Zabalik da Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2025 programarako deialdia

Ekimenak aukera emango die 100 gazteri, hiru hilabetez, nazioarteko lankidetza-proiektuetan parte hartzeko Amerikan, Asian eta Afrikan

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta eLankidetzak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren edizio berri bat jarri dute martxan. 2025ekoa programen XXXI. edizioa izango da. Ohi bezala, 100 euskal gazteri aukera emango die nazioarteko lankidetza-proiektuetan hiru hilabetez parte hartzeko.

Programa EAEn bizi diren 22-30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta interesdunek otsailaren 17ra arte izango dute bere hautagaitzak aurkezteko aukera. Horretarako, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunera jo beharko dute.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan

Programak 300.000 euroko aurrekontua du, helmugako herrialdeetan bidaia-gastuak eta sarrera-bisak estaltzeko.

Hautatutako parte-hartzaileek hainbat lanbide-eremutan garatu ahal izango dute beren lana, besteak beste, hezkuntza, gizarte-lana, psikologia, medikuntza edo ingeniaritza. Jarduerak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKEak) lankidetzan burutuko dira Amerikako, Asiako eta Afrikako herrialdeetan, gazteei lankidetza-ekintzen eragina zuzenean ezagutzeko aukera emanez.

Aurreko edizioan, 67 gaztek parte hartu zuten Amerikako eta Afrikako bederatzi herrialdetan banatutako 22 proiektutan.

1993an sortu zenetik, programak 2.500 gazte baino gehiagoren parte-hartzea eta 100 GGKE euskaldun eta nazioarteko baino gehiagoren lankidetza izan du.

Paraleloan, gazteek beren proiektuetan parte hartzeko dirulaguntzak jaso nahi dituzten lankidetza-erakundeek abenduaren 27tik urtarrilaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Programa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren bidez, eLankidetzarekin lankidetzan.

Interesdunek informazio gehiago lor dezakete www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean, gazteria-lankidetza@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 945 019 501 eta 945 019 536 telefonoetara deituz.

Advertisements