Zabalik DiscoverEU programan izena emateko epea

DiscoverEUren bidez Europatik bidaiatu nahi duten 18 urteko gazteek bere eskaera egin ahal dute apirilaren 7tik 21era bitartean

DiscoverEU Europar Batasunak garatzen duen programa bat da eta horri esker, 18 urteko gazteek Europatik zehar bidaiatu dezakete. Programaren xedea da gazteen artean Europar Batasuneko kide izatearen ideia sustatzea. Bidaia horiei esker, gazteek europar dibertsitatea, kultura ondarea eta historia ezagutu dezakete eta, aldi berean, kontinente osoko pertsonekin harremanak izateko aukera dute.

Apirilaren amaieran Europako Batzordeak eta Europako Hezkuntza eta Kultura Agentzia Betearazleak (EACEA) eskatzen diren irizpideak betetzen dituzten 35. 000 gazte hautatuko dituzte. Programan parte hartu nahi duten gazteek Gazteriaren Europar Atariaren bidez izena eman ahal dute apirilaren 7tik 21era bitartean.

Bidaiak

Hautatuak diren gazteek bidaiatzeko txartelak jasoko dituzte, normalean, trenez bidaiatzeko txartelak. Horiei esker, Europatik zehar bidaiatu ahal izango dute 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean, baina bakarrik hilabete batez.

Programan parte hartu nahi duten gazteek 18 urte beteta izan beharko dituzte 2022ko uztailaren 1ean. Hau da, 2003. urteko uztailaren 1etik 2004. urteko ekainaren 30era bitartean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute aurtengo edizioan. Europar Batasuneko estatu kideren bateko hiritartasuna edo egoitza legala duten aipatu adineko gazte guztiek parte hartu ahal izango dute. Erasmus+ programan parte hartzen duten EB kanpoko herrialdeetako gazteek ere parte hartu ahal izango dute. Horien artean aurkitzen dira, adibidez, Islandia, Norvegia, Liechtenstein, Serbia, Iparraldeko Mazedonia eta Turkia.

Era berean, izena ematerakoan, hautagaiek europar historiari eta kulturari buruzko sei galdera erantzun beharko dituzte. Europako Batzordeko funtzionarioek erantzunak berrikusiko dituzte eta hortik aterako dira aurtengo ediziorako hautatuak.

2022. urtea Gazteriaren Europar Urtea da. DiscoverEU programa Erasmus+ programaren barruan egikaritzen da eta 29 milioi euroko aurrekontua du. Txartelen kopurua aurreko urteetan baino handiagoa izango da. Gainera, aurten Europar Batasunaren barruan ez diren zenbait estatu bisitatzeko aukera ere izango da.