Europar Batasuneko herrialde guztietako bigarren hezkuntzako ikastetxeek urtero Europako Batzordeak antolatzen duen Juvenes Translatores itzulpen-lehiaketan izena emateko aukera dute. Ikastetxeek izen-ematea online egin ahal izango dute, beren ikasleek Europako beste herrialde batzuetako ikasleekin lehia dezaten. Aurtengo edizioan, ikasle gazteek itzuliko dituzten testuen gaia honako hau izango da: “Abian: etorkizun ekologikoago baterantz”.
Johannes Hahn Aurrekontu eta Administrazio komisarioaren hitzetan, “lehiaketaren helburua da gazteak itzultzaile karreraz interesatzera bultzatzea eta, oro har, hizkuntzen ikaskuntza sustatzea. Gaia bat dator Europar Batasunaren lehentasun politiko garrantzitsuenetako batekin, Itun Berdearekin, alegia, eta, gainera, interes berezia du belaunaldi gazteenentzat. Gai interesgarri hori jorratzeaz gain, lehiaketaren helburua ere bada hizkuntzekiko maitasuna duten hainbat herrialdetako gazteak bildu, animatu eta pertsonen eta kulturen arteko oztopoak gainditzen laguntzea. Elkarrekin komunikatzeko eta elkar ulertzeko gaitasuna, gure ezberdintasunak alde batera utzita, funtsezkoa da Batasunak aurrera egin dezan”.
Batasuneko hizkuntza ofizialak bakarrik
Parte-hartzaileek Batasuneko 24 hizkuntza ofizialen artean edozein hizkuntza pare aukeratu ahal izango dute (552 hizkuntza konbinazio daude aukeran). Iazko lehiaketan, adibidez, 150 konbinazio erabili ziren.
Izena emateko epea zabalik izango da datorren urriaren 20ra arte. Izena eman duten ikastetxe guztietatik, Batzordeak 705 ikastetxe gonbidatuko ditu hurrengo etapan parte hartzera. Herrialde bakoitzean parte hartzen duten ikastetxeen kopurua Europako Parlamentuko eserlekuen kopuruaren araberakoa izango da, eta ikastetxeak zozketa elektronikoaren bidez aukeratuko dira ausaz.
Hautatutako ikastetxeek bi eta bost ikasle bitarte izendatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko. Ikasleak edozein nazionalitatekoak izan daitezke, baina parte-hartzaile guztiak 2004an jaioak izan beharko dira.
Lehiaketa 2021eko azaroaren 25ean eginen da, online. Herrialde bakoitzeko irabazle bat izango da. Irabazleen izenak 2022ko otsailaren hasieran emango dira ezagutzera. Osasun egoerak horretarako aukera emango balu, 2022ko udaberrian sari banaketa ekitaldia burutuko da Bruselan. Bertan, Europako Batzordeko itzultzaile profesionalekin biltzeko eta lanbideari eta hizkuntzekin lan egiteko esperientziari buruzko informazio gehiago eskuratzeko aukera izango dute irabazleek.