Zabalik da aurtengo Auzolandegiak gazte-boluntariotza programan izena emateko aukera. Programa horrek jatorri ezberdineko gazteei euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko aukera ematen die. Egonaldiak 2 eta 4 aste bitartekoak izaten dira. Izena emateko epea apirilaren 26an amaituko da.
Aurtengo programan parte hartu nahi duten gazteek izena eman ahal dute telematikoki Gazteaukera atariaren bidez. Hautagaitza osatzeko ezinbestekoa da B@kQ identifikazio elektronikoa izatea. Programan parte hartu ahal dute Euskal Autonomia erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteek. Auzolandegi bakoitzak adin-talde bat du ezarrita; Euskadin bertan izango diren auzolandegien kasuan, 14 eta 26 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute.
Nazioarteko auzolandegietan parte hartzeko, hots, beste herrialdeetako gazteekin esperientzia partekatzeko aukera izateko, ezinbestekoa da ingeles maila egokia izatea. Gainera, kontuan izan behar da auzolandegiaren arabera hizkuntza nagusia ingelesa ez den beste bat izan daitekeela, adibidez, alemana edo frantsesa.