Zabalik da Gaztemundu 2024 programarako deialdia

Euskal Etxeetako gazteek Euskadin egonaldi bat egitea da Gaztemundu programaren xede nagusia

1996an sortutako Gaztemundu programaren helburua da Euskal Diasporako gazteak Euskadiko kulturaren eta gizartearen hainbat arlotan trebatzea. Aurten, euskal dantza tradizionala izango da aukeratutako gaia, dantza horien irakaskuntzan parte hartzen dutenei munduko euskal etxeetan ezagutza hori transmititzeko aukera emateko.

2024ko edizioa irailaren 15etik 29ra egingo da, eta 18 eta 35 urte bitarteko 15 gaztek parte hartuko dute. Euskal Etxeek modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan dauden inprimakiak eta ereduak erabiliz eta plataforma horretan ezarritako jarraibideei jarraituz.

Hautagaitzak aurkezteko eta ondorengo izapide guztiak egiteko, parte-hartzaileek BAK doako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistema erabili beharko dute.

Gaztemundu Basque Country Estrategian sartzen da. Estrategia horren helburua da Euskadiren irudia kanpoan proiektatzea eta belaunaldi berriak euskal etxeen bizitza aktiboan integratzea sustatzea. Sortu zenetik, 1.000 gazte inguruk parte hartu dute programa honetan, eta Euskadiren eta euskal diasporaren arteko loturak indartzen lagundu dute, kultura- eta prestakuntza-truke baten bidez.