Zabalik da Euskaraldian izena emateko epea

Irailaren 24tik hizkuntza ohiturak astintzea helburu duen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioan izena emateko epea zabalik da. Aurtengo edizioa azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko da eta, duela bi urte bezala, parte-hartzaileek ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratu ahal izango dute. Ahobizi rola aukeratzen dutenek 15 egunez euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egingo dute eta euskaraz  ulertzen ez duten horiekin, berriz, lehenengo hitza euskaraz izango da. Belarripresten kasuan, euskaraz aritzeko eskatzen duten pertsonak izango dira, baina gaitasun faltagatik edo ezin izango dute uneoro euskaraz aritu.

Pandemiaren eragina

Gasteizen egindako agerraldian, Euskaraldiko koordinatzaileek eta erakunde publikoko ordezkariek Covid-19 pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu dute. Izan ere, pandemiaren ondorioz izan den berrogeialdiak herriz-herri antolatu diren batzordeen lana mugatu du. Hala ere, aurreko edizioan izena eman zuten herrien kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek; 412 eta 405, hurrenez hurren.

Pandemiak herrietan sortu diren batzordeen lana oztopatu duen arren, edizio honetan izena eman duten herrien kopurua lehenengo ediziokoa baino handiagoa da

Ariguneak

Bigarren edizio honetako berrikuntzarik nabarmenetako bat Ariguneak dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan (barne ariguneak) edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean (kanpo ariguneak). Talde horietako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.