteekin. Izan ere, horri buruz egiten diren esku-hartze gehienak pertsona horiei zuzenduta daude. Gazteen kasuan, bakardadea ikusezin bihurtu den fenomenoa da.
Nola edo hala, adineko pertsonen bakardadea normalizatuta dago; gizartean onartuta dago adineko pertsona bat bakarrik sentitzea. Baina gazteen kasuan, ez. Nire ustez, gazteen bakardade-sentimendu hori desestigmatizatu beharko litzateke. Horrek lagunduko luke orain, seguru asko, isilpean sufritzen diren sentimendu horiek azaleratzen. Gazteen bakardadeari lotutako gizarte-estigmak ez du arazo hori aintzat hartzea ahalbidetzen.
Azkenik, nahi ez den bakardadea sentitzen duten pertsonei zuzendutako esku-hartze planak ez zaizkie pertsona helduenei bakarrik zuzendu behar, eta gazteak eta faktore sozioekonomikoak ere aintzat hartu beharko lituzkete.
Azterlanean erabili dituzuen datuak konfinamenduaren aurrekoak dira. Garbi dago itxialdiak modu nabarmenean eragin ahal izan duela arazo horretan…
Bai, hala da. Pandemia, konfinamendua eta azken aste hauetan ezarri diren murrizketak direla eta, logikoa da bakardade-sentimendu hori duten pertsonen kopurua handitu dela pentsatzea. Ildo horretatik, garrantzitsua litzateke horrelako neurriek osasunaren beste alderdi batzuetan (bakardadearen gaian, adibidez) duten eragina aztertzea.